Oñatiko Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen kontzertuaz esklusiban gozatzeko aukera izango dute hainbat Goienakidek urriaren 30ean. Horixe izango da, hain zuzen ere, Goienakide izatearen lehen abantailetako bat. Modu intimoan eta goxoan, bertatik bertara, luxuzko emanaldiaz gozatzea. Emanaldia, gainera, ez da edonolako lekuan egingo. Esanahi berezia eta euskalgintzaren erreferente izan den Arantzazuko Goiko Benta Ostatuko ganbaran egingo da, zehazki. Goienakideei balioa emateko helburua dauka ekimenak, eta gutxi batzuk izango dute musikari oñatiarren doinuez zuzenean gozatzeko aukera.
Emanaldia Arantzazuko Goiko Benta Ostatuko ganbaran izango da, hilaren 30ean, 12:30ean
"Lehen aldia da horrelako ekimen batean parte hartzen duguna. Gogotsu gaude, bereziki horrelako aukera izatea ez delako erraza. Disko bat kaleratzean, audioa da esku artean duguna soilik; baina irudi aldetik erreferente bat edukitzea oso garrantzitsua da gure lana zabaltzeko eta erakusteko", azaldu du Iker Martinez de Zuazok. Izan ere, emanaldia grabatu egingo da, eta esklusibotasuna mantentzeko zuzenean emango ez den arren, Goiena Telebistan ikusgai egongo da ekitaldiaren osteko egunetan.
"Gure gertuko ingurua gure bailara da; hemen dago gure jendea; beraz, hemengo jendearekin egitea lan hau eta hemen zabaltzea oso polita eta esanguratsua da taldearendako. Ondoren, ahal dugun beste zabalduko dugu. Horretan ez daukagu konplexurik. Esan nahi dudana da guretzako garrantzitsua den jendea hemen dagoela. Horregatik, bailaran egitea eta zabaltzea oso da interesgarria", gaineratu du sortzaile oñatiarrak. "Motibazio handia izan da kalitatezko eduki ona eskuratzeko aukera hori izatea. Zuzeneko talde moduan, material ona edukitzea eta gure euskal komunitatearekin partekatzea ezinbestekoa da eta".
Kontzertu berezia
Emanaldia grabatu egingo da. Esklusibotasuna mantentzeko ez da zuzenean emango, baina Goiena Telebistan ikusgai egongo da ostean
Emanaldia gertukoa, intimoa eta goxoa izango da. Goienakide gutxi batzuendako esklusiban egingo dena, alegia. "Ordubete pasatxo iraungo du; oraindik, baina, kantu-zerrenda zehazten ari gara. Dena den, gure proiektuko kantuak eskainiko ditugu, eta, akaso, Lenao taldearen bat ere joko dugu, baina ikusteko dago. Formatua ere berezia izango da, ikus-entzuleak gure inguruan izango ditugu gurekin bat eginda eta borobilean eserita. Aurreratu dezakedana da gonbidatu bereziak ere izango ditugula gurekin".
Argi teknikari lanetan Iban Zubeldia izango da, egun Belako taldearekin lanean diharduen teknikaria da eta Berri Txarrak taldearekin ere lan egindakoa; soinua, aldiz, Iñaki Zubia oñatiarraren ardura izango da.
Euskaltzaleen topaleku
Goiko Benta 1969ko udaberrian, nagusiki, euskaltzaleen eta euskalgintzaren topaleku bilakatu zen. Arantzazun kokatutako baserria esanahi handikoa da. "Ikerrek guregana jo zuen oso modu umilean eta gertukoan. Gure etxea gustuko du eta guretzako oso pozgarria izan da. Erraztasun guztiak jartzen saiatu gara. Zuzenekoa ganbaran egitea erabaki du musikariak; izan ere, bertan dagoen egurrari eta azpiegiturari esker oso polita geratuko dira emanaldia eta grabazioa. Eta gu oso pozik gaude", kontatu du Goiko Benta jatetxe eta ostatuko Miren Maiztegik.
Urriaren 19an ireki zen gonbidapenak eskuratzeko aukera Goienakideentzat. Egun bakarrean agortu ziren guztiak
"Etxeak berak duen indarrari ere balioa eman diote. 1969an, Oteiza Arantzazura bere obra bukatzera etorri zenean, gurean izan genuen bizi izaten. Sasoi hartan, kultura arloko eragile askoren bisita izaten zuen, eta guztiak Goiko Bentan batzen ziren. Artze hil zenean ere omenaldi oso hunkigarria egin genion hemen. Goiko Benta kulturaren topaleku da, eta guk sortzaileendako ateak beti irekita ditugu. Horregatik, uste dut Ikerren eta taldearen musikak bat egiten duela gure inguruarekin", nabarmendu du.
"Hainbat gauzak bat egiten dute gure proiektuarekin: batetik, Arantzazun izatea, euskal munduan erreferente den lekua; eta bestetik, Goiko Bentak daukan historia eta izaera. Lekua bera ere zoragarria da. Gure emanaldirako aukera-aukerako lekua da. Estetikoki oso ederra da, benetan, eta kantuak ondo entzungo dira, gainera, bertan", kontatu du musikariak.