Mondragon Unibertsitateak, EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Arantzazulabek laborategiko ikerketa-gune berritzailea elkarlanean garatzeko hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, Arantzazun bertan egin duten ekitaldian. Hala, ekitaldian izan dira EHUko Gipuzkoako Campuseko erretoreorde Agustin Erkizia, MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano Nagore Ipiña, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreorde Xabier Riezu eta Arantzazulabeko zuzendari nagusi Naiara Goia.
Hitzarmen horrekin, Arantzazulabeko zuzendari Naiara Goiaren arabera, erakundeek elkarren artean izan duten harremana sendotu nahi da, eta datozen urteetarako laborategiak proposatzen duen esparru berritzailean elkarren arteko lankidetzari bide ematen zaio.
Hitzarmenak aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduera ezberdinak zehaztuko ditu, hala nola, ikerketa, berrikuntza, ezagutza sortu eta eraldatu, sareko lana, eta lankidetzazko proiektuen sustapena. "Lankidetza hitzarmen honek eta hiru unibertsitateen konpromisoak oinarri sendoa jartzen dute, Arantzazulaben ikerketa elkargunean proposatzen dugun espazio eta antolaera berritzailea abian jartzeko, baita gure esparruan ezagutza-gune erreferente izateko ere", adierazi du Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak.
"Balio bereizgarria" dauka
Sinadura ekitaldian dierazi dute "balio bereizgarri" bat ere izango duela hitzarmenak: "Ohikoa ez den elkarlana modu berritzailean egitea proposatzen du Arantzazulabek, unibertsitate eta eragile ezberdinen arteko ezagutza eta ikerketa elkargunea sortuz. Antolaketa honek ohikoa ez den elkarlana artikulatzea dakar, ikerketan lehiatu baino gehiago unibertsitate ezberdinen artean indarrak batzea dakarrelako". Goiak gaineratu duenez, proposatutako gaien inguruan askotariko diziplinak eta belaunaldi ezberdinetako ikertzaileak batuko dira, eta horrek ekarriko du gai jakinen inguruan ezagutza garatzeko begirada ezberdinak eta askotariko jakintza elkartzea.
Lehia baino gehiago, indarrak batzea
Modu osagarrian, lankidetza hitzarmenaren babesean aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduera ezberdinak zehaztu dituzte, hala nola: ikerketa, berrikuntza, ezagutza sortu zein eraldatzea, sareko lana eta lankidetzazko proiektuen sustapena. "Egun pozgarria da gaurkoa guretzat, lankidetza hitzarmen honek eta hiru unibertsitateen konpromisoak oinarri sendoa jartzen dutelako, Arantzazulab-en ikerketa elkargunean proposatzen dugun espazio eta antolaera berritzailea abian jartzeko, baita gure esparruan ezagutza-gune erreferente izateko ere”, adierazi du Goiak.
Ildo beretik mintzatu da Agustin Erkizia, EHU-ko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. "Hitzarmen honen bidez beste urrats bat ematen dugu elkarren artean eraiki nahi dugun hausnarketarako espazio berri eta berritzaile honen sorreran, eta bertan EHUko hainbat ikerlari eta pentsalariek euren jakinduria eskaini eta partekatuko dute". Aldi berean, Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, lankidetzak sortzen dituen aukerak nabarmendu ditu. "Arantzazulab-en eta hiru unibertsitateen artean sinatutako hitzarmen honek aukera emango digu ikerketarako kolaborazio espazio berria eta berritzailea sortzeko, indarrak batzeko ikerketaren esparruan eta nazioarteko ikerketan posizionatzeko herri gisa. Erronka konplexu eta globalei eragile ezberdinen begiradatik erantzuteko aukera bat ere bada hitzarmen hau. Mondragon Unibertsitatearentzat eta Mondragon Unibertsitateko ikerlarientzat elkarlanean aritzea gakoa da ezagutzaren garapenerako eta ezagutza agenda publikora bueltatzeko. Hitzarmen hau katalizatzailea izango da. Beraz, sormenean oinarritutako ikerketa egiteko eta landutakoaren dibulgazio lana egiteko".
Halaber, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, zera gaineratu du: "Deustuko Unibertsitatearen plan estrategikoaren leloak Mundu berri baten alde elkarlanean dio. Elkarlanaren bitartez berrikuntza bultzatzea gure misioaren erdigunean jartzen dugun zeregina da. Horren adibide ederra da gaur sinatzen duguna. Unibertsitate desberdinek bat egingo dugu etorkizuneko gizartea irudikatu, aztertu eta lantzen laguntzeko asmoz".