Zein osasun-neurri daude indarrean gaurtik aurrera?

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 7a, 16:55

Osasun larrialdia bertan behera geratu da gaur, eguena, eta horrek orain arte indarrean egon diren neurri gehienak indargabetzea ekarri du. Labur esanda hiru dira kontuan hartu beharreko arauak; horietako bat da maskara orain arte bezala erabiltzea.

Bilakaera epidemiologikoa ikusita, Labi desegin eta arauak malgutzea ebatzi zuen Osasun Sailak martitzenean. Hiru dira momentu honetan indarrean dauden neurriak:

  • Maskara erabiltzea nahitaezkoa da barnealdeetan eta baita aire zabalean ere 1,5 metroko tartea mantendu ezin denean.
  • 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten espazio itxietan gehienezko edukiera % 80koa izango da; hala nola, saskibaloi kantxetan.
  • Ostalaritza establezimenduetatik kanpo egiten diren ekitaldietan ezin da ura ez den beste ezer kontsumitu.

Horiez gain, osasun-agintariek ohiko prebentzio-neurriekin jarraitzea gomendatu dute: eskuak garbitzea, espazio itxiak aireztatzea, jende eskoko eremuak saihestea. Hona hemen, Jaurlaritzak argitaratu dituen ohiko galdera-erantzunak.

OSASUN-LARRIALDIAREN AMAIERA

Zer esan nahi du osasun-larrialdiko egoeraren deklarazioari amaiera emateak?

Horrek esan nahi du pandemiaren bilakaerak –eta, batez ere, ospitaleetan eta ZIUetan duen eraginak– kritikoa izateari uzten diola, eta, beraz, gizarte-jardueren funtzionamendu normalizatuago batera itzul daitekeela gizartea. Horrela, osasun-larrialdiko egoeratik osasun-zaintzako egoera batera igaro garela azaldu du Osasun Sailak

Zein datutan oinarrituta igaro gara osasun-larrialditik osasun-zaintzara?

ZIUetan 40 ohe baino gutxiagoko egotea; intzidentzia-tasa 60 ingurukoa izatea –eta beheranzko joera erakustea– eta txertaketa pauta %90ekoa izatea.

Osasun-krisia gainditutzat eta amaitutzat jo dezakegu?

Ez. Zalantzarik gabe, egoerak hobera egin du, baina horrek ez ditu erabat desagerrarazten ezkutuko ziurgabetasunak eta mehatxuak, hiru puntutan kontzentratzen direnak: birusaren aurreikusezintasuna, mutazio-gaitasun handia duelako; txerto-defizita planetako eremu zabaletan; eta immunitate naturalak edo txertoak irauten duen ziurgabetasuna.

Zein neurrik jarraitzen dute indarrean?

Osasuneko sailburuaren aginduaren bidez, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluaren esparruan lotzen gaituzten neurri hauek mantentzen dira: -Maskara nahitaez erabili beharra (ikus aurrerago). -Edukiera ehuneko 80ra mugatzea 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparru itxietan. -Ekitaldietan elikagaiak eta edariak hartzeko debekua, ura izan ezik, barruko zein kanpoko esparruetan. Ostalaritzarako eta jatetxeetarako guneetanbakarrik kontsumitu ahal izango da.

Zein neurri geratzen dira ondoriorik gabe?

Eraginik gabe geratzen dira ordutegia, edukiera eta jardueren egituraketa mugatzen dituzten gainerako neurriak

EGOERA BERRIA

Ba al dago jarduerak eta establezimenduak ixteko ordu-mugarik?

Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduerak ixteko eta irekitzeko ordutegia arlo horretan aplikatu beharreko ordutegien ohiko erregulaziora egokituko da.

Establezimendu, ostalaritza edo saltokietan edukiera-mugaren bat dago?

Lokal eta instalazio guztietarako baimendutako gehieneko edukiera edukieraren ehuneko 100ean berrezarri da. Lokal eta instalazio guztietan arreta berezia jarri beharko da instalazioetara sartzeko eta instalazioak uzteko protokoloetan, batez ere edukiera handienekoetan. Nolanahi ere, pertsonen arteko distantziak mantentzea eta jende-pilaketak saihestea gomendatzen da.

Derrigorrezkoa al da lokalen aireztapena?

Bai. Lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko dira.

Ba al dago mugarik ostalaritzako mahaietan pertsonak taldekatzeko? Barran edo zutik kontsumitu daiteke? Dantzatu daiteke?

Ostalaritzari eragiten dioten neurriak etengabeko aireztapena eta maskara erabiltzea dira. Nahitaez erabili behar dira beti, bai barrualdeetan, bai terrazetan. Gainerako neurriak indarrik gabe geratu dira.

Eta edariak kontsumitu daitezke edo tabernetako kanpoaldean zutik pintxoa hartu?

Taberna edo jatetxe bateko kanpoaldeko edo terrazako perimetro naturalean, establezimendu horretan bertan erositako edaria edan edo zutik har daiteke. Ordutegi muga udal ordenantza bakoitzak ezartzen du.

Ba al dago neurri espezifikorik joko-establezimenduetarako, txokoetarako eta elkarte gastronomikoetarako?

Ostalaritzan bezala, baimendutako gehieneko edukiera edukieraren ehuneko 100ean berrezartzen da, eta etengabe aireztatu eta maskara erabili beharra zehazten da. Gainerako neurriak indarrik gabe geratu dira.

Ireki al ditzakete lonjak, gazte-lokalak eta antzekoak? Zein baldintzatan?

Lonjak, gazteentzako lokalak eta antzekoak berriro irekitzea baimentzen da, gainerako establezimenduetako baldintza berberetan. Bereziki, aireztapen etengabea eta maskararen erabilera

Eta diskoteken eta gaueko aisialdiko establezimenduen kasuan?

Era berean, edukieraren %100 baimentzen da, eta gogorarazten da maskara erabiltzea nahitaezkoa dela uneoro, elikagaiak eta edariak hartzeko unean izan ezik.

Edukiera-mugarik ba al dago gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietan?

Esparru irekietan egiten diren gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldiak edukieraren %100eko edukierarekin gara daitezke. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparru itxietan egiten diren ekitaldietan, gehieneko edukiera %80 izango da.

Elikagaiak eta edariak kontsumi daitezke gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietan?

Ez. Ekitaldiak egiten diren bitartean (Kontzertuak, kirol-lehiaketak, zinemak, antzerkiak, etab.), publikoak ezin du elikagaiak edo edariak kontsumitu, ura izan ezik. Elikagaiak eta edariak ostalaritzako eta jatetxeetako espazioetan baino ezingo dira saldu eta kontsumitu –diskotekak ere talde honetan sartzen dira–. Hau barneko zein kanpoko esparruetan aplikatu beharko da.

MASKARAREN ERABILERA

Noiz da derrigorrezkoa maskara erabiltzea?

Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, erabilera publikoko edozein gune itxitan edo jendearentzat irekita dagoen edozein gunetan, lantokiak barne. Aire zabaleko guneetan nahitaez erabili beharko dira, baldin eta ezinezkoa bada pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea, elkarrekin bizi diren pertsona-taldeen kasuan izan ezik. Ondorioz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da pilaketak izaten dituzten hiri-ingurune guztietan. Ingurune naturalean ez da maskararik erabili beharko, betiere pilaketarik edo metaketarik ez badago elkarrekin bizi ez diren beste pertsona batzuekin. Era berean, aplikatzekoak izango dira maskarak ez erabiltzeko arrazoiak eta kasuak, betiere 13/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldarazitako 2/2021 Legearen 6. artikuluan legez aurreikusitako eran. Kasu horietan, norbaiti eskatzen zaionean egiaztatu dezala maskara erabiltzetik salbuetsita dagoela, desgaitasun- edo mendekotasun-maila adierazten duen agiri baten bidez dokumentatu beharko du egoera hori, edo, bestela, horretarako egindako mediku-ziurtagiri baten bidez.

Nahitaezkoa al da ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan, txoko, joko-areto edo lonjetan, maskara erabiltzea?

Bai. Ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, bai eta jatetxeetan ere, maskara erabiltzeko derrigortasuna une jakin batean etengo da soilik: elikagaiak edo edariak hartzeko unean, hain zuzen ere. Bestela, beti erabili behar da, bai barrualdeetan, bai terrazetan. Lehen esan bezala, maskara nahitaez erabili beharra joko-establezimenduei, txokoei eta elkarte gastronomikoei, lonjei, gazte-lokalei eta antzekoei, diskotekei eta gaueko aisialdiko establezimenduei aplika dakiekeen neurria da.

Kendu dezaket maskara kirola egiten dudanean?

Edozein kirol-jardueratan, ez da maskara erabili beharko espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan bainua hartzerakoan, taldeen arteko kirol-lehiaketetan (entrenamenduak barne) eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan. Gainerako kirol-jardueretan (makina-aretoetako jarduerak, programatutako jarduerak, ikastaroak, etab.), kiroldegietan edo gimnasioetan egiten badira, derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.

Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea garraioa erabiltzen denean?

Nahitaezkoa eta ezinbestekoa da 6 urtetik gorakoek maskarak erabiltzea edozein garraiobide hartzen dutenean; hain zuzen ere, bidaiaren hasieratik bidaia amaitu arteko tarte osoan, legezko salbuespen-kasuetan izan ezik. Garraio pribatuan, ez da beharrezkoa izango maskarak erabiltzea, baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean. Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako lanleku propiorik edo babes-manpara baten bidez bereizitako lekurik ez badute.

OSASUN-ERANTZUKIZUNEKO BETEBEHARRAK

Zer prebentzio-jarrera izan behar ditut?

Maskara erabiltzeaz gain, barrualdeen etengabeko aireztapena, pertsonen arteko distantzia eta eskuen higienea. Aglomerazioak saihestea, txertaketan parte hartzea, kasuak arakatzen laguntzea eta berrogeialdiak eta isolamenduak betetzea.

Behartuta al nago kutsadurak arakatzen eta horien trazabilitatea egiten laguntzera?

Bai. Kutsatutako pertsonek eta haiekin harremana izan dutenek derrigorrez kolaboratu behar dute COVID-19 Kasuak eta Kontaktuak Zaintzeko EAEko Sarearen bilaketa- eta trazabilitate-lanetan. Hori dela eta, herritarrei eskatzen zaie zehaztasunez erantzuteko jarraipenaren arduradunek egiten dizkieten deiei, eta eskatzen zaien informazio guztia ahalik eta azkarren eta egiazkotasunez emateko. Pertsona guztiek bete beharko dituzte agintarien edo osasun-zerbitzuen jarraibideak, bai eta Osasun Sailarenak ere, indarrean dauden protokoloen arabera.

Derrigor konfinatu behar al dut neure burua agerraldi epidemiko baten eraginpean egonez gero?

Bai. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, epidemia-agerraldiek kaltetutako pertsonek konfinatzeko betebehar pertsonala dute, eta, horren ondorioz, isolamendu-betebeharrak zorrotz bete beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak