La Palma: batzuentzat ikuskizun hipnotiko eta besteentzat amesgaizto

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 29a, 13:18

Bailaratik 2.500 kilometrora dagoen uhartea urruti sentituko dute debagoiendar gehienek, baina gutxi batzuek han dute burua. Burua, bihotza eta batek, behintzat, etxea ere bai. La Palmako hondamendia gertutik bizi dute hainbat debagoiendarrek.

Sortzez Bergakoa den baina La Palman bizi den Mertxe Almeida une gogorrak bizi izaten ari da egunotan; maletak prest ditu jada, une batetik bestera, magmaren olatuak bere etxea erabat estal dezakeelako.

Goizeko hamarretan –bederatziak Kanariar uharteetan– egin dugu hitzordua elkarrizketa egiteko. "Lurrikarak ikaragarriak dira momentu honetan. Alabaren bila joan behar dut ikastetxera, eskolak bertan behera geratu direlako. Etxera iristean deituko dizut", erantzun dit. Azkenean, gaueko bederatzietan –hango zortziak– lortu dut Almeidarekin hitz egitea. "Ezinean gabiltza, ez dut mokadurik probatu ere egin egun osoan", esan dit, eta barkamena eskatu. Lasai hartzeko esan diot, eta alabak ere errieta egin dio, eskuan zuen ogitartekoa amaitu gabe hasi delako elkarrizketa egiten.

"Momentu honetan, ikaragarrizko dardara sumatzen dugu hemen; balkoiko leihoa ere ireki egin zait", esan du hasi orduko. Pare bat egunean seismo handiak dituztela azaldu du. Telebistan ezin da apreziatu zer den hura; Almeidak dioenez, imajinatu ere ezin dugu egin: "Pentsa une batetik bestera Debagoien osoa desagertu eta mendi tontorrak bakarrik ikusten direla". Irudiak ikaratu egin nau. "Hegazkinean joan eta une oro turbulentziak egongo balira bezala da", jarraitu du lurrikaren inguruan hitz egiten. Hala ere, "momentu beldurgarriena" gauean iristen dela azaldu du: "Egun bukaerarako, begietako hazkura itzela da, eta sufre usaina da nagusi. Gainera, itsasoaren ondoan egotea bezalakoa da labaren soinua, eta txakurrek batera egiten dute zaunka".

Herritarrak irlatik ihes egiten ari dira; magmak 2.000 eraikin suntsitu ditu dagoeneko.

Eguna argitzean, baina, egoera ez da askorik aldatzen: "Gerra baten gaudela ematen du. Jendea hara eta hona dabil: altzariekin, maletekin, bide ertzetan zain, negarrari ezin eutsita...". Bergararrak adierazi duenez, erupzioaren lehenengo egunetan hogei minutu izan zituzten herritarrek beren etxeak uzteko; orain, dena "hobeto programatuta" dagoela esan du. Nolanahi ere, "ezer gabe" geratzen ari da jendea eta laguntzak ez dira iristen erakundeen partetik.

Berriz esan du hedabideetan ez dela egoera "ondo" islatzen; oraingoan, gehitu du "alderdi humanoa" eta "pertsonek bizi duten krisia" ez dela inon ageri. "Ez da gura izan ikuspegi dramatikoegia eman", iritzi du.

Beste lurrikara bat; eta oraingoan, telefonoz ere igarri da dardara Almeidaren ahotsean.

Bergararra boluntarioa da Gurutze Gorrian: anbulantzia bat gidatzen du, ahal duen guztietan, eta, legeetan ere aditua denez, bizilagunei administrazio kontuekin laguntzen die. Hori guztia, bere lanorduetatik kanpo. Oro har, La Palmako herritarren elkartasuna "itzela" dela dio: "Etxebizitzak hutsik dituzten askok herritarrei utzi dizkiete. Azken finean, jendeak ezin du lanik egin eta Madrilgo Gobernutik eta erakundeetatik ez da dirurik iristen. Nolabait, aurrera egiteko bide bakarra elkarri laguntzea da". Horren beste adibide bat ere jarri du: "Txikienek ere janaria prestatzen laguntzeko borondatea erakutsi dute, baten baino gehiagotan. Halako egoerak helduek bezain erraz ulertzen dituzte".

Argazkia: Mertxe Almeida

Kirolari lotutako beste irabazi asmorik gabeko elkarte baten ere parte hartzen du Almeidak (Tierra Bonita), eta, besteak beste, Tolosako enpresa baten egin dituzten kamisetak eta bizikletan ibiltzeko maillotak saltzen ari dira. "Diru dezente ari gara jasotzen, eta dagoeneko hasi gara erabiltzen; errautsa kentzeko makinak erosi ditugu eta garraiolari bat kontratatu dugu, kamioiarekin herritarrak lagun ditzan", azaldu du. Bihar, bilera bat egingo dute elkarteko kideek, eta "lehentasunen araberako zerrenda bat" prestatzea da asmoa, jasotako dirua "modu egokian" kudeatzeko: "Dirua ematen duen jendeak dohaintza zertan gastatuko den ikustea nahi dugu; garden jokatu nahi dugu".

Herritar asko eta asko egoera "oso zailetan" daudela kontatzen jarraitu du: "Eskolara joan ezinda daude haur batzuk, ez dutelako materialik, eta ezer gabe geratu den jendeak janaria eta arropa apur bat du, baina ez gehiago. Garbigailuak edota koltxoiak eskatzen dituzte, baina, sinestezina eman dezakeen arren, gehienei lotsa ematen die eskean ibiltzeak". Bestetik, adineko jendea "etsituta" dagoela azaldu du: "Ez dute beraien bizitza beste inon irudikatzen; psikologikoki oso gaizki daude eta askok ez dute aurrera egiteko indarrik".

Herritarren egoera emozionalaz gain, alderdi ekonomikoak ere kezka eragiten du, eta lehen sektorera begira jarri da bergararra: "Batez ere, platanoen kontua entzuten da telebistan, baina hemen, arazo larriena abeltzainek dute. Animaliak galdu dituzte askok eta beste hainbatek ez dakite zer egin abereekin". Lursailak dituzten herritarrei lur horiek uzteko eskatzen ari dira Almeida eta Tierra Bonita elkarteko gainerako kideak; izan ere, orain, abereak "eremu itxi eta desegokietan" daudela diote.

Argazkia: Mertxe Almeida

Honen guztiarengatik eta gehiagorengatik, La Palmako herritarrentzat Cumbre Viejaren erupzioa ez da naturaren ikuskizun "eder" eta "hipnotiko" bat: "Hau ez da polita, hau amesgaizto bat da guretzat". Hausnarketarako gonbita egin nahi dute bertakoek, sumendiak erakarritako "turismo eredu jakin bat" sortu den garai honetan.

Mertxe Almeidak eta bere alabak badute beste bizitoki bat La Palman, labak haien egungo etxea irensten duenerako; baina Bergara ere badute buruan. "2011n joan ginen Bergarara eta handik 2016an itzuli ginen uhartera. Ekainera arte, behintzat, hemen, La Palman, geratzeko asmoa dugu"; hori esanez amaitu du bergararrak. Izan ere, alabak dagoeneko esan dio datorren ikasturtean batxilergoa Bergaran egin nahi duela.

Luzerako joango den laba-isuria

Cumbre Vieja sumendiak isuritako labak 900 hektarea eta 2.000 eraikin baino gehiago suntsitu ditu dagoeneko, eta, momentuz, erupzioak ez du atsedenik hartuko; hori diote adituen aurreikuspenek.

Martin Arriolabengoa Aramaioko geologoak azaldu duenez, hainbat dira amaiera "urruti" dagoela erakusten duten adierazleak; adibidez, lurrikarak: "Seismo dezente ari dira erregistratzen egunero; adibidez, eguaztenean, 12 orduan 138 izan ziren. Horiek murriztu ezean, erupzioa ez da etengo". Bestetik, kraterretik gertu laba-konkor bat irten berri dela esan du Arriolabengoak: "Momenturen batean, gainazalera irtengo da sumendiaren ahoan pilatutako magma hori".

Bi adierazle horiez gain beste hainbat daudela aipatu du geologo aramaioarrak; esate baterako, gasen isuria.

Uhartetik, "barrenak mugituta"

Oso bestelako testuinguruan bada ere, beste debagoiendar bat La Palmatik iritsi berri da duela pare bat egun. Autobusean, Bergarara iristen ari zela, telefonoz hitz egin genuen. Iñigo Lete aretxabaletarrak eta bere lagun Josu Otxaran gasteiztarrak mendiko ibilbide luzeak egiten dituzte, GR izenekoak. Iaz, Menorcan izan ziren, eta aurten, Cumbre Vieja sumendia erupzioan sartu baino sei hilabete lehenago, La Palmara joan eta hango ibilaldiak egitea erabaki zuten. Hegaldiak eten baino egun bat aurretik iritsi ziren uhartera; hilaren 15ean, hain zuzen ere.

"Hasierako planteamendutik bi martxa kendu zizkiguten, sumendiaren inguruan zirelako, eta horien ordez beste bi egin ditugu. Ibilaldi guztietatik ikusten genuen sumendia, eta baita botatzen zuen kea ere", azpimarratu du, bere ibilaldiei buruz galdetuta. Errauts beltz eta sendoak erabat estaltzen zituela azaldu du, eta maskarak erabiltzea garrantzitsua dela; partikula horiek arnastea arriskutsua baita.

Uhartekoei buruz galdetuta, "lur-jota" ikusi dituztela kontatu du: "Negargarria da dena, eta oraindik ez da bukatu". Ibilaldirik ez zuten egunetan bertakoekin hitz egiteko aukera izan zuten, baita nekazariekin ere. "Ikaragarria da; ezinezkoa da haien lekuan jartzea", zioen Letek, "barrenak mugituta" zetorrela onartu bitartean.

Boluntario arrasatearra ere bai

Mikel Apraiz boluntario arrasatearra aurreko eguaztenean irten zen La Palma aldera eta eguenean, hilak 21, hasi zen han lanean. Zehazki, Gurutze Gorriak zabaldutako operatiboan laguntzeko joan da Apraiz beste gipuzkoar batekin batera, eta Larrialdietako Berehalako Erantzuna Emateko Taldean dabil.

150 boluntario batzen ditu operatiboak, eta askotariko lanak egiten dituzte, hala nola familiei beren gauzak ateratzen lagundu, teilatuak eta etxebizitzetarako sarbideak garbitu, kaltetutako herritarrak artatu... Sumendiak botatako errautsa garbitzen ere aritu da arrasatearra; izan ere, 15 zentimetroko errauts geruza batek metro bateko elur geruza batek beste pisatzen du, eta hori arriskutsua da teilatu eta terrazetan, pisuak eraginda eraitsi egin baitaitezke. Gainera, euri iragarpenak kezka eragin du, eta errautsa kentzeko premia handitu egin da. Gurutze Gorriaren aurreikuspenen arabera, gaur gauean itzuliko da Apraiz Euskal Herrira.

Mikel Apraiz arrasatearra, teilatu bat garbitzen. GURUTZE GORRIA

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak