Bidegi Bergaran egiten ari den neguko artapen zentroa, neguko kanpainarako martxan

Xabi Gorostidi 2021ko ira. 24a, 13:20

 AP-1 autobideari eta A-636 autobiari  emango die zerbitzua zentro berriak, eta, nagusiki, neguko bide lanetarako zerbitzua emateko bideratuko dute: elurra kentzeko makinak eta gatz biltegia hartuko ditu, besteak beste. Bidegik bi fasetan egingo ditu lanak, eta 3,3 milioi euroko inbertsioa egingo du guztira. Lehen fasea aurtengo neguko kanpaian hasi orduko amaitzea espero dute, eta, bigarrena, 2022 amaierarako. 

Bidegi foru sozietateak AP-1 autobideari eta A-636 Beasain-Bergara autobiari zerbitzua emango dien errepideen artapen zentro berria egiteko lanekin jarraitzen du Bergaran. Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide zentroa egingo den bi lurzatiak ikusten izan da gaur; nagusia, 7.000 m2-koa, GI-627 errepidearen ondoan dago, AP-1era sartzeko biribilgunearen parean; eta bigarrena, Ondartza kontrol zentroaren ondoan, autobidearen sarreraren parean, Bergara iparreko ordainlekuan.

Oiarbide diputatuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela elurra kentzeko makinak, gatz siloak eta neguan autobideak egoera onean izateko behar diren gainerako elementuak gordetzeko zentro berri hori egitea. "Aurrerantzean, Bidegik bi artapen zentro izango ditu AP-8 eta AP-1 autobideetako eta A-636 autobiako neguko bide lanetarako: Bata, AP-8rako, Zestoa-Zumaiako sarreran, eta bestea, Bergarako iparraldeko sarreraren ondoan eraikitzen ari garena, AP-1 eta A-636 autobideetako beharrei erantzuteko. Bi zentroek kokapen egokia dute makinek gure autobideen beharrei ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko".

Lehen fasea

Bergarako obra bi fasetan egingo da. Lehen faseak sei hilabeteko epea eta 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du –BEZa gehitu gabe–. Alde batetik, neguko bide lanetarako zerbitzua eta lantegia egingo dute, eta bulegoak egongo diren artapen zentroa hartuko dituen eremuan eraikuntza lanak egiten ari dira. Era berean, lurzatia urbanizatzeko lanak ere egingo dira, elektrizitate eta led argiteria instalazioa, eta saneamendu eta drainatze sareak. Esparruak itxitura perimetral bat izango du, eta Ondartzako kontrol zentrotik monitorizatuta egongo da.

Beste aldetik, bigarren lurzatia berdintzeko lanak ere egingo dira lehen fase honetan, harri lubeta perimetraleko horma baten bidez; bigarren fasean zerbitzu osagarrien eraikina egingo da bertan.

Zera adierazi du lehen faseko lanei buruz Oiarbidek: "Lehenengo fasearen helburua da zentro berria martxan egotea neguko bide lanetarako hurrengo kanpainarako, elurra kentzeko makinak eta gatza eta gatzuna zabaltzekoak autobidean eta autobian lan egiteko prest egon daitezen". 

Markesina bat jarriko da aparkalekua estalia izan dadin, AP-8 autobideko Zestoa-Zumaiako sarreran dagoenaren antzekoa; elurra kentzeko makinentzako 16 aparkaleku izango ditu, eta 4,5 metroko zabalera kamioi bakoitzerako. "Aurrealdean, mantentze lanetarako eraikina egiten ari gara; bertan, biltegia, aldagelak, langileentzako zerbitzuak eta bulegoak egongo dira. 50 metro luze eta 12 metro zabal izango da. Lau ate baskulagarri jarriko dira kamioiak lantegira eta biltegira sartzeko, eta bertan gordeko dira kontserbaziorako elementuak, obretarako trafiko seinaleak eta euste-hesiak. Aurreikuspenen arabera, lantegia, biltegia eta aldagelak abenduan erabilgarri egongo dira. Lurzati berean hondakinak kudeatzeko eta gasolioa biltzeko esparru bat izango da".  

Lehen fase honetan, neguko bide lanetarako, egungo gatz biltegia erabiliko da. Biltegia aire zabalean dago, olana batez estalita, eta, une honetan, 200 tona inguruko edukiera du, obrak egiteko tamaina murriztu egin baita.

Bigarren fasea

Bigarren faseari 2022ko bigarren seihilekoan ekingo zaio, neguko kanpaina amaitu eta egungo gatz biltegiak eta metaketak kendu ondoren. Inbertsio aurrekontua 1,6 milioikoa izango da, eta gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa.

Fase honetan, gatz biltegi estalia eraiki, gatzun biltegia instalatu eta gatza kargatzeko gune berria egokituko da. Biltegia 30 metro luze eta 10 metro zabal izango da, eta 2.000 tonako edukiera izango du.

Lantegiaren eraikinean kokatutako bulegoetako instalazioen barne arkitektura ere egingo da, eta partzelaren gainerako zatia urbanizatuko da; bertan, 23 aparkaleku plaza egingo dira langileen ibilgailuentzat. Bigarren lurzatian, autobidearen sarreraren parean, zabalgunearen eremuan, zerbitzu osagarrien eraikina egingo da, 300 m2 ingurukoa, lehenengo fasean, eta ordainlekuko langileek erabiltzen duten egungo aparkalekutik sartuko da bertara. Eraikin osagarria AP-1 autobideko eta A-636 Beasain-Bergara autobideko sistema elektrikoak eta argiztapena mantentzeko osagaien biltegia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak