Hiru positibo baieztatu ziren egubakoitzean, bi zapatuan eta bat atzo; guztiak lau herritan banatu dira:
Herriak | Egubakoitza |
Zapatua |
Domeka |
Arrasate | 1 | 1 | 0 |
Bergara | 0 | 1 | 1 |
Elgeta | 1 | 0 | 0 |
Eskoriatza | 1 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 3 | 2 | 1 |
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Lau "herri berde" Debagoienean
Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, berdea nagusitzen ari da bailaran. Azpimarratzekoa da Aretxabaletak ez duela kasu bakar bat ere erregistratu azken hamalau egunetan, eta hortaz, 0,00ko tasa duela; Oñatirekin batera, eremu berdera igaro da. Kontrakoa gertatu da Elgetan. Asteburuan kasu bakar bat erregistratu den arren, berdetik horira igaro da 88,42ko tasarekin.
Eta bailarako tasa orokorrari dagokionez, behera egiten jarraitzen du: 67,89koa da –duela astebete baino 48 puntu txikiagoa–. Horrek esan nahi du "berde" izatetik gertu dagoela Debagoiena.
Herri guztietako datuak daude hurrengo mapan:
>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Hemezortzi kasu Gipuzkoan
Atzo egindako 4.195 proben %1,8k eman du emaitza positiboa Euskal Autonomia Erkidegoan; hau da, 75 herritarrek. Lurraldeka banatuta, 43 kasu baieztatu dira Bizkaian, hemezortzi Gipuzkoan, hamaika Araban eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Positibotasunak behera egiten jarraitzen du eta grafiko hau da horren adierazle:
Eta intzidentziei erreparatuta, 89,10eko tasa erregistratu du EAEk –duela astebete baino 32 puntu gutxiago ditu–, eta hau da hiru lurraldeek izan duten bilakaera:
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuari lotuta, asteburuan gora egin du; atzo 0,92ra iritsi zen. Halere, datuaren arabera, pandemia ez da hedatzen ari –ez delako 1,00 baino zenbateko handiagoa–.
Bukatzeko, EAEko ospitaleetan, lagun bat gehiago dago ZIUn (41), baina duela astebete baino hamaika gutxiago daude. Oro har, behera egin du okupazioak, izan ere 176 lagun zeuden ospitaleratuta duela astebete eta 124 daude orain -52 gutxiago–.
Aldaketaren atarian
Gotzone Sagardui Osasun sailburua baikorra da pandemiaren bilakaerari dagokionean. Oraindik LABIren bilerarik aurreikusita ez badago ere, "beste modu batera bizi ahal izatetik gertuago" gaudela esan du. Halere, maskarekin "denbora luzez" jarraitu beharko dugula aurreratu du: "Ez kutsatzeko babes onena maskara da".
Nafarroan, hamazazpi
814 proba egin ostean, hamazazpi positibo hauteman dituzte Nafarroan; positibotasun-tasa %2,1koa izan da, alegia. Ospitaleetan, 38 lagun daude ingresatuta eta horietatik hamahiru dira Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak.