Proba autodiagnostikoan positibo emanez gero, inprimaki bat betetzea eskatu du Osakidetzak

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 30a, 12:25

Osakidetzak aukera berria jarri du webgunean: farmazietan erosten diren proba autodiagnostikoetan positibo ematen duenak inprimaki bat bete beharko du. Ostean, arakatzaileak jarriko dira kutsatutakoarekin harremanetan eta PCR proba bat egiteko hitzordua emango diote.

Farmazian eskuratutako proba autodiagnostikoak emaitza positiboa emanez gero, jarraitu beharreko pausoak zehaztu ditu Osasun Sailak. Etxean isolatzea izango da lehenengo eginbeharra, eta ondoren, Osakidetzaren webgunean dagoen inprimaki bat betetzeko dei egin dute. Inprimaki hori bete eta bidali ostean, Osakidetzako miaketa-lanetan dihardutenak jarriko dira harremanetan positibo eman duenarekin, eta PCR proba bat egiteko hitzordua emango diote.

Urrats horiez gain, bestelako egoeretan jarraitu beharreko irizpideak ere ezarri ditu Osasun Sailak:

Sintomak ditut. Zer egin behar dut?

  • Sintoma ohikoenak honako hauek dira: sukarra, eztula, eztarriko mina, aire faltaren sentsazioa edo usaimena galtzea, besteak beste.
  • Sintoma hauetakoren bat nabaritzen baduzu:
    • (1) Isolamendua: gera zaitez etxean.
    • (2) Osasun-zentrora deitu.
    • (3) Sintomekin hasi aurretik egon zaren pertsonen zerrenda bat prestatu.
  • Osakidetza zurekin harremanetan jarriko da.
  • Txertoa jarri badidate ere egin behar dut? BAI.

Positibo eman dut. Zer egin behar dut?

  • SMS bat jasoko duzu emaitzarekin, eta Osakidetzatik deituko dizu zure osasunaren jarraipena eta bilakaera egiteko, bai eta zure kontaktuak identifikatzeko ere, transmisioa geldiarazteko.
  • Isolamenduan egon beharko zara gutxienez 10 egunez sintomak hasi zirenetik edo proba egin zizutenetik.

Positibo eman dut farmaziako test autodiagnostikoan. Zer egin behar dut?

  • (1) Isolamendua: gera zaitez etxean

  • (2) Formularioa bete

  • (3) Sintomekin hasi aurretik egon zaren pertsonen zerrenda bat prestatu. 

  • Osakidetza zurekin harremanetan jarriko da. 
  • Txertoa jarri badidate ere egin behar dut? BAI. 

Kontaktu estua naiz. Zer egin behar dut?

Kontaktu estua kasu positibo baten leku berean egon den edozein pertsona da, 2 metro baino gutxiagoko distantzian eta 24 ordutan 15 minututik gorako denbora metatuan, maskara modu jarraitu eta egokian erabili gabe. 

Kontaktu estua bazara, Osakidetza zurekin harremanetan jartzen den bitartean, formularioa bete. Berrogeialdia hamar egunez gorde beharko duzu. 

Hona hemen salbuespenak: 

  • Txertaketa-pauta osoa badu, ez du berrogeialdirik egin behar, baina bai interakzio sozialetan maskararen erabilera zorroztu, ekitaldi jendetsuetara ez joan eta COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak ager daitezkeen zaindu. Arakatzeko ekipoetatik deituko dizu, proba noiz eta nola egin behar dituzun adierazteko.
  • Azken 180 egunetan COVID bidezko infekzio aktiboa izan baduzu: ez duzu berrogeialdirik egin behar, baina interakzio sozialetan maskararen erabilera areagotu behar duzu, ez joan jendetsuetara eta zaindu sintoma bateragarririk agertzen den. Bilaketa-ekipoetatik deituko dizute, proba noiz eta nola egin behar diren adierazteko.
  • Infekzioa azken 90 egunetan izan baduzu, ez duzu berrogeialdirik edo probarik egingo .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak