COVID-19ak hamalau heriotza eragin ditu EAEn; horietatik bat, Oñatin

Maialen Santos 2021ko abu. 4a, 13:22

Joan den asteazkena ezkero hamalau lagun hil dira koronabirusak jota erkidegoan, eta heriotza bat izan da Debagoienean; Oñatin, hain zuzen ere. Bestetik, azken orduetan egindako probek zazpi kutsatu hauteman dituzte bailaran: lau Oñatin eta hiru Aretxabaletan. Aipatzekoa da uztailaren 6az geroztik ez dela horren kutsatu kopuru baxua zenbatu eskualdean. 

Osasun Sailak herrietako positibo metatuak doitu ditu; bailaran, 34 kasuren aldea dago: Bergaran (-10), Aretxabaletan (-8), Oñatin (-8), Arrasaten (-5) eta Aramaion (-3). Hala, iazko martxoan pandemia hasi zenetik dagoeneko 8.678 lagun kutsatu ditu gaitzak. Honela daude orain datuak:

Bailarako intzidentzia-tasa, 800etik behera

Debagoieneko intzidentzia-tasa behera egiten ari da egunez egun, eta aipatzekoa da 800eko langatik jaitsi dela azken orduetan. Hain zuzen, 752,98ean dago kokatuta orain. Era berean, esan behar da Oñati 1.000ko langatik behera jaitsi dela azken orduetan. Edozelan ere, Leintz Gatzaga izan ezik gainontzeko herri guztiek jarraitzen dute gorri kolorez margotuta.

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Ia 1.400 kasu Hego Euskal Herrian

Duela astebete, uztailaren 28an, ia 2.000 kutsatu baieztatu zituzten Hego Euskal Herrian. Datuen goranzko joerak apaltzera egiten zuela ikusi da azken egunetan, eta gaur, ostera, gutxiago dira zenbatutako positiboak: 1.389. Positibotasun-tasei erreparatuta, testen %11,5ek eman du positibo EAEn eta %12,6k Nafarroan. Lurraldeka, 589 kasu baieztatu dira Bizkaian, 321 Gipuzkoan, 303 Nafarroan, 154 Araban eta 22 bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean. 

Bestetik, EAEren kasuan, azpimarratzekoa da positibo gehienak 10 eta 29 urte arteko gazteen artean hauteman direla. Adin-tarteka erregistratutako azken kasuak daude hurrengo taulan:

  • Lehenengo zutabean adin-tarteak ageri dira; bigarrenean, positibo kopurua; hirugarrenean, dagozkien intzidentzia-tasa metatuak; eta laugarrenean, tasen arrazoiak.

Intzidentzia-tasei erreparatuta, EAEko tasak behera egiten jarraitzen du, pixkanaka bada ere. Zehazki, 22,59 puntu egin ditu behera, eta 817,20koa da. Zentzu honetan ere, adierazgarria da gazteei dagokien intzidentzia: 17 eta 18 urte artekoen tasa, adibidez, 4769,29koa da, nahiz eta aurreko astetik behera egin duen –5.522,73ekoa zen–. Eta lurraldeei erreparatuta, honako hau da intzidentzien bilakaera:

Hamalau heriotza EAEn

Uztailaren 28tik abuztuaren 4ra bitartean hamalau lagun zendu dira EAEn COVID-19aren eraginez –aurreko zazpi egunetan baino lau gehiago–. Bailarara etorrita, berriz, Oñatin erregistratu da heriotza bat. 

Horretaz gain, beste apur bat egin du behera R0 datuak eta 0,86an kokatu da. 1,00etik behera egonez gero, ondoriozta daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.

72 ospitaleratze berri EAEn

Ospitaleetako datuei erreparatuta, azken egunetan gora egiten ari da ospitaleratu berrien kopurua, eta 327 pertsona daude ingresatuta Euskal Autonomia Erkidegoko erietxeetan –joan den egubakoitzean baino 33 gehiago–. Azpimarratzekoa da atzoko egunean 72 ospitaleratze berri egin zituztela, eta maiatzetik ez zela horrenbeste gaixo erietxetara iritsi egun bakarrean. Nafarroan, ostera, 114 dira ingresatuta dauden lagunak.

Zaintza Intentsiboetako Unitateetan, orotara 81 pertsona daude: 61 EAEn eta hogei Nafarroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak