Datorren urtetik aurrera ordaindu egin beharko da egun doan de A-636 Beasain-Bergara errepidea erabiltzeko. Hori dela eta informazio kanpaina bat jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. autobidetik gertu dauden eta teleordainketa gailurik ez duten biztanleei bideratuta.
Aldunditik adierazi dutenez, kanpainaren helburu nagusia da autobidearen erabiltzaileei jakinaraztea derrigorrezkoa den erabileraren araberako ordainketa ezarriko dela. Hori horrela, lehenengo eta behin triptiko bat banatuko da Goierriko, Urola Garaiko eta Debagoieneko postontzi gehienetan. Urriaren 25etik aurrera, bestalde, aipatutako hiru eskualdeetako zenbait herrietan informazioa aurrez-aurre emateko puntuak jarriko dituzte; Debagoienaren kasuan, Bergaran eta Antzuolan. "Informazioa zuzenean eman nahi dugu, eta erabiltzaileek izan ditzaketen edozein zalantza edo kezka argitu", azaldu du Bide Azpiegituretarako diputatu Aintzane Oiarbidek gaur Bergaran egin duen agerraldian.
Debagoienean, azaroan eta abenduan
Hala, Antzuolan azaroaren 4an, 22an eta abenduaren 13an egongo dira Bidegiko bezeroen arreta zerbitzuko langileak informazioa ematen; Bergaran, aldiz, azaroaren 5ean, 8an, 24an eta abenduaren 14an eta 15ean. Bi herrietan jendaurreko ordutegia 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara izango da: Antzuolaren kasuan udaletxean egin ahalko da kontsulta; Bergaran, goizez Ondartzako kontrol-zentroan, AP-1 errepidearen sarreran, eta arratsaldez, udaletxe azpian.
Arreta-guneetan tarifei, deskontuei eta eskaera inprimakiei buruzko informazioa egongo da eta Aintzane Oiarbidek Abiatu gailua eskuratzeko deia egin dien erabiltzaileei, azaldu duenez deskontu "nabarmenak" lortzeko eskubidea ematen duen bakarra delako. "Abiatu gailuari esker, beherapen progresiboak egin daitezke: % 25etik % 75era, hilean egiten den ibilbide-kopuruaren arabera. Gainera, hilean 33,37 euroko gastu topea izango du Gipuzkoako autobideetan, 49,30 eurokoa Bizkaiko AP-8an eta Arabako AP-1ean", esan du Bide Azpiegituretarako diputatuak, eta gaineratu Espainiako, Portugalgo eta Frantziako autobide guztietan eta baimendutako aparkalekuetan ere erabili daitekeela.
'Free-flow' sistema
Autobiaren erabilera kobratzeko free-flow izeneko sistema adimenduaren alde egin du Aldundiak, hau da, errepidean zehar jarriko diren arkuen bidez ordainketa autoa gelditu gabe, automatikoki egiteko sistemaren alde: ibilgailuek autoa gurutzatzean, bertako sentsoreek kanona detektatu, sailkatu eta kobratu egiten dute. Sistema hori ezartzean ordainketak Abiaturekin, Via-T-rekin edo ibilgailuko matrikula banku-txartel batekin lotuta egin beharko dira; Aldunditik zehaztu dute, baina, azken horrek ez duela deskontuetarako aukerarik ematen.
Abiaturen eskaera edo matrikula banku-txartel bati lotzea bide telematikoz egin daiteke Bidegiren webgunean www.bidegi.eus webgunean egin daiteke edo aurrez aurre Aritzetako Bezeroaren Arreta Zerbitzuan –izen bereko zerbitzugunean, GI-20 errepidean, 14,800 KPan–.