Ia hiru hamarkada lanean, eta hazten jarraitzeko gogoz

Maialen Santos 2021ko urr. 2a, 08:29
Biolurreko ekoizle eta bazkide ugari, Aretxabaletako Mitarte Garai baserrian, martitzenean.

Ekoizleek, baserritarrek eta herritarrek osatzen dute Biolur, Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko elkartea. Egunerokoan egiten duten lana ezagutzera eman eta esku artean dituzten proiektuak aurrera ateratzeko bazkide berri bila ari dira.

1993a ezkero Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren alde lanean dihardu Biolur irabazi asmorik gabeko elkarteak. Lurraldeko nekazari, abeltzain eta okin ekologikoen bilgunea da, eta, gaur egun, 125 bazkide ekoizlek edo baserritarrek eta 153 bazkide herritarrek osatzen dute, hainbat eskualdetan banatuta. Debagoienean daude horietako gehienak; hain zuzen, 56 dira bailarako bazkideak, 47 dira Urolakoak, 44 Goierrikoak, 31 Debabarrenekoak, 23 Tolosaldekoak, 55 Donostialdekoak eta beste 22 Nafarroa, Araba eta Bizkaikoak.

Elkartera batzeko deia

Biolurreko zuzendaritza batzordeko kide da egun Nere Aspiazu bergararra, eta adierazi du nekazaritza ekologikoaren alde urte luzez aritu direla lanean, eta horretan jarraitu gura dutela aurrerantzean ere. Bazkidetza kanpaina abiatu berri dute elkartea indartzeko: "Elkartea handitu nahi dugu, besteak beste, nekazaritza ekologikoaren aldeko jarduna indartzeko; gero eta jende gehiago batu, orduan eta ordezkaritza zabalagoa izango dugu, eta indar handiagoa izango du gure mezuak erakunde zein herritarren aurrean". Eta gehitu du: "Bazkidetza kanpainaren bidez, jendarteari gure jardunaren berri eman gura diogu, eta erakundeei eta eragileei lankidetzarako mezua igorri. Biolurren helburu nagusia Euskal Herrian elikadura burujabetza sustatzea da, baina argi daukagu helburu potolo hori sistema aldatu nahi duten gainontzeko herritarrekin, erakundeekin eta eragileekin egin behar dugula". Elkartetik gaineratu dute eragile zein norbanako bakoitzak dituen erantzukizunez jabetzea eta "ekintzetara pasatzea" beharrezkoa dela: "Egun bizi dugun krisi ekologiko eta sozialean, entzuten ditugun diskurtso zabal eta sarri urrunekoek gure lurralde eta herrietan nola eragiten duten aintzat hartzea ezinbestekoa zaigu. Testuinguru horretan, elikadura –ekoizpenetik kontsumoraino– ardatz funtsezkoa da. Elikadura osasuntsua bermatzea, nekazaritza jasangarria garatzea eta landa eremu biziak sustatzeko lehen sektoreko erreleboa edota nekazarien lanaren duintasuna bermatzea dira gure lanaren oinarriak".

Nere Aspiazu, zuzendaritza batzordeko kidea: "Gure jardunaren berri eman gura dugu bazkidetza bultzatuz"

Horrez gain, esan du bazkidetza kanpainaren helburua Biolurren autonomia ekonomikoa indartzea ere badela: "Elkartearen diru sarrerak dibertsifikatu egin nahi ditugu, etorkizunean irauteko bermea delako". Gehitu du Udalak elkartera batu daitezen ere ari direla lanean: "Udalei eta elkarteei ere bazkide egiteko gonbita egingo diegu datozen asteetan, buruan dauzkaten edo sor dakizkiekeen proiektuetarako lankidetza eskaintzarekin batera".

Bazkide egiteko jarraitu beharreko urratsak ere azaldu ditu, gainera: 943 76 14 47 telefonora dei egin daiteke, edota biolur@ biolur.eus helbide elektronikora mezua bidali. Urtean 30 euroko ekarpen ekonomikoa egiten du bazkide bakoitzak, eta trukean elkarteko aldizkaria, Gure lurriña, jasotzen du, besteak beste: "Noski, hori da zuzenean jasotzen duena, baina ulertzen dugu Biolurren jardunak komunitateari egiten dion ekarpena ere jasotzen duela bazkideak".

Sabrina Pato, bazkide herritarra: "Bazkide izateak balio dit bailaran zein ekoizle dauden ezagutzeko"

Batzordekide ez ezik, ekoizle ere bada bergararra; barazkiak ekoizten ditu beste bi lagunekin batera. Ortugintzan hasi zen une beretik sartu zen elkartean, bere ustez, "ortugintza ulertzeko era bakarra ekologikoa izatea delako". Hain zuzen, 2013an hasi zen lan horretan, eta haren "erreferentziazko elkarte" izan zen Biolur: "Hastapenetan, beharrik handiena geneukanean, asko lagundu zigun Biolurrek".

Bazkide eta kontsumitzaile

Sabrina Pato bergararrak hamaika urte daramatza elkarteko kide izaten. Adierazi du Biolurrek nekazaritza ekologikoa ezagutzera ematen duela, eta haren ustez hori dela "jarraitu beharreko bidea; kontzientziatzeko modua baita". Eta gaineratu du: "Bazkide izateak balio dit, besteak beste, bailaran zein ekoizle dauden ezagutzeko, zein aukera dauden produktuak eskuratzeko, non lor daitezkeen...". Bazkide ez ezik, kontsumitzaile ere bada, gainera: "Ekologikoaren aldeko apustua egiten dut. Nire iritziz, produktuek ekologikoak, bertakoak eta garaikoak izan behar dute. Ahalik eta gutxien industrialena, alegia". Are gehiago, azaldu du azken urteetan produktuak erosteko aukerak handitu egin direla, eta, beraz, horrek erraztasunak ekarri dizkiola: "Lehen, azoketara mugitu behar izaten nuen erostera; orain, aldiz, denda batzuetan ere eskura daitezke bertako ekoizleen produktu ekologikoak".

Hastapenak, bailaran

Biolurren sortzaileetako bat izan zen Tomas Larrañaga antzuolarra, eta, are gehiago, elkarteko lehen presidente izendatu zuten sasoi hartan: "1990ean, nekazaritza ekologikoari buruzko lehen ikastaro orokorra egin zen Gipuzkoan, eta hartan parte hartu nuen. Bertan ezagutu nituen Debagoieneko hainbat ekoizle, eta gerora sortu genuen Biolur". Jendearen babesaren beharraz mintzatu da: "Elkarteak beti egon dira euren tokia bilatzen; izan ere, administrazioetatik jasotzen duten babesa minimoa da. Horregatik eskatzen diegu laguntza norbanakoei, funtsezkoa zaigulako".

Tomas Larrañaga, ekoizlea: "Koinatua sentsibilizatuta zegoelako egin genuen jauzi"

Emazteak eta haren anaiak eraginda hasi zen nekazaritza ekologikoa egiten: "Koinatua gai honekin sentsibilizatuta zegoen erabat, eta halaxe egin genuen jauzi ekologikora. Edozelan ere, esan dezaket aurretik egiten genuen lana dezente gerturatzen zela ekologikora". Aitortu du jasangarritasunaren alde ere egiten duela lan, ekologikoa eta jasangarria eskutik lotuta doazela uste baitu: "Kanpotik etortzen diren produktuak ez dira jasangarriak. Kalteak sortzen badituzu edo tokitik kanpoko produktuak behar izanez gero, ez da jasangarria". Bide batez, ekologikoa kontzeptuaren esanahia ere argitu du ekoizleak, sarri entzuten den kontzeptua izanagatik ere, esan gura duena ez delako beti jakinekoa: "Kontzeptu zabala da, baina, besteak beste, hazi transgenikorik ezin dugu ekoizpenean erabili, ez eta ongarri kimiko edota pestizida sistemikorik ere. Eta landatzeko lursailak txandakatu egin behar izaten ditugu".

Egun, emazteak, alabak eta hirurek jarduten dute baratzegintzan Antzuolan, eta langile gehiagoren laguntza ere jasotzen dute. "Lau hektareako lan esparrua dugu; barazkiak eta frutak kontuan hartuta".

Ekologikora jauzia

Duela gutxi, irailean, gazta egiteko ekoizpen ekologikora egin du trantsizioa Lur Pagoaga artzain aretxabaletarrak: "Aspaldi nerabilen ekologikora saltoa egitea buruan, eta, azkenean, hartu dut erabakia". Erabiltzen dituen lehengai guztiak ekologikoak izango dira hemendik aurrera, eta gustura azaldu da hartutako erabakiarekin. "Biolur elkartean sartu naiz aldaketa hori egiteko, euren laguntza funtsezkoa zaidalako", dio.

Harrerarekin gustura

Debagoienean egiten dituzten hainbat azoka antolatzen ditu Biolur elkarteak; tartean, joan den asteburuan Aretxabaletako sanmigeletan egin zutena. Udalarekin eta Landa Garapeneko Elkartearekin elkarlanean antolatu zuten, eta, Nere Aspiazuk aitortu duenez, "erosleen artean harrera ona izan du aurten ere". Ekoizleentzat ere egun bereziak izaten dira. “Ekoizle bakoitzak norbere produktuak merkaturatzeko bide ezberdinak erabiltzen dituen arren, azokak dira guztiok elkartzen gaituen tokia".

Lau lan-ildo

Biolurren egunerokoa aurrera ateratzeko hiru teknikariren laguntza dute elkartean, eta bertatik azaldu dute baserritarren lan boluntarioa eta beste hainbat kideren laguntza ere "ezinbestekoa" zaiela.

Lur Pagoaga, artzaina: "Biolurren laguntza funtsezkoa zait aldaketarako"

Guztien artean lau lan-lerro nagusi garatzen dituzte elkartean. Batetik, baserritarrei arloz arloko aholkularitza teknikoa eta formakuntza eskaintzen diete: "Edonork ekoizpenari lotutako arazoren bat daukanean, dagokion teknikariarengana edo gainontzeko baserritarrengana jotzen du; teknikariek, tarteka, bisitak egiten dituzte baserrietara; formakuntza saioak antolatzen ditugu bazkideentzat zein ez bazkideentzat. Jarduerari ekin nahi diotenei babes handia eskaintzen diegu, bai teknikariena, baita bere inguruko gainontzeko baserritarrena ere. Guk argi baitaukagu: zenbat eta ekoizle edota baserritar gehiago izan, orduan eta hobeto". Bestetik, nekazaritza ekologikoaren aldeko sentsibilizazio lana egiten dute Biolurren: "Ekoizpen eredu honek naturarengan, tokiko ekonomian eta kontsumitzaileen osasunarengan dituen onuren berri emateko hainbat ekimen egiten ditugu urtean zehar". Hori gutxi balitz, baserritarren eta erakundeen arteko bitartekari lana egiten dute, eta baita agroekologiaren aldeko "apustu politikoa" ere. Azkenik, beste eragile eta erakunde batzuekin batera –EHKO, ENEEK-Ekolurra Neiker, Lurgintza...– arloz arloko proiektuetan hartzen dute parte, eta eta Foru Aldundiak kudeatzen duen Gaztenek gazte instalaziorako programan tutore lanetan aritzen dira baita ere. "Elikadura burujabetza ardatz, ekonomia sozial eraldatzailea, tokikoa, jasangarria, eta gure lur eta herrietan errotua bultzatu eta garatzen dihardugu", argitu dute Biolurreko kideek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak