Hiru kutsatu zenbatu dituzte bailaran azken orduetan; Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan

Jone Olabarria 2021ko abu. 17a, 12:58

Uztailaren 4tik egun bakarrean zenbatu den positibo kopururik baxuena da azken egunekoa –orduan ere kasu bana atzeman zuten Antzuola, Aramaio eta Arrasaten–. Azken orduetako datuekin Debagoieneko intzidentzia-tasak beherantz jarraitzen du, eta 302,43ko da une honetan.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Orain artean 8.848 kutsatu

8.848 dira pandemia hasi zenetik kutsatu diren debagoiendarrak. Azken egunetan datuek apaltzera jo dute –hamar kasu atzeman ziren domekan eta hiru atzo–.

Bestetik, herrietako intzidentzia-tasek oro har behera egiten dihardute, nahiz eta azken orduetan gorabeheratsu mantendu diren. Hain zuzen, behera egin dute Aretxabaletan, Arrasaten, Aramaion eta Bergaran, eta gora, aldiz, Eskoriatzan eta Oñatin. Azkenik, tasa berdin mantendu da Antzuolan eta Elgetan. Edozelan ere, eskualdeko mapan Eskoriatzak kolore gorria hartu du, atzo Bergara eta Arrasate kolore laranjaratik horira igaro ostean.

Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Ia 650 positibo EAEn

Azken orduetan, 641 lagunek eman dute positibo EAEn; lurraldeka, 330 kasu erregistratu dira Bizkaian, 186 Gipuzkoan, 104 Araban eta 21 dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Beste modu batera esanda, erkidegoan 6.826 proba diagnostiko egin dira eta %9,4ek eman du emaitza positiboa. 

Erkidegoko intzidentziak ere behera egin du –12,09 puntu–; hala, 522,80koa da. Eta adin-tarteei erreparatuz gero, beheko grafikoan ikusten den bezala, 20 eta 29 urte bitartekoen tasa da altuena –1515,02koa– eta gertutik jarraitzen dio 10 eta 19 urte artekoak –1062,78–. Edozein modutan ere, nabarmentzekoa da adin tarte horretako tasa apaltzen ari dela, eta dagoeneko 2.000ko langatik behera dago. Bestetik, 70 eta 79 urte arteko herritarrek dute guztietan tasarik baxuena: 168,32koa, hain zuzen ere.

Birsorkuntza tasa, apur bat gora

Oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, 0,01 puntu egin du gora atzotik; 0,92an, hain justu.  Edozein modutan, tasa 1,00etik behera dago oraindik ere –marra gorriaren azpian–; eta, beraz, esan daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.  

Guztira, 49 ospitaleratu berri

EAEko ospitaleei dagokienez, azpimarratzekoa da 49 ospitaleratze izan zirela atzo, joan den asteko martitzenean izandakoak baino zazpi gutxiago. 

Zainketa Intentsiboetako Unitatean, berriz, 73 lagun daude; aurreko egunean baino batgehiago. Plantan daudenak, beraz, 283 lagun dira. 

Nafarroako positiboak, gora

1.579 proba egin ostean, %9,6k eman du emaitza positiboa; hots, 151 lagunek. Gauzak horrela, dagoeneko 79.201 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan hautemandako COVID-19 kasuak. Bestetik, erietxeetan, 103 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik 25 dira ZIUn daudenak, horietatik bat azken orduetan. Gainera, pertsona bat hil da Nafarroan, koronabirusak jota. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak