Egubakoitzean egindako probek hamabi kasu baieztatu zituzten, zapatukoek bost, eta atzo, berriz, hamaika kasu baieztatu ziren bailaran –horietatik bost Aramaion–. Hurrengo taulan daude datuak egunez egun eta herriz herri:
Herriak | Egubakoitza | Zapatua | Domeka | Guztira |
Oñati | 3 | 1 | 3 | 7 |
Bergara | 3 | 2 | 1 | 6 |
Aramaio | 0 | 0 | 5 | 5 |
Arrasate | 3 | 1 | 1 | 5 |
Aretxabaleta | 2 | 1 | 0 | 3 |
Eskoriatza | 1 | 0 | 1 | 2 |
Antzuola | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 12 | 5 | 11 | 28 |
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Aramaio gorrira, Aretxabaleta laranjara
Intzidentzia-tasen mapari erreparatuz gero, hainbat aldaketa egon dira asteburuan. Azpimarratzekoa da egubakoitzean 300etik behera kokatu zela bailara (eremu laranjatik horira igaro zen) eta hala jarraitu duela asteburu osoan. Nolanahi ere, apur bat gora egin zuen atzo eta 283koa da azken datua.
Herriei erreparatuta, eremu gorrian zegoen Aretxabaleta laranjara igaro da: 367,23 tasa du. Horrekin batera, behera egin dute intzidentziek Antzuolan eta Eskoriatzan ere, eta biak "gorri" egon arren, gehiago gerturatu dira gune laranjara. Eta atzo hirugarren herri bat ere batu zen 400etik gorako tasa duten herriengana: Aramaio. Zehazki, bost positibo berrirekin, 600eko langa gainditu dute aramaioarrek.
Datu guztiak daude ondorengo mapa interaktiboan:
>Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Positibotasunak behera, EAEn
Atzo egindako 3.658 proben %5,7k eman du emaitza positiboa Euskal Autonomia Erkidegoan; hau da, 209 herritarrek. Datuak aztertuta, positibotasuna behera egiten ari da astetik astera: batez bestekoa %8,6koa izan zen duela bi aste, eta %5,9koa izan da igaro den honetan. Honako grafikoan ikus daiteke bilakaera:
Kasu gutxiago atzemateak intzidentzia-tasan ere eragina du. Aurreko asteko datuarekin alderatuta, ia 100 puntu egin ditu behera tasak: 340,45etik 251,99ra jaitsi da astebetean.
Lurraldeetan, beherakada biziagoa izan da Araban, baina hirurek egin dute bat erkidegoaren joerarekin:
Atzoko positiboak lurraldeka banatuz gero, 116 baieztatu dira Bizkaian, 57 Gipuzkoan, 32 Araban eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. Bestetik, adinka banatutako zenbatekoak dira hurrengo taulan daudenak: lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.
Bilakaera aztertuta, esan behar da, egunetik egunera, lausotzen doala gazteenen eta helduagoen artean zegoen positiboen aldea.
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza datuari lotuta, asteburuan goranzko joera hartu du: 0,78tik 0,83ra igo da. Halere, datuaren arabera, pandemia ez da hedatzen ari –ez delako 1,00 baino zenbateko handiagoa–.
Ospitaleetako egoeran, aldaketa gutxi
EAEko ospitaleetako okupazioak gora egin du azken orduetan: 264 lagun daude ospitaleratuta –duela astebete baino 30 gutxiago baina aurreko egunean baino 24 gehiago–. Eta ZIUei erreparatuta, azken datuaren arabera, 71 lagun daude –aurreko astean baino hiru gutxiago baina herenegun baino hiru gehiago–.
Nafarroan, 31 kasu
711 proba egin ostean, 31 positibo hauteman dituzte Nafarroan; positibotasun-tasa %4,4koa izan da, alegia. Ospitaleetan, 70 lagun daude ingresatuta eta horietatik 24 dira Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daudenak. Bestetik, atzo bost lagun ingresatu zituzten plantan eta bat ZIUn, eta heriotza berri bat ere erregistratu da: guztira 1.231 lagun hil dira dagoeneko Nafarroan, COVID-19ak eraginda.