Hamalau kutsatu zenbatu dituzte azken orduetan

Maialen Santos 2021ko abu. 3a, 13:19

Launa koronabirus kasu berri erregistratu dituzte atzo egindako probek Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran. Kasu bana zenbatu dituzte Oñatin eta Aramaion, eta gainontzeko herrietan ez dute positibo berririk baieztatu. 

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Orain artean 8.705 kutsatu

8.705 dira pandemia hasi zenetik kutsatu diren debagoiendarrak. Bosgarren olatuak gogor jo du bailaran ere, baina azken egunetako datuak apalagoak izan dira –hemeretzi kasu atzeman ziren domekan eta hamalau atzo–. Hala, aipatzekoa da herrietako intzidentzia-tasak behera egiten ari direla pixkanaka. Hain zuzen, Antzuolako, Aretxabaletako eta Leintz Gatzagako tasa mantendu egin da atzokoarekin alderatuta, baina beste herri guztietako tasak jaitsiz doaz. 

Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

900 positibotik gora EAEn

Azken orduetan, 907 lagunek eman dute positibo EAEn; lurraldeka, 476 kasu erregistratu dira Bizkaian, 300 Gipuzkoan, 110 Araban eta 21 dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Beste modu batera esanda, erkidegoan 9.567 proba diagnostiko egin dira eta %9,5k eman du emaitza positiboa. 

Erkidegoko intzidentziak ere behera egin du –ia hemeretzi puntu–; hala, 839,79 da. Eta adin-tarteei erreparatuz gero, beheko grafikoan ikusten den bezala, 20 eta 29 urte bitartekoen tasa da altuena –2606,25ekoa– eta gertutik jarraitzen dio 10 eta 19 urte artekoak –2370,27koa–. Aldiz, 70 eta 79 urte arteko herritarrek dute guztietan tasarik baxuena: 183,49koa, hain zuzen ere.

Birsorkuntza tasa, beherantz

Oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, zertxobait jaitsi da atzotik; baina tasa 1etik aldentzen ari da pixkanaka: zehazki, 0,89an dago. 

Bilakaera positiboa da, izan ere, zenbat eta zenbateko txikiagoa, orduan eta zailagoa izango da pandemiaren hedapena. Guazak horrela, tasa 1,00etik behera –marra gorriaren azpian– kokatzen bada, esan daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.

 

300ndik gora ospitaleratu

EAEko ospitaleetan, 303 pertsona daude ingresatuta, eta azpimarratzekoa da 56 ospitaleratze izan zirela atzo, azken egunetako daturik altuena da hori.

Zainketa Intentsiboetako Unitatean, berriz, 63 lagun daude; aurreko egunean baino hiru gehiago. Plantan daudenak, beraz, 240 lagun dira –atzo baino bat gehiago–. 

Nafarroan, 206 positibo

2.064 proba egin ostean, %10ek eman du emaitza positiboa; hots, 206 lagunek. Gauzak horrela, dagoeneko 76.307 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan hautemandako COVID-19 kasuak. Bestetik, erietxeetan, 114 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik 21 dira ZIUn daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak