ORMAETXEA. Kooperatibismoa, bizitza osoaren ardatz solasaldi-biografia aurkeztu dute asteon liburuaren egileek, Mondragoneko buruek eta protagonistaren familiak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean eginiko prentsaurrekoan.
1956an kooperatibismoaren esperientziako lehen enpresa, Ulgor Tailerrak, martxan jarri zuen bost sortzaileetako bat izan zen Josemari Ormaetxea (Arrasate, 1927-2019). Arizmendiarrietaren ideiak errealitatean aplikatzeko lan egin zuen bere 60 urteko ibilbide profesional luzean. Laboral Kutxa, Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan, Lagun Aro eta Alecoop kooperatiben inspiratzailea izan zen, liburuaren idazleek azaldu dutenez, "utopian sinisteagatik". Enpresagintzan ardura postuak bete zituen, hala nola Ulgorren gerente, Euskadiko Kutxako zuzendari eta Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakari izan zen.
Beragatik gutxi idatzi zelakoan, elkarrizketa batzuk egiteko eskaera egin zioten Armin Isastik eta Isabel Uribek, baina, hasiera batean, Ormaetxearen ezezkoa jaso zuten: "Bere izaeraren erakusle". Iritzi aldaketan haren emazte Maite Zeziagaren eragina funtsezkoa izan zela nabarmendu dute Isastik eta Uribek. Ondorioz, hamabost aldiz batu ziren berarekin, 60 orduko grabaketak egiteraino: "89 urte zeuzkan, baina oso argia zen; asko ikasi dugu bere lan eta bizi ikuspegiak entzuten".
Geroarekin "arduratsu"
Etorkizunarekiko begirada kritiko eta freskoa zeukala nabarmendu dute. Isastik gogoratu du 60ko hamarkadan kooperatiban lan egiten zuenean zein zen orduan errepikatzen zien esaldia: "Bihar, egun hobea izango da". Eguneroko bizitzak dauzkan beharren "ikaslea" eta "sortzaile nekaezina" zela nabarmendu dute, baita kooperatiban erabaki zailak hartu behar izan zituela ere, "helburu kolektiboa pertsonalaren gainetik jarriz beti". Gainera, "esperantza sozializatzearen alde" lan egin zuen, eta liderrek "munduaren ulerkera globala" izan behar zutela zioen.
Memoria egiteko "beharra"
Isastik nabarmendu du Arizmendiarrieta 1941ean heldu zenetik hamabost urtera sortu zituztela Ulgor Tailerrak, lehen esperientzia kooperatiboa: "Tarte hartan, Ormaetxea eta beste langile asko formatzen ibili zen. Jendeak ofizioa zeukan orduan, eskuekin lan egiten zekien, baina ideia kooperatiboak jaso zituzten, bereziki".
"Pasioz" idatzitako biografia
Aurkeztu berri duten liburuak Mondragon kooperatibaren esperientzia "datuekin ez ezik, bidaia pertsonal baten bitartez" kontatzen duela nabarmendu du Amalia Ormaetxeak, protagonistaren alaba gazteenak. Irakurterraza dela gaineratu du, "mimo eta dedikazio handiz idatzita dagoelako". Horregatik eman dizkie eskerrak bi idazleei: "Nire aitak gustura asko irakurriko zukeen".
Isabel Uribek, berriz, irakurlea "bizi proiektu bat abiatu nahi duen edozein" izan daitekeela eman du aditzera: "Galdera asko planteatzen ditu: Prest al gaude bizitza aukera bat bezala ulertzeko? Arduradun sentitzen al gara inguruan gertatzen diren injustizien aurrean? Halako auziak beti zeuden presente Ormaetxearen pentsamenduan, sentsibilitate handiko gizona zelako".