Ministroen Kontseiluak gaur emango dio oniritzia autodiagnostikoko probak errezeta barik farmazietan erosteari. Behin Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan egongo dira eskuragarri.
Zer da autodiagnostikorako testa?
Test azkarrak edo antigenoen testak dira. Birusaren proteina bilatzen dute infekzio aktibo bat dagoela ziurtatzeko, eta fabrikatzaileek ziurtatzen dutenez, espezifikotasuna (patogeno hori aurkitzea eta identifikatzea) % 90etik gorakoa da.
Noiz dira erabilgarriak?
Ustezko infekzioaren ondorengo zazpi egunetan erabiltzeko pentsatuta daude. Eta sintomak edukiz gero, horiek agertu eta bost egunetara.
Zein marka aukeratu?
Aukeratzen duguna aukeratzen dugula, Europako Komunitateko etiketa izan behar du, eta aztertu duen organismoaren lau zenbakiak ere agertu behar dira kutxan. Esan gabe doa, farmazietan erosi behar direla probok.
Nola egiten da proba?
Fabrikatzailearen jarraibideak jarraitu behar dira, proba modu egokian egiteko. Sudur-barrunbeen azaleko lagin bat hartu behar da gehienetan eta listua erabiltzen duten bertsioak ere badaude. Emaitzak ezagutzeko denbora gutxi behar da: 15 minuturen buruan lortzen da. Positiboa bada, bi lerro (test (T) eta kontrol (C) marka batzuetan) markatuta egongo dira, eta negatiboa bada bakarra (kontrol) agertuko da markatuta.
Positibo emanez gero, zer?
Positibo emanez gero, berehala isolatu eta harremanetan jarri beharko da Osakidetzarekin. Eta negatibo ematez gero ere, sintomak izanez gero, kontuan hartu behar du proba ez dela erabat ziurra. Horrekin lotuta, oraindik protokolorik ez dagoenez, norbanakoen ardura da nola jokatu ebaztea.
Zenbat balio dute probek?
Probaren kostua hornitzailearen araberakoa izango da. 10 eta 15 euro bitartekoa izan daiteke prezioa.
Ziurtagiriak lortzeko balio dute?
Ez dute balio ofizialik, eta beraz, ezin da, esaterako, bidaiatzeko ziurtagiria lortu. Klinika homologatuetan egindako antigeno edo PCR testak baino ez dira izango baliagarriak dokumentuak lortzeko.