Aurreko astean –hilaren 18tik 24ra bitartean– egindako probek 33 kasu baieztatu zituzten. Hurrengo taulan daude datuak egunez egun eta herriz herri:
Herriak | Astelehena | Martitzena | Eguaztena | Eguena | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | Guztira |
Oñati | 6 | 0 | 2 | 4 | 0 | 0 | 1 | 13 |
Bergara | 1 | 2 | 1 | 0 | 4 | 3 | 0 | 11 |
Arrasate | 3 | 1 | 0 | 1 | 1 | 0 | 0 | 6 |
Eskoriatza | 0 | 1 | 1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 2 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Antzuola | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Aretxabaleta | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 10 | 4 | 4 | 6 | 5 | 3 | 1 | 33 |
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Bailarako intzidentzia-tasa, 103koa
Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, hainbat aldaketa egon dira; momentu honetan, horia da nagusi eskualdean. Tasa orokorrari erreparatuta, aurreko domekan 106koa zen, eta atzo berriz, 103koa; gutxi bada ere, behera egin du.
Herriei dagokienez, azpimarratzekoa da Aramaio gorritik horira igaro dela, eta horrenbestez, Leintz Gatzaga dela eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra –nahiz eta azken astean ez duen kasurik izan–. Bestetik, tasak igo egin dira positibo gehien baieztatu diren herrietan: Oñatin 174koa da, Bergaran 139koa eta Arrasaten 81,51koa.
Datu guztiak daude ondorengo mapa interaktiboan:
>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Egoerak okerrera, EAEn
Duela bi aste baino ia 200 kasu gehiago atzeman ziren aurreko astean Euskal Autonomia Erkidegoan. Gauzak horrela, intzidentzia-tasak ere gora egin du eta 63,64tik 76,10era igo da; batez ere, Gipuzkoan erregistratu da igoera nabarmenena:
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuak ere kezka eragiten du; izan ere, 1etik gora mantendu da egun hauetan eta horrek hedatzeko bide eman dio pandemiari. Hurrengo grafikoan ikus daiteke R0 datuaren bilakaera:
Bikoiztu egin dira ospitaleratuak
EAEko ospitaleetan, plantan daudenen artean gora egin du okupazioak; astebetean 48tik 81era igo dira ingresatutakoak. Nolanahi ere, ZIUn daudenak gutxiago dira: 26tik 24ra jaitsi da larrien daudenen zenbatekoa.
Heriotzak ere, gehiago
Duela bi aste zortzi lagun zendu ziren erkidegoan koronabirusaren eraginez; aurrekoan, baina, hamabost. Hala, guztira, 4.790 lagun hil dira momentura arte EAEn.