Talentu zientifikoa erakartzeko gakoa, gertutasunetik egitea

Hasier Larrea 2021ko urr. 22a, 12:08

Garaia teknologia parkea kontziente da arlo horretan ibilbide akademiko eta profesionala garatzeko trabez.

Azken urteotan, erakundeek eta administrazioek programa eta baliabide ugari jarri dituzte martxan gazteek ibilbide zientifiko-teknologikoarekiko duten zailtasunak gaindi ditzaten. Garaiako arduradunek hausnartu dutenez, aurreiritzi asko daude oraindik: "Ikasketek zailak dirudite, ikasle berezi gutxi batzuentzat bakarrik diseinatuta egongo balira bezala, eta enpleguek, berriz, abstraktuak, ezezagunak eta erakargarritasun urrikoak".

Horrez gain, populazioaren piramidearen bilakaera arduraz jarraitzen dute, "portzentajeek antzeko joera duten arren urtez urte ikasle gutxiago" dagoelako.

Emakumeentzat, "are gehiago"

Aurreiritzi horiei beste batzuk gehitu behar zaizkiela nabarmendu dute emakumeen kasuan. Besteak beste, "gai hauekiko gaitasun pertzepzio baxuagoa, konfiantza gutxiago euren buruarengan, erreferente falta eta arlo biosanitarioa lehenesteko tendentzia" dira ibilbide zientifiko-teknologikoak ez garatzearen arrazoietako batzuk.

Kristalezko sabaiaren errealitatea ere jarri dute jomugan. Izan ere, datuei begiratuta, Espainian emakumeen %49k egiten dituzte batxilergo ikasketa zientifikoak, eta heren batek bukatzen dute gradu eta master zientifikoa: "Baina maila handiko postuei begiratzen badiegu, %11 bakarrik heltzen da halako karguetara".

Gazteen beharra

Hori guztia esanda, Garaian argi daukate gero eta behar zientifiko-teknologiko handiagoa duela gizarteak: "Datozkigun erronkei aurre egiteko, izan ekonomikoak edo gizarte, osasun zein ingurugiroarekin lotutakoak". Ondorioz, jendarteari, oro har, baina gazteei zuzenean, "arlo horrekin zerikusia duten pertsonak, enpresak, proiektuak eta eztabaidak gerturatzeko lan egiten" jarraitu nahi dute.

Horretarako, ikuspuntu humanoagoa da proposatzen dutena: "Gertutasunez eta hizkuntza xume eta argi batekin, tokian tokiko pertsonak aurkezten jarraituko dugu, zu edo ni bezalakoak. Beraien ikasketa eta lan esperientziak azalduz, beldurrak eta ametsak ezagutuz".

Modu horretan, behin horrelako ikasketak bukatuta zertan lan egiten den erakustea da erronka, eta nola lan horiek, "nahiz eta urrutikoak iruditu, egunerokotasunean eragin zuzena duten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak