Positiboen gorakada Debagoienean: hamabi atzeman dira azken orduetan

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 6a, 12:51

Bost Aramaion, bina Arrasate, Bergara eta Oñatin eta bat Aretxabaletan: hamabi kasu berri baieztatu dira Debagoienean. Irailaren 10etik erregistratutako datu okerrena da, eta gainera, azpimarratzekoa da EAEn atzemandako azken kasuen %12,12 direla bailaran hautemandakoak.

Osasun neurrien indargabetzearen atarian, gora egin dute COVID-19 kasuek bailaran. Atzo egindako probek 99 positibo baieztatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik hamabi, Debagoienean. Beste modu batera esanda, erkidegoan positibo eman duten hamar lagunetik bat debagoiendarra da. Azken hiru asteetako daturik okerrena da; izan ere, irailaren 10etik hona, eguneko kutsatzeak bederatzitik behera kokatu dira.

Aramaion jarri behar da arreta; hain zuzen ere, bost izan direlako bertan baieztatu diren kasuak. Araban atzemandako kasuen ia laurden bat hauteman da Aramaion: 21etik bost. Azken lau egunetan zortzi kasu baieztatu dira.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasari erreparatuta, positiboen gorakadarekin batera, hori ere puztu egin da: hamabi puntu egin ditu gora egun bakarrean, eta aurreko asteko zenbatekora gerturatu da. Herenegun 37,03ko tasa erregistratu zen, eta atzo, berriz, 49,37koa. Gogoratu behar da, duela astebete 50,91ko intzidentzia-tasa erregistratu zela.

Herriei erreparatuta, Aramaio eremu gorrira igaro da; herenegun laranjara egin zuen salto, eta atzo, zifra bikoiztuta, gorrira. Bestetik, positiboak zenbatu diren gainerako eskualdeko herrietan ere gora egin dute tasek; gainera, Bergararen kasuan, eremu horiaren langatik gertu kokatu da (53,21). Horrez gain, azpimarratzekoa da Leintz Gatzaga gorritik berdera igaro dela, ez baitu kasurik izan azken hamalau egunetan.

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Heriotzarik ez bailaran

Irailaren 27tik urriaren 3ra, hamalau lagun hil dira EAEn koronabirusaren eraginez –aurreko astean baino zazpi gutxiago–, eta horietako bat ere ez da debagoiendarra izan. Pandemia hasi zenetik, 4.747 dira EAEn zendutakoak eta 1.243 Nafarroakoak.

Ospitaleen okupazioak, behera

Beste egun batez, behera egin du erietxeetako okupazioak. Aurreko egunean baino bi lagun gutxiago daude ZIUn eta duela astebete baino zazpi gutxiago: 32 daude, zehazki. Plantan, aurreko egunean baino hamaika gutxiago daude (47) eta aurreko astean baino 40 gutxiago.

60,64ko intzidentzia-tasa

EAEko intzidentziari dagokionez, azken orduetan, 1,41 puntu egin ditu behera, eta 60,64an kokatu da; eremu berdetik oso gertu dago. Lurraldeei dagozkien tasak  daude adierazita hurrengo grafikoan:

Positiboei lotuta, 5.922 proba egin dira EAEn %1,7k eman du emaitza positiboa. Hala, lurraldeka, 39 kasu baieztatu dituzte Bizkaian, beste 39 Gipuzkoan eta 21 Araban. Horrela banatu dira adin-tarteetan:

  • Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.

Bestetik, Oinarrizko Birsorkuntza datuari dagokionez, gora egin du eta 0,92ra iritsi da; azken boladako datu altuena da. Hemen grafikoa:

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak