28 positibo berri baieztatu dituzte Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 27a, 12:33

Hamabi positibo baieztatu dira Arrasaten, zortzi Aretxabaletan, lau Bergaran, bi Oñatin eta bana Antzuola eta Aramaion. Bestetik, intzidentzia-tasei dagokienez, azpimarratzekoa da Leintz Gatzaga eremu berdera igaro dela, azken bi asteetan kasurik erregistratu ez duelako.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Gorri artean, Leintz Gatzaga berde

8.504 dira pandemia hasi zenetik kutsatu diren debagoiendarrak. Bosgarren olatuak gogor jo du bailaran ere, baina azken bi egunetako datuak apalagoak izan dira –hamasei kasu atzeman ziren domekan eta 28 atzo–. Hala, dagoeneko intzidentzia-tasa batzuk hasi dira behera egiten; horren adibide da Leintz Gatzagaren kasua: 0,00ko intzidentzia-tasa du, azken hamalau egunetan ez baita positiborik hauteman.

Datu guztiak daude eguneratuta beheko mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

1.200 positibo EAEn

Azken orduetan, 1.200 lagunek eman dute positibo EAEn; lurraldeka, 683 kasu erregistratu dira Bizkaian, 361 Gipuzkoan, 121 Araban eta 35 dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Beste modu batera esanda, erkidegoan 10.217 proba diagnostiko egin dira eta  %11k eman du emaitza positiboa. Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, kutsatzeek "apaltzera jo" dute, baina aitortu du oraindik asko direla egun bakarrean atzematen diren kasuak.

Positibotasun-tasak, ordea, ez du apaltzea lortzen, eta erkidegoko intzidentziak ere gora egiten jarraitzen du –ia hemeretzi puntu egin ditu gora–; hala, 827,47koa da –duela astebete baino 242 puntu gehiago ditu–. Eta adin-tarteei erreparatuz gero, beheko grafikoan ikusten den bezala, 19 eta 39 urte bitartekoen tasa 1.800etik gorakoa da eta 18 urtera artekoena 1.250etik gorakoa. Gainerako herritarrak, baina, 400etik beherako zenbatekoetan kokatzen dira.

Birsorkuntza tasak, beherakada nabarmena

Oinarrizko birsorkuntza datuari erreparatuta, 1,12tik 1,06ra jaitsi da egun bakarrean; beheko grafikoan ikusten den bezala, 1,00etik gertuago kokatu da R0 adierazlea.

Bilakaera positiboa da, izan ere, zenbat eta zenbateko txikiagoa, orduan eta zailagoa izango da pandemiaren hedapena. Guazak horrela, tasa 1,00etik behera –marra gorriaren azpian– kokatzen bada, esan daiteke pandemia ez dela hedatzen ari.

 

Ospitaleratutakoen batez bestekoa, 54 urtekoa

EAEko ospitaleetan, 268 pertsona daude ingresatuta –40 ospitaleratze erregistratu ziren atzo–, eta Sagarduik azaldutakoaren arabera, horien batez besteko adina 54 urtekoa da. Datozen egunetan ospitaleratzeek gora egiten egiten jarraituko dutela uste du, eta era berean, batez besteko adina murrizten joango dela. Une honetan, plantan dauden 209 lagunen heren bat 40 urtetik beherakoa da.

Zainketa Intentsiboetako Unitatean, berriz, 59 lagun daude; aurreko egunean baino hiru gehiago. Sailburuak zehaztu du ZIUetako batez bestekoa ere gaztetzen ari dela: batez besteko adina 57,8koa da eta ingresatuta daudenen %20a 40 urtetik beherakoa da.

Nafarroan, 312 positibo

2.370 proba egin ostean, %13,2k eman du emaitza positiboa; hots, 312 lagunek. Gauzak horrela, dagoeneko ia 74.000 dira pandemia hasi zenetik Nafarroan hautemandako COVID-19 kasuak; zehazki, 73.997. Bestetik, erietxeetan, 106 lagun daude ospitaleratuta eta horietatik hamasei dira ZIUn daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak