Ehunka herritarren berotasuna eta aitortza jaso dute frankismoaren biktimen senideek

Xabi Gorostidi 2021ko ira. 26a, 16:02

Arrasateko Arizmendiarrieta Plazan egindako ekitaldi jendetsuan, bailarako herri bakoitzeko testigantza lazgarri bana plazaratu dute biktimen senideek. "Justizia, egia eta erreparazioa" aldarrikatu dituzte tropa frankistak Debagoienan sartu zirela 85 urte bete diren egunean, eta une hunkigarri asko bizi izan dira ekitaldian zehar. Biktimen aldeko monolitoan loreak utziz amaitu dute ekitaldia.

Denborak dena sendatzeko gaitasuna duela dio esaerak, baina gaurko ekitaldian argi geratu da justiziarik eta erreparaziorik gabe zauri batzuk nekez sendatzen direla. "Gaur hemen batutako biktimei eragindako minagatik inor ez da epaitua izan, eta inork ez die barkamenik eskatu. Justizia eta erreparaziorik ez dagoen artean, memoria berreskuratzeko eta bizirik mantentzeko lan egiten jarraituko dugu" adierazi du ekitaldiko antolatzaile eta Intxorta 1937 elkarteko kide Juan Ramon Garaik. 

Aldundiaren eta Gogora Memoriaren Institutuaren laguntzarekin antolatu dute gaurko ekitaldia, eta ehunka herritar gerturatu dira Arrasateko Arizmendiarrieta plazara. Julia Monje izan da ekitaldiko gidari lanak egin dituena, eta argi adierazi du "memoria berreskuratzea borroka ekintza bat dela, gaur egun". "Egia jakitea zaila bada, justizia lortzea are zailagoa" dela adierazi du sarrera hitz-hartzean, eta jarraian biktimen senideei eman diete ahotsa. 

Hitz egiten lehena Bergarako Luzia Farraz izan da. Gaurko protagonista edadetuenen artean egon arren, bikain azaldu ditu gerra garaiko oroitzapenak, eta erbestera joan behar izanaren sufrimendua. 

Jarraian Manttoni Galdos oñatiarrak hartu dio lekukoa. Aita frankistek erail zuten Ormaiztegin, eta handik lau urtera ama hil zitzaion. Bere aiton-amonekin eta osabekin bizitzera joan zela kontatu du, eta esker hitzak izan ditu Intxorta 1937 Elkartearentzat, "egiten duten lanagatik". 

Galdosen ostean, Aretxabaletako Olga Etxebarrietak hartu du hitza. Haren aita Jose Mari Dragoi batailoiko kide zen, eta obus batek hankan kolpatu ostean larriki zaurituta geratu zen. Anbulantzian zegoela hil zen, eta hurrengo egunean jaio zen bera. Amak izandako adorea nabarmendu du, lau ume oso txikirekin aurrera egitea lortu zuelako. Bera eta ama Frantziara erbesteratu ziren, eta 5, 4 eta 2 urteko bere anai-arrebak, aldiz, Belgikara. 5 urteko ahizpa nagusiak beste bi anai-arreben ardura hartu zuela nabarmendu du, amak elkarrekin mantentzeko emandako agindua betez. 

Arrasateko Urionabarrenetxea familiak bizitakoak entzun dira jarraian. Aita frankistek erail ostean amak egindako esfortzuak nabarmendu ditu alabetako batek. "Hil aurretik gutun bat igorri zion aitak, non argi eskatzen zion bere seme-alaba atsekabeak zaintzeko. Eta primeran bete zuen aitaren eskaria" azaldu du. Eskolan Cara al sol abestera eta gerran hildako agintari faxisten alde otoitz egitera behartzen zituztela aipatu du, horrek eragiten zion minarekin. 

Ostean, Gatzagako Pili Elkorobarrutiak hartu du mikrofonoa. Gatzagan sei lagun fusilatu zituztela kontatu du. "Arriskurik gabeko sarekada bat gerta zitekeen abisua jaso zutenean, aitak eta beste lagun batek mendira alde egitea erabaki zuten, ez baitziren fidatu. Fidatu zirenak, ordea, fusilatu egin zituzten" azaldu du. Aita eta beste laguna atxilotu egin zituzten eta 20 urteko zigorra ezarri zieten. 4 urte egin zituzten preso, hainbat espetxetan, eta 1940an libre geratu ziren. "Dakigun apurra aitaren arrebek kontatua izan da, aitak ez baitzuen honi buruz sekula ezer kontatzen. Behin galdetu genion horri buruz, goxo-goxo galdetu ere, eta aitak malko artean kontatutakoa entzun ostean ez genion inoiz berriz galdetu. Kartzelan zeudela, langileen giltza hotsa entzuten bazuten gauez, biharamunean presoren bat falta izaten zela kontatu zigun". 

Eskoriatzako Arantza Sasian Etxabek, bere amandre Emeteri Aranburuzabalaren kasua kontatu du. Marin auzotik Gatzagara  bidean atxilotu zuten, olioa erostera zihoala. Zelatari baten eraginez atxilotu zuten. Preso zegoela aske utziko zutela esan zioten, eta kamioi baten sartzeko eskatu. Tamalez, kamioi horretako kideak fusilatzera eraman zituzten, eta tiroz hil zuten, Marineko hiru lagunekin eta bederatzi arrasatearrekin batera. 

Ixabel Aranguren antzuolarrak aita Estebanen kasua kontatu du. Abertzalea eta sindikalista zen eta lehen aldiz Santoñan atxilotu zuten. Ostean Frantziara ihes egin zuen, non, besteak beste, Gurs kontzentrazio eremuan egon zen. Frantziako Goi Pirinotan egon zen errefuxiatuta, mugalari lanak eginez, eta bertan zegoela bigarrenez atxilotu zuten. Duela bi urte aitak egindako ibilbidea egin zutela kontatu du, eta aita artatu zuen familia baten etxean haren argazkia eskegita ikusteak eragindako emozioak azaldu ditu.

Jose Mari Velez de Mendizabalek aramaioarren izenean hitz egin du, frankistak eraildako osaba Jose Maria Azkarraga Lurgorri-ren kasua kontatuz. Gudarien gerra komisario izan zen, baita gerra korrespontsal ere, eta haren olerki batekin amaitu du hitz-hartzea. "Bere delitua askatasunean eta demokrazian sinistea izan zen" adierazi du. 

Azkenik Anttoni Telleriaren testigantza proiektatu dute, audio bidez. Gaur egun hilda dago, baina Intxorta elkartekoen lanari esker haren testigantza bideo bidez jasota geratu zen 2003an. Frankistak etxera sartu zitzaizkionean bera bortxatzeko asmoa azaldu zuten, aita eta ama aurrean zirela, eta biek galdu zuten bizia alaba defenditzeagatik: "Aitari tiroa jo zioten buruan. Odolustutzera zihoanez, eskua buruan jarri nion; bigarrenez tirokatu zioten burua, eta nire eskuko atzamarrak birrindu zizkidaten. Amari, berriz, kulata-kolpeka apurtu zioten burua; ez zuen kontzientzia berreskuratu, eta handik hamar egunera hil zen. Bortxatzaileek ikusi zuten onera ezin izango zutela ezer egin, eta txarrean egin zuten dena: hiketak, bortxaketa eta dena".


Askotariko parte hartzeak


Testigantzak entzun ostean, dantzarien, bertsolarien eta kantarien txanda heldu da, eta, tartean, hamargarren testigantza bat ere entzun dute bertaratutakoek, Ibon Aperribairena. Ekitaldi amaieran, lore eskaintza egin dute senideek frankismoaren biktimen monolitoan. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak