Epaiketa oinarri, antzezlana orain

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko aza. 6a, 10:04

Aurreko astean Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten Altsasu antzezlanaren une bat. Argazkia: La Dramatica Errante.

"Hiru egun oso politak izan dira guretzako; hemen etxean, gainera. Oso intentsuak. Publikoa eserlekuetatik altxatuta bukatu ditugu hiru emanaldiak. Oso pozik eta hunkituta atera gara lantalde osoa", kontatu du La Dramatica Errante konpainiako kide eta Altsasu antzezlaneko zuzendari Maria Goirizelaiak, aurreko asteburuan Bilboko Arriaga antzokian egin zuten estreinaldiari buruz.

Amaia antzokian eskainiko dute bihar, domeka, 19:30ean. Sarrerak Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan eros daitezke, hamar eurotan.

"Fikzioa da"

Argi utzi gura dute hori. "2016an Altsasuko Koxka tabernan bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrak eta ondoren etorri ziren atxiloketak eta epaiketa dira istorioaren oinarria, baina fikzio bat sortu dugu. Egia da 350 orri dituen ahozko epaiketaren transkripzioa izan dela gidoia idazteko abiapuntua, baina hainbat lizentzia hartu eta moldaketa batzuk egin ditugu, kontakizuna sinesgarriagoa izateko asmoz. Adibidez, Inauteri egunean kokatu dugu gertaera, kartzelan dauden gazteek euren familiakoekin eta lagunekin dituzten elkarrizketa batzuk ere sortu ditugu, eta guardia zibilen eta euren bikotekideen arteko maitasun istorioak ere gaineratu ditugu", dio zuzendariak.

Antzezlana egiteko gogoa eta asmoa Espainian erreferente den Nuevo Teatro Fronterizo antzerki laborategiaren Cicatrizar proiekturen barnean sortu zela azaldu du Goirizelaiak. "Nazioarteko proiektu horretan Euskal Herriko zauriei buruz jarduteko gai aproposa iruditu zitzaidan Altsasuko gertaera. Antzerkiaren bidez memorian esploratzeko nahia eta bizikidetza bultzatzeko baliagarria delakoan gaude".

Urtebete inguru ibili zen Goirizelaia informazioa eta dokumentazioa biltzen, ahozko epaiketaren transkripzioa aztertzen, liburuetan eta bestelako argitalpenetan eta ikus-entzunezkoetan arakatzen, eta horiekin guztiekin osatu zuen dramaturgia osoa. "Behin gidoia idatzita, La Dramatica Errante konpainiako bazkide dudan Ane eta biok aurrera egitea erabaki genuen; hala, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza batzuetara aurkeztu, eta testuaren idazketarako eta ikuskizunerako laguntza jaso genuen. Hilabeteetako lana izan da".

Lau aktore parez pare

Egoitz Sanchez, Nagore Gonzalez, Ane Pikaza eta Bergarako Aitor Borobia aktoreak daude taularen gainean, eta hogei pertsonaia antzezten dituzte. "Aktoreen lana da, duda barik, antzezlanaren muina. Ez nuen zalantzarik izan lau horiek aukeratzeko orduan. Laurekin egin dut aurrez lan, La Dramatica Errante konpainiaren bueltan osatutako familiakoak dira; hortaz, erraza izan zen talde artistiko egitea. Ane bazkidearekin lan asko egiten ditut, eta asko miresten dut. Eta beste hirurak ere aproposak iruditu zitzaizkidan pertsonaia horietarako, elkar ondo ezagutzen eta ulertzen dugulako".

Apenas dago dekoraturik, eskegitako lanpara bat eta sei aulki besterik ez. "Eider Ibarrondo eta Isabel Acostak diseinatutako eszenografia oso minimalista da. Argiztapenak eta musikak, baina, pisu handia dute. Adrian Garcia de los Ojosek sortu du musika; gure sustraiekin lotutako doinuak sartzea nahi nuen, eta, hortaz, guztiok ezagutzen ditugun kantuen bertsioak entzungo dituzue. Ibon Agirrerekin batera soinu-atmosfera polita sortu dute, oso gureak diren soinuekin jolastuta".

Bi bertsio elebidun

Euskarazko eta gaztelerazko bertsioak ditu antzezlanak, nahiz eta bi hizkuntzak erabiltzen dituzten bietan. Honela azaldu du euskarazko itzulpena egin duen Aretxabaletako Kepa Errasti aktoreak: "Bi hizkuntzak erabiltzeak kontatzen den horri konsistentzia ematen ziola iruditu zitzaidan; era berean, bi munduren isla edo adierazle ere bada. Guardia zibilek, epaileak eta fiskalak gazteleraz egiten dute antzerkiaren bi bertsioetan, sinesgarriagoa iruditu zitzaidan, eta, bestetik, gaztelerazko bertsioan ere euskarazko pasarte batzuk sartu ditut, eta osatuago geratu delakoan nago".

Azaleratzeko gaiak

Antzerkia entretenitzeko edo ondo pasatzeko izateaz gainera, hausnarketak bultzatzeko tresna baliagarritzat dute Goirizelaiak eta Borobiak. "Uste dut antzerkiak galderak egin eta pentsarazi egin behar duela. Hainbat helburu genituen; pentsaraztea, horien artean. Egia da Altsasu ikustera datozen askok gaiarekiko aurreiritzi bat dutela, baina justiziak nola funtzionatu duen, zein den, orokorrean, justiziaren esanahia, eta zelan amaitu den oso mediotikoa izan den epaiketa batean hori guztiari buruz hausnartzea izan da hasieratik dugun asmoa. Eta, era berean, zigorra zelako desproportzionala izan den salatzea", dio zuzendariak, eta zera gaineratu du Bergarako aktoreak: "Gizarte hobea izateko baliagarria da antzerkia, eta kultura adierazpen guztiak, orokorrean, eta Arriagako emanaldien ondoren ikusi dugu berba egiteko eta eztabaidatzeko gogo handiz ateratzen direla ikusleak aretotik".

Altsasuko auzia, baina, beste hainbat ikus-entzunezkoren gaia ere izan da aurrez; besteak beste, Asier Urbietak zuzendu zuen eta Euskal telebistan iazko abenduan estreinatu zuten telesaila. Aitor Borobiak ere parte hartu zuen, Koxkako tabernariaren rolean orduan. Urko Fernandez de Bikuña auzipetutako gaztearen azalean sartu zen, berriz, Osintxuko Jon Olivares aktorea. "Beharrezkoa iruditzen zait niri ere gizartean pil-pilean dauden gaiak azaleratzea kultur adierazpen ezberdinen bidez. Ez nuen Arriagara joateko aukerarik izan, eta Arrasateko emanaldira joateko aukerarik ere ez dut izango, Madrilen nagoelako orain lanean, baina oso presente izan dut antzezlana sortzeko prozesu osoa, ezagutzen ditut-eta lantaldekoak, eta badakit mimo eta kontu handiz landu dutela. Aitor Borobia, herrikoa eta gremio berekoa izanik, aspalditik ezagutzen dut, eta orain dela urte batzuk elkarrekin antzezlan bat egin genuen. Asko estimatzen dut Borobia, eta seguru nago primeran egingo dutela. Ez dut ikusteko aukera galduko eta jendeari ere ikusteko gomendatuko nioke; Euskal Herrian dagoen kultura ekoizpen handi eta onaren beste erakusle bat dela uste dut".

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak