Bergarak, Aretxabaletak eta Elgetak izan dute jaitsierarik nabarmenena; hemezortzi, hamar eta zortzi langabe gutxiago hurrenez hurren. Arrasateko kopuruak, ostera, gora egin du, eta irailean, hamabost gehiago zenbatu dituzte; hala, langabezia-tasa %11tik gorakoa da berriro, azken bi hilabeteetan hortik behera egon ostean.
Herriak | Iraileko langabeak | Langabeak guztira | Langabezia-tasa |
Antzuola | 0 | 62 | 5,71 |
Aramaio | +2 | 15 | 2,15 |
Aretxabaleta | -10 | 218 | 6,34 |
Arrasate | +15 | 1.125 | 11,08 |
Bergara | -18 | 544 | 7,58 |
Elgeta | -8 | 29 | 4,88 |
Eskoriatza | -1 | 159 | 7,95 |
Leintz Gatzaga | +1 | 5 | 4,17 |
Oñati | -2 | 353 | 6,52 |
Debagoiena | -21 | 2.510 | 8,18 |
Azken hamabost urtetako daturik onena
Euskal Autonomi Erkidegoko datuei dagokienez, Lan eta Enplegu sailburu Idoia Mendiak jakitera eman duenez azken hamabost urtetako daturik onena izan da aurtengo irailekoa. Eta horren arrazoiak zehaztu ditu: "Pertsona-kopuru handiagoan jaitsi delako; sektore guztietan; lurralde guztietan; emakumeetan eta gizonetan; eta ia adin tarte guztietan". Gaineratu du enpleguak "etengabeko susperraldian" dagoela azken urtean.
Hala ere "errekuperatzeko tartea geratzen dela" zehaztu du eta itxaropenerako arrazoiak badaudela gaineratu: "Enpresak eutsi egin dio. Gobernuek jakin dute erresistentzia hori laguntzen. Eta aukera berriak aprobetxatzeko unea da, sortuko dugun enplegua kalitatezkoa, inklusiboa eta berdintasunezkoa izan dadin".