Debagoieneko ospitale zaharra bota eta eraikin nagusia handitzeko, 24 milioi euroko inbertsioa

Jone Olabarria 2021ko urr. 6a, 13:30

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak eta Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak iragarri dute gaur goizean Debagoieneko ospitalean egindako agerraldian. Guztira 24 milioi euroko inbertsioa egingo da bertan; antzinako eraikina bota eta eraikin nagusia handituko dute, baita 100 plaza inguru izango dituen lurpeko aparkalekua eraiki.

Lanen ostean, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa handitu ahalko dute, aparatu digestiboko unitate berria sortu endoskopio zerbitzuarekin, errehabilitazio-zerbitzua gehitu eta ospitale barruan erresonantzia magnetikoaren areto bat egokitu. Gainera, larrialdi zerbitzurako oinarri berria egingo dute, eta kanpo-kontsulten arloa handitu. Aurreikusitakoaren arabera lanen iraupena lau urtetakoa izango da; urte amaieran botako dute eraikin zaharra eta 2022ko urrian hasiko dituzte lanak.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren esanetan, Osakidetzak bailaran eskaintzen dituen zerbitzuetan "beste urrats bat gehiago" da: "Osakidetzaren zentro eta egiturak hobetu, modernizatu eta egokitu egingo dira, hurbileko arretan, kalitatekoan eta pertsona guztientzako irisgarrian aurrera egiten jarraitzeko".

Arrasateko alkatea eta Osasun sailburua, Osakidetzako ordezkariekin ospitalean.

Guztira, 7000 m2 berri

Gogorarazi dute, Debagoieneko ospitaleak 64.800 pertsonari eskaintzen diela arreta, eta eraikina handituz, "eskualdeak eta Gipuzkoak dituzten beharrei" erantzungo zaiela: "Lehen mailako arretako eta osasun mentaleko kontsulta gehiago eta larrialdietarako eremu bat gehituko zaizkio". Guztira 7.000 m2 izango ditu eraikin berriak: bi soto, beheko solairua eta lau garaiera.  

Aparkalekua eraikin berriko bi sotoetan egongo da, eta 100 plaza izango ditu. Behin-behinean, eraikuntza-lanek iraun bitartean, beste bi aparkaleku gaituko dira; haietako bat Arrasateko Udalak lagatako espazio batean. Pazienteei arreta eskaintzeko, gune berezi bat egokituko dute gaur egun Lanbideren bulegoak dauden eraikinean.

Ospitale zaharraren eraikina bota eta bertan eraikiko dute berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak