Ospitaleratutako gaixo kopuruak gora egiten jarraitzen duela ohartarazi dute Osasun sailetik

Maialen Santos 2021ko abu. 10a, 14:19

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak eta Koldo Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak gaur egindako agerraldian adierazi dute EAEn egoera epidemiologikoak hobera egin duela, nahiz eta intzidentzia-tasak eta ospitaletako presioak oraindik ere oso altua izaten jarraitzen duen.

"Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,86an dago, baina ezin gara erlaxatu, oraindik ere intzidentzia tasa oso altua delako", esan du Cambrak. Eta gaineratu: "Egoeraren larritasuna igarri egiten da ospitaleetan, izan ere, azken zazpi egunetan ospitaleratze berrien batez bestekoan ez da nabaritu intzidentziaren jaitsiera".

Zehaztu duenez, Osakidetzako erietxetan ingresatuta 285 gaixo daude EAE; atzo baino lau gehiago eta duela aste bete baino 44 gehiago dira horiek. ZIUetan, bestetik, 69 lagun daude –atzo baino hiru gehiago eta aurreko astean baino 9 gehiago–. Hori horrela, Osasun agintariek ohartarazi dute "ezinbestekoa" dela prebentzio neurriak hartzen jarraitzea eta indarrean dauden neurri murriztaileak mantentzea.

23 agerraldi berri

Osasun sailburuordeak azaldu duenez, Osakidetzak 23 agerraldi hauteman ditu azken egunetan. Horietako sei enpresetan gertatu dira; bi, udalekuetan; eta lau agerraldi Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo egindako udalekuetatik eratorritakoak dira. Horietaz gain, zazpi agerraldi zahar etxeetan zenbatu dituzte, eta, beste bi, ezkontza ospakizunetan.

"Zaila da agerraldi horien sorburuak zein diren zehaztea, jatorriak askotarikoak baitira", aitortu du. Eta baita kezka azaldu ere: "Agerraldi horietako asko eragotz zitezkeen segurtasun neurriak hartu izan balira".

57.000 hitzordu libre

Txertaketa-planari dagokionez, abenduaren 27tik gaur arte 2.814.895 dosi eman dira. Hau da, 12 urtetik gorako EAEko biztanleen % 71,9k jarraibide osoa jaso du jada, eta ia % 80k, % 78,4k gutxienez lehen dosia. Aste honetan 119.940 dosi iritsiko dira: 95.940 Pziferrenak eta 24.000 Modernarenak.

Jose Luis Quintasek gogorazi du oraindik ere txertoa hartzeko hitzordu libre asko daudela, irailaren 6ra bitarte, 57.000 baino gehiago, eta "lehenbailehen" txertoa hartzeko gonbitea luzatu dio biztanleriari, "norberaren eta ingurukoen osasuna babesteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak