Eukaliptoaren kontra 'Udaletako mozioen gida' osatu du Baso Biziak plataformak

Txomin Madina Milikua 2021ko ira. 4a, 19:01

Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat elkarte batzen dituen Baso Biziak plataformak Elgetan aurkeztu duen gidak, hainbat udaletan eukaliptoaren kontra jarri diren mozioen nondik norakoak jasotzen ditu. Egileen esanetan, beste herri batzuetan antzerako asmoak dituztenei baliagarria izatea da asmoa.

Martxoan sortu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritako elkarteek Baso Biziak plataforma, eta gaur egun hamalau herritakoak batzen ditu, tartean, Bergarako Kuku Baso. "Ikusten genuen bakoitza bere aldetik gauza interesgarriak egiten ari ginela, eta elkartzeko momentua zela, beste dinamika batzuk modu bateratuan lantzeko momentua", azaldu du plataformako kide Edu Zabalak. Eta elkarlan horren fruitua da gaur Elgetako Espaloian aurkeztu duten eta eukaliptoaren hedapenari aurre egiteko osatu duten Udaletako mozioen gida.

Erkidegoan egindako azterketen arabera eukaliptoa "landare inbaditzaile exotikoa" dela diote plataformako kideek, "gure bioaniztasuna izugarri" kaltetzen duena. Onartuak izan edo ez, dagoeneko hainbat herritan aurkeztu dira eukaliptoaren kontrako mozioak eta horien nondik norakoak jaso dituzte osatu duten gidan, beste herri batzuetarako baliagarri izateko asmoarekin. "Hainbat udaletan jarritako mozioak jasotzea, laburtzea eta ordenatzea izan da asmoa, erakusteko ez dela hain zaila", dio Zabalak eta azpimarratu du informatzea dela asmoa: "Ez dugu gure iritzirik sartu, jasotze lana besterik ez dugu egin". Antzuolan, Bergaran eta Aramaion aurkeztutako mozioak dira, besteak beste, gidan agertzen direnak.

Elgetan egin duten aurkezpeneko une bat.

"Herri ekimeneko elkarteak izanda, Aldundiak edo Eusko Jaurlaritza bera urrun geratzen zaizkigu, horregatik jarri dugu fokua udaletan", gaineratu du Edu Zabalak, baita udalek ere badituztela eukaliptoaren hedapenari aurre egiteko eskumenak. Gidan jasotako mozioak askotarikoak dira: debekatzea, moratoria eskatzea, lurrak erostea eta bestelako ekimenak planteatzen dituzte.

Udaletako mozioen gida plataformaren Facebookeko eta Twitterreko orrietan jarri dute eskuragarri, eta herrietako elkarteek ere banatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak