Marka eta balioa, bat eginda

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 20a, 08:30

AZK publizitate eta komunikazio agentzia buru-belarri ibili da Goinakideren komunikazio plana egiten. Marka landu dute, eta, horren baitan, urriaren 20an estreinatuko den spota sortu dute. Kanpainako iruditeria guztia ere AZK-k egin du

Goienakide kanpainaren helburuak dira bazkide berriak erakartzea eta bazkideen fidelizazioa. Goienak argi zituen bi helburu horien inguruan lan egin nahi zuela, eta, horretarako, AZKrekin harremanetan jarri zen komunikazio plana garatzeko.

Herri, adin tarte eta genero askotariko pertsonekin egin dituzte taldeak

AZK-k merkatu-ikerketa bat egin zuen. Horretarako, hainbat focus group egin zituzten: batetik, Goienako zuzendariekin egon ziren, eta, bestetik, Goienako langileekin. Bestalde, bazkideekin, bazkide ez diren herritarrekin eta eskualdeko entitateekin egin zituzten batzarrak. Herri, adin tarte eta genero askotariko pertsonak hartu zituzten taldeak egiteko. "Ariketak egin genituen informazioa jasotzeko", azaldu du komunikazio planean lan egin duen Idurre Ezpeletak. Eta, hain zuzen ere, ariketa horietan jasotako informazioarekin landu dute ondorengo komunikazio plana.

"Debagoieneko beharrak identifikatzea beharrezkoa da Goienakide izango diren horiek ze behar izango dituzten jakin eta horren araberako komunikazio plana egiteko", gehitu du.

Marka lantzea

Ezpeletaren esanetan, garrantzitsua izan da marka lantzea. "Hainbat ariketa egin genituen; hain zuzen ere, horietako bat izan zen Goiena Klubaren ingurukoa. Gehienek esaten zuten kluba hitz horrekin ez zirela identifikatuta sentitzen. Horregatik erabaki genuen Goienakide marka ezartzea", dio.

Goienak hasieratik zuen argi kanpainak hiru ardatz nagusi izan behar zituela: euskara, komunikazioa eta komunitatea.

Kanpaina lau publiko ezberdini zuzenduta dago: batetik, norbanakoak daude; horiez gain, komertzioei, entitateei eta enpresei zuzendutako kanpaina ere izango da. Hori horrela, askotariko abantailak izango dira: ekintzak, formakuntzak, zozketak eta abar. Dagoeneko hasiak dira kanpainarekin.

Spota eta iruditeria

Urriaren 20an egingo den aurkezpenean, spota erakutsiko dute. Uda partean grabatu zuten iragarkia, Arrasaten eta Aretxabaletan. "Debagoieneko pertsonak agertzen dira, Debagoienean bertan. Hainbat egoera irudikatu dituzte: mendia, gazte taldeak...", dio Ezpeletak.

Kanpainan zehar erabiliko diren iruditeria eta esku-orriak ere AZK-k diseinatu ditu. Komunikazio plana eginda, kanpainaren koordinazioa eta jarraipena egingo du AZK-k.

 

Elkarlana

Idurre Ezpeletaren esanetan, "erraza" izan da bi erakundeen arteko elkarlana. "Batzen gaituen asko dugu", dio; antzerako balioak izanda erraza dela lan egitea gaineratu du aretxabaletarrak. "Goiena komunikazioan aditua da, eta AZK, berriz, estrategian aditua", nabarmendu du. Aipatutako spota eta iruditeria datorren eguaztenean estreinatuko dituzte. Goienakide kanpaina martxan jarriko dute urriaren 20an. Ekitaldia Arrasateko Biteri plazan izango da, 18:00etan. Kanpainaren inguruko informazioa banatuko dute eta, gainera, musikak girotuko du arratsaldea. Herritar guztiak daude gonbidatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak