Elikagai bidezko intoxikazioak izan ziren atzo Debagoieneko hainbat ikastetxetan

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 22a, 10:44

Ausolan enpresak hornitzen dituen Gipuzkoako hainbat ikastetxetako jantokietan elikagai bidezko intoxikazioak izan ziren atzo; tartean, Debagoieneko zenbaitetan. GOIENAk bildutako informazioaren arabera, eztarri eta ahoko azkuraz harago, ez da osasun arazo larririk atzeman. Osasun Saila gertatutakoa ikertzen ari da.

Atzo eguerdian Ausolan enpresa arrasatearrak sukaldaritza zerbitzuak eskaintzen dituen hainbat hezkuntza zentrotako jantokietan elikagai bidezko intoxikazioak izan ziren. GOIENAk atzo arratsaldean bertan Elgetako Herri Eskolaren kasua argitaratu zuen arren, Gipuzkoako zenbait zentrotan atzeman ziren kasuak; Debagoienean, besteak beste, Antzuolako Herri Eskolan, Arizmendi Ikastolako hainbat zentrotan, edota aipatutako Elgetako Herri Eskolan.

Janari enpresa hornitzaileak atzo bidalitako prentsa oharrean adierazi bezala, ustez "hegaluzea tomatearekin jateagatik" izan ziren intoxikazioak, eta "alergia-erreakzioren bat" agertu ostean, prebentzio-neurriak hartu zituzten: "Plater hori geldiarazi eta menutik kendu da zerbitzatutako jantoki guztietan".

Eztarri eta ahoko azkura

Debagoieneko ikastetxe ezberdinekin jarri da harremanetan GOIENA, intoxikazio horien larritasuna ezagutu asmoz. Bildutako informazioaren arabera, eztarri eta ahoko azkura izan zuten bazkalostean Ausolan sukaldaritza zerbitzuak prestatutako bazkaria jan zuten hainbat ikaslek; izan zen sukarrak jota etxera joan behar izan zuen ikaslerik, baita Osakidetzara hurbildu zenik ere. Hala ere, eta eskuratutako informazioaren arabera, ez da osasun arazo larririk atzeman.

Histamina, hipotesi nagusia

"Egoeraren berri eman zaio Osasun Sailari, eta ikerketa epidemiologikoko prozesua martxan jarri da, intzidentzia eragin duten kausak zehazteko", adierazi zuen atzo arratsean prentsa ohar bidez Ausolan enpresak. Bada, Osasun Sailak emandako datuen arabera, histaminagatik sortu zen kutsadura; hots, elikagaiak manipulatzean garbitasunez ez aritzearen ondorioz sortu ohi den substantzia da, arrainen kasuan, modu desegokian kontserbatzeagatik.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak