Debagoieneko Ospitale zaharra bota eta eraikin nagusia handitzeko 24 milioi euroko inbertsioa egingo dutela iragarri du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, martitzenean Debagoieneko Ospitalean egindako agerraldian. Maria Ubarretxena Arrasateko alkatearekin batera eta Osakidetzako eta Debagoieneko ospitaleko ordezkariekin eman zituen lanen xehetasunak.
Eraikin zaharra bota eta nagusia handitu egingo duzue...
Guztira, 7.000 metro koadro izango ditu eraikin berriak: bi soto, beheko solairua eta lau garaiera. Horretarako, eraikin zaharra bota egingo da. Irisgarritasuna hobetzeko, aparkalekua egingo da eraikin berriko bi sotoetan, eta 100 plaza izango ditu. Behin-behinean, eraikuntza-lanek iraun bitartean, beste bi aparkaleku gaituko dira; haietako bat, Arrasateko Udalak lagatako espazio batean.
Zer hobekuntza ekarriko dizkie eraikin berriak debagoiendarrei?
Debagoieneko Ospitaleak 64.800 pertsonari eskaintzen die arreta, eta, eraikina handituz, eskualdeak eta Gipuzkoak dituzten beharrei erantzungo zaie. Lehen mailako arretako eta osasun mentaleko kontsulta gehiago eta larrialdietarako eremu bat gehituko dira.
Zeintzuk izango dira, zehazki, zerbitzu berriak?
Eguneko ospitale mediko-kirurgikoa handitu ahalko da, aparatu digestiboko unitate berria sortu endoskopio zerbitzuarekin, errehabilitazio-zerbitzua gehitu eta ospitale barruan erresonantzia magnetikoaren areto bat egokitu.
Noiz izango da prest ospitalea?
Aurreikusitakoaren arabera, lanen iraupena lau urtekoa izango da; urte amaieran botako dute eraikin zaharra eta 2022ko urrian hasiko dituzte lanak.
Osasun egoera bertan behera lagata, eta urte eta erdiren ostean, "hurrengo egunaren aurrean" gaude. Zer espero daiteke hemendik aurrera?
Orain arte bezala, erantzukizunez jokatzea; herritarren gehiengoak hala erantzungo duela uste dugu. Martitzenean lehendakariak eman zuen Labiren bileraren osteko erabakiaren berri, eta osasun egoera bertan behera lagatzea aurrerapauso garrantzitsua da. Baina pandemia ez zen martitzenean amaitu. Oraindik baditugu hilabeteak birusarekin gure egunerokoa bizitzen ikasteko eta egokitzen joateko. Gero eta gehiago ustezko normaltasun horretara gerturatu arren, ezin dugu ahaztu pandemia ez dela bukatu.
Osasun Sailak hartuko du hemendik aurrera pandemiaren bilakaeraren jarraipena egiteko ardura. Baina noiz berreskuratuko dute herritarrek ohiko zerbitzua Osakidetzarekin? Eguneroko arretan...
Duela bi urte genituen baldintzetara itzuli eta horiek hobetzeko pausoak ematen aritu gara irailean zehar. Pandemia honek ikasteko balio izan digu, gure pazienteekin dugun harremanean zenbaterainoko garrantzitsua den prebentzioa eta elkar zaintzea. Osasun zentroak normaltasun fisikoa berreskuratzen hasiak dira, eta, horrek aurrera egiten duen heinean, herritarrak presentzialki hartzeko gaitasuna berreskuratuko dugu.
Noizko aurreikusten duzue presentzialtasunaren itzulera hori?
Datorren hilabeterako uste dugu gai izango garela zerbitzu hobetua emateko, baina herritarrak hasiak dira dagoeneko hobekuntza horiek nabaritzen.
Txertoaren hirugarren dosiari dagokionez, gripearen aurkako txertoarekin batera emango da?
Asteon adostu du Osasun Publikoaren Komisioak 70 urtetik gorakoei txertoa modu gradualean jartzea. Orain, erkidego bakoitzari dagokio horren kudeaketa. Gure kasuan, gripearen aurkako txertaketa datozen asteetan hasiko dugu, dena antolatuta dago jada. Bitartean, Txertaketa Komisioarekin eta Osakidetzarekin zehaztuko dugu nola txertatu hirugarren dosiarekin. Baina gogoratu nahiko nuke 70 urtetik gorakoen zati handi batek baduela dagoeneko hirugarren dosia; adinekoen egoitzetako egoiliarrek, kasu.
Iaz, nabarmen egin zuten behera gripe kasuek. Aurten ere egoera horretan egongo gara?
Oraindik goiz da jakiteko zenbateraino eragingo digun; beste hemisferioan duen jokatzeko modua aztertzen gabiltza une honetan. Hala ere, iaz baino kasu gehiago izango ditugula aurreikusi dezakegu. Era berean, uste dugu maskaren erabilera ezinbestekoa izan zela iaz kasuak murrizteko.
0-12 artekoen txertaketarekin bada aurrerapausorik?
Laborategiak badabiltza proposamenak Europako Medikamen-du Agentziaren aurrean aurkez-ten, baina ez da espero berririk hilabete amaierara arte, behintzat. Bitartean, pentsatu behar duguna da biztanleria horrek babes txikiagoa duela, eta, beraz, kutsatzeko eta kutsakorrak izateko aukera handiagoa. Adin tarte horrek interakzio handia du eskolan, gurasoekin, haurrekin... Oso garrantzitsua da babestea.
Hezkuntza protokoloari dagokionez, zer aldaketa aurreikusi daitezke?
Hezkuntza eta Osasun sailak lanean dabiltza, baina, gizartean bezala, egoerak hobera egiten duen heinean berrituko dira protokoloak. Litekeena da datorren astean indarrean sartzea.
Plano berri batean egonda, nola egingo da jarraipena?
Baloratzen ari gara pandemiaren adierazleen berri ematerakoan denbora tartea luzatzea datorren astetik aurrera, egunero beharrean astean behin eskaintzea datu horiek. Datuok egunero emateak zentzua zuen aldaketak oso handiak zirenean