Jarindora igo dira eolikoen inguruan protesta egitera

Txomin Madina Milikua 2021ko urr. 16a, 16:24

Babestu maite duzun mendia izeneko ekimenaren baitan eta Arabako Mendiak Aske plataformak deituta, mendi martxa egin dute gaur goizean Jarindo mendira. Leintz Gatzagatik, Aramaiotik, Legutiotik eta Marixekatik irten dira partaideak, azaldu dutenez, erakundeetatik eta enpresa handietatik sustatu nahi duten energia eoliko ereduaren aurrean desadostasuna agertzeko.

Uda hasieran abian jarritako Babestu maite duzun mendia ekimenaren barruan hainbat mendi martxa egin dituzte asteotan Arabako Mendiak Aske plataformak deituta eta gaur Jarindora egin dutena izan da azkena.

Goizean lau puntutatik irten dira parte-hartzaileak: Aramaiotik, Marixekatik, Leintz Gatzagatik eta Legutiotik eta mendiaren puntan egin dute bat. "Jarindon egin gura duten zentral eolikoa dela eta gure iritzia azaleratzea da asmoa", azaldu du Marixekatik irten den plataformako kide Jon Ugartek. Aramaioren kasuan, hainbat norbanakok, Aramaioko Gazte Asanbladak eta Orixol Mendizale Elkarteak egin dute bat plataformarekin, Udalaren eta Oilagor Ehiza Elkartearen babesarekin.

"Orain 20 urte geunden moduan gaude. Orduan indar handia hartu zuten zentral eolikoen egitasmoek eta Oñati aldean, Arabako mugan, Elgeako zentrala eraiki zen. Eta orduko eta oraingo aldarrikapenak ez dira aldatu", adierazi du Ugartek energia eolikoaren bueltan duten kezken inguruan galdetuta. "Energia berriztagarriak bultzatu egin behar dira, horien artean baita eolikoa ere. Egungo kontsumo ereduarekin energia sortu behar da, eta eolikoa alternatiba polita da. Kontua da non eta nola. Garatzen den eredua da zentral batzuk sortzea eta betiko enpresa handiek, esaterako Iberdrolak, irabaziak izatea. Ez da bultzatzen autokontsumoa edo poligono industrialetan haize-errota txikiak jartzea. Batzuen interesen arabera egiten dira gauzak", gaineratu du aramaioarrak.

Argazkia: Orixol Mendizale Elkartea

Ekitaldia Jarindon

Behin Jarindon elkartuta, ekitaldi nagusia egin dute. Ez dira txalaparta, alboka eta bestelako doinuak falta izan, eta manifestu bat ere irakurri dute. Bertan azaldu dutenez, "makrozentral eolikoek mehatxatutako" naturaguneak ezagutarazteko helburua izan dute mendi martxek, eta gaineratu dute enpresek eta agintariek Arabako lurraldea "suntsitu, usteldu eta txikitu" nahi dutela. Jarindo dagoen eremuari ere egin diote erreferentzia: "Urriaren 13an agertu zen Aixeindar enpresak bigarren zentral eolikoa instalatu nahi duela gaur gabiltzan eremuan. Energia eolikoa garatzeko legedia aplikagarririk eta adostasunik ez dagoen arren, haiek aurrera jarraitzen dute, beraien kabuz".

Argazkia: Orixol Mendizale Elkartea

Lurralde osoa "museo" bat dela ere adierazi dute manifestuan, eta Eusko Jaurlaritzak, bere erabakiekin, "mespretxua eta ezjakintasun handia" erakusten duela Arabako ondarearekiko eta landa-ingurunearekiko. Arabako diputatu nagusiari eta Ingurumen diputatuari, bestalde, lurraldea zaintzeko eskatu diote, "EAJren eta oligopolio energetikoen txotxongiloak izan ez daitezen". "Larrialdi klimatikoak eskatzen du politika publiko guztiek naturaguneak errespetatzea eta babestea. Ez XIX. mendeko politikak, non hazkundea naturagune guztiak kutsatu eta suntsitzearen kontura egiten den. Horregatik guztiagatik hitz egiteko eskatzen diegu, biodibertsitatea zainduko duen eta haren galera bultzatuko ez duen ingurumen-politika bat adosteko"; esan dute.

Urriaren 23an, manifestazioa Gasteizen

Gaurkoa azken mendi martxa izan den arren, plataformatik deia egin dute datorren zapatuan, urriaren 23an eta Araba Bizirik taldeak antolatuta Gasteizen egingo duten manifestaziora joateko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak