Asteburuan, 24 positibo baieztatu dira bailaran; horietatik hamaika, Aretxabaletan

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 13a, 12:52

Aurreko asteburuan baino lau positibo gutxiago atzeman dira bailaran, eta Aretxabaletan salbu, gainerako herrietan beheranzko joerarekin jarraitzen du pandemiak. Azken hiru egunetan, Debagoieneko intzidentzia-tasa 232tik 203,67ra murriztu da.

Egubakoitzean egindako probek hamalau kasu baieztatu zituzten –horietatik zortzi, Aretxabaletan–, zapatukoek bost, eta atzo, beste bost kasu baieztatu ziren bailaran. Hurrengo taulan daude datuak egunez egun eta herriz herri:

Herriak Egubakoitza Zapatua Domeka Guztira
Aretxabaleta 8 2 1 11
Arrasate 2 0 2 4
Oñati 3 0 1 4
Eskoriatza 1 1 1 3
Bergara 0 2 0 2
Antzuola 0 0 0 0
Aramaio 0 0 0 0
Elgeta 0 0 0 0
Leintz Gatzaga 0 0 0 0
GUZTIRA 14 5 5 24

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Aretxabaleta, Gipuzkoako "gorri" bakarra

Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, hainbat aldaketa egon dira asteburuan; azpimarragarriena, baina, Aretxabaletakoa. Egubakoitzeko zortzi positiboen eraginez, 400etik gorako tasa erregistratu zuen, eta hala, eremu gorrian da ordutik; zehazki, 409,60ko intzidentzia du. Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean,  Aretxabaleta da eremu gorrian dagoen bakarra. Halere, azpiko mapan ikusten den bezala, badaude oraindik "herri gorri" gehiago –hala nola, Eskoriatza–, baina 5.000 biztanletik behera dituzte, eta Osasun Sailaren datuetan ez dira gorritzat hartzen.

Bailaran, oro har, behera egin du tasak (203,67); izan ere, Aretxabaletan salbu, gainerako datuek behera egin dute edo berdin mantendu dira. Antzuola izan da beherakada izan duen herrietako bat, eta horren eraginez, eremu laranjatik horira igaro da asteburuan. Eta Bergarak ere nabarmen murriztu du intzidentzia: 150etik 99,76ra jaitsi du.

Datu guztiak daude ondorengo mapa interaktiboan:

>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Positibotasunak behera, EAEn

Atzo egindako 3.668 proben %3,2k eman du emaitza positiboa Euskal Autonomia Erkidegoan –aspaldi erregistratu den ehuneko txikiena da–; hau da, 119 herritarrek. Datuak aztertuta, positibotasuna behera egiten ari da astetik astera: batez bestekoa %5,9koa izan zen duela bi aste, eta %4,3koa izan da igaro den honetan.

Honako grafikoan ikus daiteke bilakaera:

Kasu gutxiago atzemateak intzidentzia-tasan eragin du. Dagoeneko eremu horian da erkidegoa, 172,34ko tasarekin. Abuztu amaieratik hona ia 170 puntu egin ditu behera intzidentziak. Honako hau da hiru lurraldeek izan duten bilakaera, 2021. urtea hasi zenetik:

Atzoko positiboak lurraldeka banatuz gero, 61 baieztatu dira Bizkaian, 40 Gipuzkoan, hamazazpi Araban eta bat bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, aurreko astean iragarri bezala, egunetik egunera, lausotzen ari da gazteenen eta helduagoen arteko aldea. Hain zuzen ere honakoak dira adinka banatutako intzidentzia-tasak:

Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuari lotuta, asteburuan gora egin du: 0,81ekoa da orain. Halere, datuaren arabera, pandemia ez da hedatzen ari –ez delako 1,00 baino zenbateko handiagoa–.

Bukatzeko, EAEko ospitaleetako okupazioak gora egin du azken orduetan (bederatzi gehiago daude), baina aurreko asteetako egoerarekin alderatuta, behera (30 gutxiago). 227 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik 57 daude ZIUn –aurreko egunean baino bat gutxiago eta aurreko astean baino bost gutxiago–.

Nafarroan, 39 kasu

778 proba egin ostean, 39 positibo hauteman dituzte Nafarroan; positibotasun-tasa %5ekoa izan da, alegia. Ospitaleetan, 65 lagun daude ingresatuta eta horietatik 20 dira Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak. Esan behar da, Nafarroan ere, aste batetik bestera behera egin duela erietxeetako okupazioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak