Gaur eta bihar gauean ikusiko dira San Lorentzoren malkoak ondoen

Uxue Igarza Loiola 2021ko abu. 11a, 11:00

Askorentzat udako gauak ez lirateke gauza bera izango Pertseidarik edo San Lorentzoren malko famaturik gabe; izar iheskorrak ikusteko ilusioz egoten dira batzuk urtero. Bada, 2021 honetan ere egongo da izarrez gozatzeko aukera.

Uztailaren 17an hasi ziren lehenengo San Lorentzo malkoak zerua zeharkatzen, eta meteorologia adituen arabera, hilaren 24ra arte egongo dira gurean. Halere, gaurkoa eta biharkoa izango dira gaurik aproposenak izar-euriaz gozatzeko. Hain zuzen ere, Pertseiden maximoa abuztuaren 13an izango da, 04:05ean: orduko 110 meteoro espero dira.

Hirietatik eta argi-kutsaduratik urruntzea eta zerura begiratzea besterik ez da behar izar iheskorrak ikusteko. Halaber, adituek azpimarratu dute mugikorraren pantailak albo batera uzteko momentua izaten dela; begiek hogei minutu inguru behar baitituzte iluntasunera ohitzeko.

Jatorria, Swift-Tuttle kometan

Udako Izar-euriaren jatorria Swift-Tuttle kometan dago: eguzkiaren inguruan egiten duen ibilbidean, kometak meteoroide izeneko hondakin hodeia uzten du, eta bere orbitaren une zehatz baten, gure atmosfera zeharkatzen dute hodei horren hauts partikulek. Une horretan, materia horrek meteoro edo izar uxo izenez ezagunak diren aztarna luze, distiratsu eta iraunkorrak egiten dituzte zeruan. 200.000 km/h abiadura eta 5.000 ºC izaten dituzte izar iheskorrek.

Pertseidak, Perseus konstelaziotik

Pertseida guztiak puntu beretik sortzen direla dirudi –puntu horrek erradiante izena hartzen du–, izan ere, izar iheskorren jatorria markatzen duen lerro bat marrazten badugu, guztiak Perseus kostelazioan sortzen direla dirudi. Horrenbestez, izar uxoak ikusteko, erradiantetik 40º eta 50ºtara begiratzea da adituen aholkua; hau da, gure kasuan, hego-ekialdera edo ipar-mendebaldera begira jartzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak