La Dramatica Errante konpainiak etzi, domeka, eskainiko duen Altsasu antzezlaneko aktoreetako bat da Aitor Borobia.
Estreinaldiko urduritasunak gaindituta, zer moduz zaude?
Lasaiago bai, nahiz eta nerbio puntu hori beti egoten den, eta, are gehiago, honako hau bezala, antzerki konplexua izanda. Hala ere, sentsazio oso onak ditugu. Arriagan publikoak ikaragarri ondo erantzun zuen eta oso kritika onak jaso ditugu, orokorrean. Aktoreen lana da muina.
Zein pertsonaia antzezten dituzu?
Fikzio bat dela azpimarratu nahiko nuke, nahiz eta Altsasuko kasua oinarri duen. Bost pertsonaia egiten ditut: Altsasuko gazte bat, guardia zibil bat, aita bat, tabernari bat eta lekuko bat.
Bereziki gustuko duzu pertsonaietako bat?
Ez dakit, denak dira politak. Egia da gaztearekin, tabernariarekin edo lekukoarekin, adibidez, nire pertsona gertuago dagoela eta, bestalde, zailagoa egiten zaidala guardia zibilaren paperean sartzea, baina xarma berezia du rol horrek, ahalegin handiagoa eskatzen didalako pertsonaia sortzeko orduan.
Aktoreek akituta bukatuko duzue emanaldia, ezta?
Bai, hala da; ordu eta berrogei minutu ditu eta ez gara agertokitik ateratzen, une oro bertan gaude, pertsonaia eta arropa aldaketak publikoaren bistara egiten ditugu. Uste dut antzerki arloan egin dudan lanik konplexuena dela, kontzentrazio handia eskatzen du.
Zer da aktore batendako bizirik dagoen gertakari bat antzeztea, errespetu handia?
Errespetua, eta ez bakarrik hori, istorioa ahalik eta fidelen eta egiarekin ahalik eta estuen kontatzen saiatu gara.
Maria Goirizelaiarekin lan asko egin dituzula kontuan hartuta, samur eman zenion lan honetarako baiezkoa?
Mariak beti dauka nire baietza. Oso konprometitua da bere lanarekin eta kalitateko lanak egiten ditu. Besteak beste, Lorcaren Yerma obraren moldaketa eta Ama kuraia izenekoa egin ditut harekin. Oso erraza da berarekin lan egitea, oso erraz jartzen ditu gauzak, eta ondo moldatzen gara. Talde-lana bultzatzen du, familia giroa sortuz horrela.
Eta zer diozu taularen gainean lagun dituzunei buruz?
Ane eta Maria La Dramatica Erranteko bazkideak direnez, askotan egin dut Anerekin lan. Arri, orri, ar ikuskizuna egin nuen Nagorerekin eta Egoitzekin estreinakoz partekatu dut oholtza. Madrilen bizi da orain, eta hainbat antzezlanetan bere ordezkoa izaten naiz.
Altsasu-z gainera, ze proiektu gehiago dituzu esku artean?
Hainbat konpainiarekin ibiltzen naiz aldi berean. Bakarrizketa estiloko Piskolabis komedia musikatua ere antzezten ari naiz, Ibon Belandia eta Maria Urzelai bergararrarekin.
Zure konpainia, Lastima Teatro, ere baduzu. Zertan da?
Albo batera utzita ditut lan horiek, ez dut-eta denerako astirik. Arimaktore izeneko areto txiki bat ere badugu, Barakaldon.
Orain dela hogei urte bizi zara Bilbon; Bergarara etortzeko ohiturarik baduzu?
Domekan familiari bisita egin nahiko nioke, baina autoan elkarrekin joaten gara taldekideak, eta zaila dut Bergaran geldialdia egiteko, baina espero dut Amaia antzokiko emanaldian izango direla familiakoak eta lagunak Bide batez, animatu zaitezte zuek ere, ez zarete esku hutsik aterako.