Osasun Sailak herrietako positibo metatuak doitu ditu; bailaran, 24 kasuren aldea dago: Arrasaten (-9), Oñatin (-4), Bergaran (-3), Aretxabaletan (-3), Aramaion (-2), Elgetan (-1), Eskoriatzan (-1) eta Leintz Gatzagan (-1). Horrela daude orain Debagoieneko datuak:
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Intzidentziei dagokienez, maparen koloreak ez dira aldatu, baina gora egin dute tasek oro har:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
2.000 kasutik gora, Hego Euskal Herrian
Pandemiak orain arte izandako mugak gainditu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan: atzoko egunez, inoiz erregistratutako zenbateko altuena izan zuen erkidegoak: 1.583 kasu –atzora arteko datu okerrena iazko azaroan erregistratu zen EAEn, 1.547 kasurekin–. Nafarroan, berriz, 459 positibo baieztatu dira, eta hortaz, Hego Euskal Herrian, orotara, 2.042 kasu berri hauteman ziren atzo.
Egoerak okerrera egiten jarraitzen duen honetan Jaurlaritzako agintariek adierazpenak egin dituzte. Urkulluk ekainaren 24ko Errege Dekretua izan du hizpide egunotan. Sanchez Espainiako presidenteari dekretua aldatzeko eskatu dio, maskararen erabilera berriz ere nahitaezkoa izan dadin. Gaur, eguaztena, Diputatuen Kongresuan eztabaidatuko da hori. Osasun sailburu Gotzone Sagardui ere ildo beretik aritu da: datuek ez dutela hobera egingo esan du eta musukoaren derrigortasuna eskatu du.
Horrekin batera, beste eskaera bat ere egin dio Urkullluk Sanchezi: aste honetan bertan, "beharrezkoak" diren neurriak – lehendakariaren hitzetan, taldekatzearen gehieneko kopurua edo gaueko mugikortasuna– premiaz har ditzala autonomia-erkidego guztiei "segurtasun juridikoko esparru nahikoa" emateko.
Lau heriotza EAEn
Duela astebete heriotzarik erregistratu ez bazen ere, azken zazpi egunetan lau lagun hil dira EAEn COVID-19 gaitzaren ondorioz – horietako bat ere ez da debagoiendarra izan–. Hala, Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, guztira, 5.622 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik.
EAEko intzidentzia, 600etik gora
44,28 puntu egin ditu gora EAEko intzidentzia-tasak eta 630,26ra iritsi da. Era berean, Gipuzkoakoak ere gorakada nabarmena izan du eta erkidegoko batez bestekoaren aurretik jarraitzen du 700etik gorako zenbatekoarekin:
Eta gazteen artean ere– zehazki 17 eta 18 urte bitartekoen artean– tasak gora egiten jarraitzen du: erregistratu den azken zenbatekoa 3.843,50ekoa da. Horrek lotura estua du atzeman diren azken kasu positiboekin, izan ere, EAEko 1.583 kasuetatik 214 adin horretako gazteen artean hauteman dira (% 13,51).
Lurraldeka, Bizkaia da aurrea hartu duena, 873 kasurekin. Gipuzkoan 481 baieztatu dira, Araban 189 eta 40 izan dira EAEtik kanpo erroldatutakoen artean hauteman direnak. Bestetik, aurreratu bezala, 458 izan dira Nafarroan erregistratutakoak.
"Oraindik lasai" ospitaleetan
Sagarduik esan duenez, "oraindik lasaia" da EAEko erietxeetako egoera, baina egunez egun, okupazioak gora egiten dihardu, bai plantan eta bai ZIUetan: "Agerikoa da ospitaleratzeen kopurua hazten ari dela, baina, zorionez, infekzioek eta ospitaleratzeek ez dute aurreko olatuetako korrelazio bera, ezta hildakoek ere".
Azken datuei erreparatuta, 49 lagun ingresatu zituzten atzo eta 233 dira momentu honetan ospitaleratuta daudenak –aurreko astean baino 108 pertsona gehiago–. Horietatik 45 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan –duela astebete baino hemeretzi gehiago– eta 188 plantan.