Berrituta dator Euskal Herriko jolasguneen gida

Maialen Santos 2021ko uzt. 17a, 09:13
Goienako, Olgetako eta Txatxilipurdiko ordezkariak, ataria erakusten.

Goienaren, Olgetaren eta Txatxilipurdi elkartearen ekimenez sortu zen jolasparkeak. eus, duela lau urte, baina berrikuntzak egin eta atalak gehitu dizkiote. Debagoienean aire zabalean jolasteko hamabi espazio zerrendatu dituzte.

2017an sortu zuten jolasparkeak.eus ataria, Euskal Herriko jolasguneen gida, Goienaren, Olgetaren eta Txatxilipurdiren ekimenez. Pixkanaka elikatuz joan dira, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako aire zabaleko jolaserako espazioak zerrendatu dituzte; familia, hezitzaile, talde edo norbanakoentzako aproposak. Txatxilipurdi elkarteko Lander Juaristik esan du azken hilabeteetan bultzada emateko lanetan ibili direla: "Dagoeneko ibilbide bat egin du atariak, eta berrikuntzak egin dizkiogu".

Lau multzotan sailkatutako espazioak zerrendatu dituzte: jolas parkeak, herri guztietan jolasteko aproposak diren aire zabaleko espazioak; jolasguneak, jolaserako espresuki sortutako parkeak; urguneak, ura elementu nabarmen moduan duten jolaserako guneak; eta heziguneak, haur guztientzako aukera zabala eta esperientzia esanguratsuak eskaintzen dituzten eta erabilera publikoa duten espazioak. Azken atal hori berria dela zehaztu du Juaristik: "Hainbat ikastetxetako patioak eraldatzearen aldeko mugimendua dago Euskal Herrian, eta heziguneen atalean sartu ditugu horiek. Batu gura izan ditugu patio horiek, baina, betiere, erabilera publikoa dutenak".

Espazioekin eta bertako dinamikekin lotutako hausnarketa eta berriak biltzeko blog bat ere sortu dute, gainera. "Jolaserako espazioen inguruan dauden hausnarketak batzea garrantzitsua dela uste dugu. Herriak edo bertako horietako zehatz batzuk jolasteko aproposak izan behar direla sinesten dugu, eta atal horretan askotariko iritziak jaso gura ditugu", adierazi du.

Debagoienean, hamabi espazio

Bailarara etorrita, hainbat dira jolasparkeak.eus webgunean zerrendatuta ageri diren jolasguneak –gehiago ere badaude–. Bergarako San Martzial dago jolasgune proposamen moduan, eta baita Labegaraietako aisialdigunea eta Usondo parkea ere. Elgetako jolasguneak ere badaude; esaterako, Bolatokiko parkea eta Asentzio ingurua. Oñatiri dagokionez, Usako urgunea aproposa izan daiteke edonoren gozamenerako, eta Baratzeko Pikua izeneko jolas parkea ere proposatu dute webgunearen sortzaileek. Atxorrotx jolasgunean eta Torrebaso jolas parkean ere jolastu daiteke, Eskoriatzan. Arrasateko Dragoia jolas parkea ere badago eskualdekoen zerrendan, eta Monterron parkea jolasgune gisara hartu dute. Azkenik, Aretxabaletako Otala Zelai ere jolasgune da.

"Webgunea bizia izango da elikatuz bagoaz, eta horregatik eskatu gura diogu jendeari gune aproposak ikusten baditu argazkiak atera eta webgunearen bitartez bidaltzeko", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak