Udazkenak "piztu" egin du eskualdeko kultura eskaintza. Udaletako kultura sailek areto barruko eskaintza abiatu dute, eta gaztetxeetan ere lanean ari dira pandemiaren aurretik zituzten ekimenak berpizten.
Eguenetan, Kooltur Ostegunak
Hamargarren denboraldia "behar zen moduan" borobiltzeko aukerarik ez zuen izan eguenetarako Arrasateko gaztetxean kontzertuak antolatzen dituen Kooltur Ekintzak taldeak. "Gogotsu" ekin zioten hamaikagarrenari, segituan eskaintza eten egin behar izan zuten arren; domeka eguerdietan kontzertuak eskaintzen hasi ziren maiatzean, eta Amaia antzokira Willis Drummond gonbidatuta bukatu zuten.
Bihar, urriaren 7an, ekingo diote hamabigarren denboraldiari, "ohiko" hitzorduaren aldeko apustua eginda: eguenetan, 22:00etan. "Argi genuen gure asmoa bueltatzea zela, lagundu dezakeguna, txikia den arren, kultura gurpila ezin dela geratu uste dugulako. Taldeei eta arloko teknikariei lan egiten jarraitzeko aukera eman nahi diegu", azaldu du Kooltur Ekintzak ekimeneko Iker Barandiaranek, eta zera gaineratu: "Sarrerak aurrez erosteko aukera eman genuen aurreko denboraldian, baina jende batek sarrera hartzen zuen eta gero ez zen kontzertura joa- ten, eta, sarrerak agortuta zeudela iragartzen bagenuen ere, kontzertuen egunetan eserlekuak libre izaten ziren gero. Irtenbide zaila dauka horrek, ilara egitea ez delako inoren gustuko, baina, oraingoan, egunean bertan salduko ditugu sarrerak, leihatila ordu erdi lehenago zabalduta".
La Excavadora, hasteko
Arrasateko gaztetxeko eguenetako musika hitzorduko zaleek ekimenarekin jarraitzeagatik "esker mezuak bidali dizkietela" azaldu du Barandiaranek, musikariek ere eskaintza "oso ondo hartu dutela" gaineratuta, Kooltur Ostegunak "ekimen sendoa" delako eurentzako: "Denboraldia gogor ekitea izaten da gure asmoa eta La Excavadora taldea gonbidatu dugu egitaraua zabaltzeko. Raul Lasa Txiki (Gatillazo, La Polla) eta Angel Otxoa de Eribe (Gatillazo, Rockaina, Salvate Si Puedes) gitarra-joleek; Mikel Azpiroz Buton (Gatillazo, Al Karajo) baxu-joleak, Mikel Berrozpe Pollo bateria-joleak (Childrain, Vicepresidentes) eta Iñaki Urbizu Pela (Obligaciones, Sumision City Blues, Marky Ramone...) abeslariak osatzen dute. Punk-rock koktelera indartsua da, bailaran jotakoak dira, baina gurera etortzeko gogoa adierazi ziguten otsailean diskoa argitaratu zutenetik".
Euskal Herriko musikariekin osatu dute urriko programa, nahiz eta ez duten baztertzen nazioartekoak ere Arrasatera ekartzea. "Talde gutxi dira, oraingoz, nazioarteko birak egiten dituztenak; horietako bat da, Danimarkako La Casa Fantom bikote bitxia. Eurek eraikitako musika tresnekin sekulako burrunba ateratzen dute, pasarte pisutsuak eta soinu baxuak – grabeak– ikur dituztela. Azaroan izango dira Danimarkakoak gurean". Mice-k –Miren Narbaiza– hartuko du lekukoa agertokian urriaren 14an. "Nortasun handiko ahotsa du eta rocka, oso zentzu zabalean, egiten du. Zilar printzak bigarren lana argitaratu zuen pandemiaren aurretik eta lan hori izango du emanaldian oinarri".
90eko hamarkadako soinuetan arakatzen duen Bilboko Sonic Trash izango da hirugarren eguenean. "Talde indartsua da, post-rock eta noise doinuen arteko nahasketa egiten duena. Joseba Irazokik orain dela aste batzuk argitaratutako lanarekin gozatuko dugu azkenekoan".
Bergaran, egubakoitzetan
2019ko maiatzean abiatu zuten Bergarako kartzela zaharrean Egubakoitzak Berreskuratzen egitasmoa, gaztetxe inguruan ibiltzen diren musikazale batzuek bultzatuta. Irailaren 17an ekin zioten ikasturte berriari Andoni Ollokiegi eta Wood String taldea gonbidatuta. "50 lagun bakarrik sar daitezke, oraingoz, kontzertuko. San Martin ez-jaiak ziren eta txosnagunean ere kontzertuak zeudela kontuan hartu barik programatu genuen; hala ere, eserleku guztiak bete ziren", azaldu du antolatzaile taldeko Unai Elkorok, hurrengoa urriaren 29an izango dela iragarrita: "Rock gogor eta stoner doinuak entzungo ditugu. Lehenengo emanaldian izan genuen Zestoako Rodeo taldea gonbidatu dugu berriz ere, eta eurekin batera izango da Oñatiko Bizarro taldea. Hilean kontzertu bat egitea da gure asmoa".
Antixenean, domeketan
2018an Mursegok estreinatu zuen Oñatiko gaztetxeko domeka eguerdietako ekimena, eta, publikoaren eta musikariaren aldetik jaso duten "harrera ona" aintzat hartuta, hilean behin kontzertu bat antolatzeko asmoa dute. Bergarako Hegazkin bikotearekin azaroaren 28an, 12:30ean, abiatuko dute denboraldia.