- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Bailarako intzidentzia-tasa 200etik jaitsi da; zehazki, 199,04koa da. Gogoratu behar da irailaren hasieran 300etik gorakoa zela intzidentzia, eta duela astebete, 274koa.
Herriei erreparatuta, Aretxabaletak eremu gorria atzean utzi du eta laranjara igaro da 395,48ko tasarekin. Hala, momentu honetan ez dago 5.000 biztanle baino gehiago dituen "herri gorririk" Gipuzkoan, eta EAE osoan, Lekeitio da bakarra.
Bailarako gainerako herrietara bueltatuz, behera egin dute tasek, baina salbuespena Aramaio izan da: 800eko langa gainditu du azken orduetan, eta Arabako herrien artean tasa altuena du. Horrenbestez, gorri jarraitzen dute Aramaiok eta Eskoriatzak.
Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Beherakada mantsotzen ari da EAEn
Abiada bizian egin du behera intzidentzia-tasak azken asteetan; orain, baina, polikiago dihardu. Azken orduetan ia sei puntu egin ditu behera tasak, eta 166,39an kokatu da. Atzera begiratuz gero, aurreko astean 240koa zen intzidentzia, eta iraila hasieran, 327koa. Honako hau da lurraldeen egoera:
Azken proben emaitzei dagokienez, 6.289 test diagnostikotatik %3,5ek eman du emaitza positiboa; hau da, 218 herritarrek. Lurraldeetan banatuta, 100 izan dira bizkaitarrak, 89 gipuzkoarrak, 21 arabarrak eta zortzi gainerako lurraldeetan erroldatutakoak.
Bestetik, pandemiaren hedapena neurtzen duen oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) apur bat gora egin du, eta 0,84an kokatu da. Nolanahi ere, 1etik behera jarraitzen du abuztuaren 18az geroztik:
Eta erietxeetan, datuek hobera egiten jarraitzen dute. ZIUn, aurreko egunean baino hiru pertsona gutxiago daude (54) eta aurreko astean baino zortzi gutxiago. Plantan, berriz, herenegun baino lau lagun gutxiago zeuden atzo (166), eta duela astebete baino 29 gutxiago.
Ospitaleratzeei lotuta, astetik astera, behera egiten du zenbatekoak, eta hain zuzen ere, horixe da hurrengo grafika honek adierazten duena –aste bakoitzean ospitaleratutakoen batez bestekoak adierazten dira–:
%1,7ko positibotasuna, Nafarroan
1.558 proba egin ostean, %1,7k eman du emaitza positiboa: 27 lagunek. Bestetik, erietxeetan, 62 lagun daude ospitaleratuta –aurreko astean baino zazpi gutxiago– eta horietatik hamazazpi dira ZIUn daudenak –aurreko astean baino bost gutxiago–. Bestalde, heriotza bat erregistratu da azken orduetan, eta dagoeneko 1.233 dira pandemia hasi zenetik hildako nafarrak.