Herenegun beste kasu atzeman ziren atzo bailaran: sei

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 9a, 12:40

Bina positibo baieztatu dira azken orduetan Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatin. Hala, pandemia hasi zenetik 9.100 debagoiendarrek harrapatu dute COVID-19a. Bestetik, intzidentzia-tasak behera egin du azken astean: 310etik 246,87ra jaitsi da.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

246,87ko tasa Debagoienean

Duela astebete, 310,14ko intzidentzia-tasa zuen bailarak eta eremu laranjan zegoen. Gogoratu behar da eskualdea egubakoitzean igaro zela eremu horira, eta ordutik tasak behera egiten jarraitu duela egunez egun. Atzo, 246,87ko intzidentzia erregistratu zen; hau da, aurreko egunean baino hiru puntu gutxiago eta aurreko astean baino 64 gutxiago ditu orain.

Herriei erreparatuta, azken orduetan ez da kolore aldaketarik izan. Halere, positiboak erregistratu dituzten herrietan, tasek apur bat egin dute gora. Datu guztiak daude hurrengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Erkidegoko adierazleak, hobera

Bailaran bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ere hobera egiten dute datuek egunetik egunera. Ia hamalau puntu egin ditu behera intzidentzia-tasak azken orduetan (209,48koa da) eta ospitaleetako okupazioa ere arindu egin da. Gauzak horrela, bi aste barru osasun neurriak arindu litezkeela eman du aditzera Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak: "Bilakaera epidemiologikoa ikusta, osasun egoera hau beste modu batean kontrola daiteke". Jakinarazi duenez, Labi hilaren 20ko astean elkartu daiteke.

Positibo berriei lotuta, 234 kasu atzeman dira; proben %4,1ek eman du positibo: 120 kasu baieztatu dira Bizkaian, 83 Gipuzkoan, 27 Araban eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Eta beste egun batez, 40 eta 59 urte artekoen tartean atzeman dira kasu gehienak.

  • Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.

Gauzak horrela, gazteenen artean zegoen intzidentzia-tasa altua jaisten ari da, eta oso bestelako itxura hartu du grafikoak (uztailean ia 2.000ra iritsi zen 19-39 urte artekoen kurba, eta orain 300etik behera dago):

Bestetik, R0 datuak ere behera egin du eta 0,78an dago –duela hamabost egun 0,87koa zen–. Gogoratu behar da 1,00etik behera egonez gero, pandemia ez dela hedatzen ari.

Eta EAEko ospitaleei erreparatuta, aurreratu bezala, okupazioak behera egin du. ZIUetan hiru lagun gutxiago daude (57) eta plantan bat gutxiago (193). Guztira, 250 ospitaleratu daude EAEn –duela astebete baino 21 gutxiago–.

Kasuek gora, Nafarroan

1.362 proba egin ostean, 81 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan; %5,9koa da positibotasun-tasa. Nolanahi ere, erietxeetako okupazioa behera egiten ari da Nafarroan ere: 66 lagun daude ospitaleratuta –horietatik 20, ZIUn–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak