ETAk armak utzi zituenetik, 10 urte

Julen Iriondo 2021ko urr. 20a, 13:51

2011ko urriaren 20a zen, eguena, arratsaldeko zazpiak. "Jarduera armatua behin betiko amaitzea" erabaki zuela eman zuen aditzera ETAk. Hamar urte joan dira ordutik.

'ETAk armak utzi zituenetik, 10 urte' erreportajea

Goiena telebistak ikus-entzunezko berezia eskainiko du gaur, 21:00etan eta 23:00etan. Presoez eta biktimez, bizikidetzaz, kontakizunaz eta arazo politikoaz dihardute, besteak beste, zortzi lagunek; hauek dira: PSE-EEko presidente izandako Jesus Egiguren; ezker abertzaleko Floren Aoiz; EAJren EBBko kide Xabier Barandiaran; Blanca Roncal zinegotzi sozialista ohia; Elena Laka abokatua; Joseba Arregi preso oñatiarraren emazte Nekane Basauri; Gogoan, por una memoria digna elkarteko Xabier Mugartza oñatiarra; eta Imanol Murua kazetaria.

Denak edo ia denak datoz bat gertakari haren mugarri izaeran, bakoitza bere ñabardurekin: "Oso data berezia da, baina ez nuen pasatu ospatzen; triste gelditu nintzen, berandu etorri zelako", dio PSE-EEko presidente izandako Jesus Egigurenek; "Euskal Herriaren aurrean ate handi bat dago irekita, eta hori gertatu zen, batez ere, duela hamar urte egin zen urratsari esker, baina, baita ere, aurretik borroka egon zelako", ezker abertzaleko Floren Aoizek; Gogoan, por una memoria digna elkarteko Xabier Mugartza oñatiarraren ustez, "azken urteetako notiziarik inportanteena" izan zen, eta sentitutakoa, "poza"; EAJren EBBko kide Xabier Barandiaranen arabera, berriz, "arnas handia euskal gizartearentzat". Garai hartan kazetaritzan eta gaia gertu-gertutik jarraitzen ziharduen Imanol Muruaren iritziz –Kazetaritza irakasle, gaur egun–, "gatazka armatua" zen "bizitza osoan" ezagututako zerbait: "ETAren atentatuak, eta gatazka armatuaren beste adierazpideak; eta, kolpetik: 'Hemen beste aro bat hastera doa; hau izugarrizko mugarria da"; soilik "udako oporretan" gozatu ahal izaten zuen eskoltarik gabeko "askatasuna" berriro dastatzeko aukera zinegotzi sozialista ohi Blanca Roncalentzat; eta "indarkeria arazo estruktural" baten amaiera, Elena Laka abokatuaren esanetan. Joseba Arregi preso oñatiarraren emazte Nekane Basaurirentzat, berriz, izan zen "itxaropen" garaia hura, atzetik "frustrazioa" ekarri zuena, ordea: "Berdin jarraitzen dugu: egurtuak izaten, manifak egiten, aldarrikatzen. Zenbat aldiz entzun genuen 'dena da posible indarkeriarik gabe'; hamar urte pasatu dira, armak suntsituta, eta horrela egotea ez da bidezkoa".

Zatiketarik ez

Jesus Egigurenek dio berak "uste baino hobeto" joan direla ETAren erabakiaren osteko hamar urteak: "Ez da zatiketarik egon, ez gehiago atentaturik izan; ez da mehatxurik egon... Bukaera izan da pentsatu zitekeenik onena. Eta, gainera, lehen ez genuen Batasunako jendearekin hitz egiten, baina berehala hasi ginen normal tratatzen, eta uste dut orain ez dagoela elkarbizitza arazorik: bakoitzak bere modura eramango du kontua, izandako esperientziaren arabera, baina, oro har, beste edozein lekutan moduan bizi gara". Egigurenen ustez, dena den, ezker abertzaleak urrats bat du oraindik egiteko: "Arnaldori beti esaten diot nahi duten formularekin baina aitortu beharra daukatela ETA eta hiltzea ez zirela erabaki onak izan. Bestela, biktimek pentsatuko dute euskaldun asko daudela ondo iruditu zitzaienak"; politika sozialetan, adibidez, "elkarrengandik gertu" daudela eta ETAren erabakiaren ondotik hainbat adostasun lortu izan dituztela pozik aitortuta, sozialisten eta EH Bilduren arteko "akordio sakonagoetarako" pauso hura faltako litzateke Blanca Roncalen iritziz ere. Xabier Barandiaranen ustez, "autokritika sendoagoa" egin gabe ezker abertzaleari "oso zail" egin behar zaio "gobernu ariketarako aspirazio sendoak" edukitzea; Elena Lakaren esanetan, ostera, "ezin da behin eta berriro gaitzespena eskatzen ibili", argudioen ordezko baliabide modura, lehiakide politikoa kaltetzeko: "Gaitzespena egina dago, onarpena egina dago, eta gizarteak beste martxa bat eskatzen du dagoeneko". Xabier Mugartzak dio zalantzak dituela ezker abertzalearen norabide aldaketa zintzoa ote den, eta egindakoarekiko damua erakutsi eta Maixabel Lasari senarra, Juan Maria Jauregi sozialista, hil izanagatik barkamena eskatu zioten Luis Carrascoren eta Ibon Etxezarretaren adibidea dakar: "Ezker abertzalea koherentea balitz azken hamar urte hauetan egindako pausoekin eta esaten dituenekin, Etxezarreta eta Carrascoeredu izan beharko lirateke eurentzako, eta, momentuz, kontrakoa gertatzen da". Floren Aoizek dio eurek aitortu dutela borrokak eragindako "kalte eta minetan duten ardura", eta "ondorioak erreparatzeko konpromisoak" ere hartu dituztela, baina beste aldekoek ezetz.

Korapilo politikoa

Korapilo politikoari dagokionez, Imanol Muruak dio gauzak bizkorrago joango zirela uste zuela duela hamar urte: "Estatus politikoaren errebisio bat eta berritze bat, edo kontsentsu berri baten bilaketa, ETAren bukaerak erraztu egingo zuela eta  azkarrago etorriko zela uste  nuen; EAJk berak 2011n esan  zuen 2015a jartzen zuela epe modura estatus berria onartzeko eta martxan jartzeko; epe hura ere luzea iruditu zitzaigun, eta 2021ean gaude". Aurrera ez eta atzera egin da, Xabier Barandiaranen ustez, erabakitzeko eskubidearen aldarriari eta erakundetzeari dagokionez: "Atzerapauso nabarmena egin dugu, alde batetik, gizartean sekulako eraldaketak gertatzen ari direlako; beste alde batetik, alderdi politikoen gizarte eraldaketarako eta eraldaketa politikorako gaitasuna, neurri handi batean, txikitu egin delako; eta, hirugarrenik, esango nuke, gure erakunde sistema, bere autogobernuaren hazkundeari dagokionez, neurri handi batean, gaina hartuta dagoelako. Desnazionalizazio prozesu bat bizi dugu, eta egoera kezkagarria da".

Floren Aoizek dio "gatazkaren irudikapenak" kezkatzen duela: "Agortu zen gatazka irudikatzeko paradigma bat, eta, beharbada, oraindik ez dugu asmatu berriaren eraikuntzan. Gatazka hor dago, baina, beharbada, jende askok ez du hain argi pertzibitzen nolako menpekotasun egoeran gauden; borrokaren gordintasunak agerian uzten zuen menpekotasun hori hamarkada luzeetan".

Egigurenek dio berak "autonomia handia" ikusten duela Euskal Herrian: "Egunen batean aldatuko da Estatutua; baina Estatutuaren filosofia nagusia, akordioarena, beti egon beharko da hor, oso desberdin pentsatzen dugun jendea baikaude". Aldaketei ez die, hala ere, biderik ixten, eta gogora dakar Loiolan lortutako adostasuna, "izugarri" deritzona: "EAJ, Batasuna eta gu ados jarri ginen Nafarroako Amejoramendua eta gure Estatutua aldatzen joan zitezen eta erakunde amankomunak sortzen joateko".

Gobernuaren jarrera

Imanol Muruaren ustez, "prozesu honen alde negatiboena izan da Estatuak nola jokatu duen gatazka armatuaren amaierak utzi zituen  ondorioen gainean"; dio zantzuek ziotela Rajoyk eduki zezakeela "epe luzerako ikuspegia, elkarbizitzarako, bakea sendotzeko...", PPren gobernua armagabetzearen kudeaketan-eta "sartuko" zen itxaropena bazegoela, baina ez zen halakorik gertatu: "Erabaki zuten ezer ez egitea". Denak datoz bat esaterakoan gizalegezkoa dela presoak gerturatzea. Harago doa Nekane Basauri: "70 urtetik gorako hogei bat preso daude. Ematen du batzuek bizi arteko zigorra dutela. Ikuspegi humanitariotik parametro guztiak gainditu dira. Mendekua da, ez da ulertzen bestela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak