Hainbat generotako literatur proposamenak, euskaraz

Uxue Igarza Loiola 2021ko abu. 8a, 11:13

Eguneroko bizmodu azkarrak, errutinak, lanak, sarritan ez dute betarik ematen liburu eder bat hartu, eta patxadaz, literaturaz gozatzeko. Oporretan, baina, ez dago aitzakiarik. Hemen dituzue euskarazko hainbat generotako lanak; guztiak eskuratu daitezke doan, eLiburutegia plataforman.

Eleberri beltza

'Aingeruaren pribilegioak'

Dolores Redondo. "70eko hamarkadan gaude Pasaiako badia xumean. Adiskidetasun sendo bat sortu da bost urteko bi neskatoren artean, Pakutxa eta Celeste. Inguruan dituzte beren ibilaldietan arrantzarako kaiak, zamaketariak, hezetasuna eta arrain gazitua. Jolasean eta bihurrikeriatan konplize dabiltzala, ezustean, zoritxarra agertzen zaie, eta gertakari tragiko batek banatzen ditu bi lagunak. Celestek, istorio honetako protagonistak, trauma bat pairatuko du urte luzez, eta ondorio latzak ekarriko dizkio bai berari bai bere inguruko guztiei. Izaera etereo baten mende, bakarrik sentituko da, eta, bien bitartean, borroka paradoxiko bat gauzatuko da bere barrenean, erantzunak aurkitzeko ahalegin desesperatuan".

Saiakera

'Hizkuntza gogoan'

Beatriz Fernandez. "Jakin-minak zehazten du ikertzaileen lanaren norabidea. Dena delako gaiari buruz arazo bat aurkitzen da, galderak sorrarazten ditu eta erantzuna ematen zaie. Halaxe gorpuzten da zientzia, eta zientzien artean, hizkuntzalaritza. Zer da hizkuntza? Haur basatiek hizketan ikas dezateke? Gu al gara hitz egiteko gai diren animalia bakarrak? Txinpantzeek hizketan ikas dezakete? Xibarta baleek beti kantu bera kantatzen al dute? Arrazoia ote zuen Nelson Mandelak zioenean "[inori] bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, hori bere bihotzera joaten dela"? Zergatik hiltzen dituzte Kanadan Lehen Nazioetako neskato eta emakumeak? Genozidioak ba al du zerikusirik hizkuntza eta kulturarekin? Ama hizkuntza galtzen al dute atzerrian adoptatutako haurrek? Gure barruko ahotsa hizketaldi bihur daiteke soinurik ahoskatu gabe? Hauexek dira irakurleak liburu honetan aurkituko dituen galderetako batzuk eta ikerkuntzak eman dizkien erantzunak. Ziur aski ez dira behin betiko erantzunak izango, baina irakurlearen jakin-mina hauspotuko dute beharbada".

Orotarikoa

"C'est la vie" kantatzen dute zaharrek

Karlos Zabala Oiartzabal. "Anton Pla, berrogeita bost urte inguruko hondarribiarra, bi seme-alabaren aita, lehen lorezain eta orain finka-administratzaile; larunbatetan aita alargunari bisita egiten dio Lesakan eta igande goizetan bere lagun Kinkori taberna garbitzen laguntzen dio Irunen. Gizon arrunta, inon arruntik bada, xehetasun txiki batengatik ez balitz: egun batez, hartarako arrazoi zehatzik eta bultzada jakinik gabe, atzeraka ibiltzen hasiko da. Xelebrekeria moduan hasi, eta azken muturreraino eramango du burutazioa Antonek, eta gauza bera nobelaren egileak: hari-muturretik tiraka, pertsonaiari segika ibiliko da hiru bat astez, uneoro gertatzen eta bururatzen zaizkionak kontatuz, eleberri umoretsu bezain harrigarria onduz. Baina nor da Anton Pla benetan? Ustekabean famatu bihurtzen den inuxentea? Pailazo sakratuen moduan gizartearen arauak zalantzan jartzen dituen transgresorea? Paradoxikoa, kaotikoa, xaloa, sarkastikoa, adar-jotzailea, zentzugabea… Ezaugarri horiek guztiek definitzen dute pertsonaia, zeinak, gure ispilu deformatzailea balitz bezala, noiz barre lasaia noiz irri urduria eginaraziko digun".

Eleberria

'Algara mutilatuak'

Ane Labaka Mayoz. "Atal asko mutilatu daitezke gorputz batean, batzuk besteak baino ikusgarriagoak, baina guztiak ere berdin mingarriak ebaketa nozitu duenarentzat. Hain ezaguna ez izanagatik ere, ohikoa den mutilazio horietako bati heldu dio Ane Labakak bere lanean, algararen erauzketari. Emakumezkoon gorputzetan fenomeno hori nola ematen den ikertzea izan du jomuga. Ariketa horretan bidaide izan ditu ipuin kontalariak, clownak, formatzaileak, aktoreak, aktibista feministak, gai jartzaileak eta bertsolariak, guztiak ere umorean arituak —eta, beraz, adituak— diren emakumezkoak, eta haien errelatoekin osatu du sentikortasunen gorputz mapa bat, zauri irekiez, orbainez eta sendabideez diharduena".

Haur eta gazte literatura

'Amaia Lapitz eta Festoseko diskoa'

Katixa Agirre Miguelez. "Amaia Lapitz udalekuetan dagoela, Ariane laguna bahitu egingo dute. Amaiarekin nahastuta eramango dute, ordea, eta lagunaren arrastoari jarraituz iritsiko da Egeo itsasoko Greziako uharteetara. Bahitzaileak asmo argia du: Kretan, indusketa-lanetan arkeologo batzuek aspaldi topatu eta duela gutxi lapurturiko Festoseko diskoa berreskuratu nahi du, Amaiaren ama lapurren atzaparretatik salbatzearen ordainetan. Abenturaz betetako bidaia honetan, Amaiak Arianaren ahotik ezagutuko duen Kretako Minotauroaren istorioa".

Abenturazko eleberria

'…eta infernuko demonioa adiskide'

Iñaki Irisarri Pellejero. "1811ko uda da; hiru urte badira Napoleonen tropak Iruñeko zitadelaz jabetu zirenetik, eta jendea nazkaturik dago frantsesak jasan eta elikatu beharraz. Hori dela-eta, gero eta gehiago dira Espoz Minak gidatzen duen gerrillarekin bat egiten dutenak, soldaduak behingoz Nafarroatik botatzeko.Hain zuzen, gerrillariekin elkartzera doa Babil, txirula jotzen duen mutiko xalo eta mutua, etsaiek aita hil diotela-eta. Erakusle ipiniko diote Txarro, gizonkote zakar eta basa, eta eginkizun berezia emanen diete, biei eta Bordeletik datorren Lauren gazte ilustratuari: mugaldera joatea, handik dabilen bidelapurra atzemateko, merkatarien joan-etorriak babestearren. Abenturazko eleberri hauxe dugu Iñaki Irisarriren letretako estreinaldia: leku, giro eta garai zehatz baten kolore eta usainez ongi hornituriko kontakizuna, botereen eta armen aurrean herritar xeheak galtzeko guztiak dituela gogorarazten diguna".

Beldurrezko eleberria

'Sustrai beltzak'

Jon Arretxe. "Terrorearen generoa landu du oraingoan Arretxek, hamaika istorio beldurgarri biltzen dituen ipuin liburu honekin. Hilketa odoltsuak aurkituko ditugu batean, zomorroak ilunpean bestean, ulertu ezinezko gaiztakeria eta krudelkeria hurrengoan? Izugarrikeria horien gertalekuak, berriz, munduko hainbat txoko izan litezke: Marrakex, Siberia, Amazonia, Lahore, Varanasi? baina baita aireportu aseptiko bat, edo norberaren atariko etxe arrunt bat ere, ikarak nonahi eta noiznahi harrapa gaitzake- eta, ustekabean gehienetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak