Oñatin hauteman dute Debagoieneko positibo bakarra

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 25a, 12:34

Kasu bakarra baieztatu dute eskualdean; Oñatin, hain zuzen ere. 1.403 dira pandemia hasi zenetik kutsatutako Oñatiarrak, eta bailaran kutsatutako guztien % 15,4a osatzen dute. Bestetik, EAEko hoberanzko joera apaldu den arren, Urkulluk adierazi du talde-immunitatea udan lortuko dela.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du Debagoienean: 75,60koa da. Herrietan ere, azken orduetan, behera egin dute zenbatekoek; Oñatin, Aretxabaletan eta Arrasaten erregistratu dira aldaketak, eta azken bi udalerri horiek kolore berdetik gertuago kokatu dira. 67,93ko tasa du Arrasatek eta 70,62koa Aretxabaletak. Datu guztiak daude eguneratuta hurrengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Birsorkuntza datua, 1etik gora

Pandemiaren bilakaera aztertzeko erabiltzen den R0 adierazleak gora egin du azken orduetan; 1,04koa da. Horrek esan nahi du kutsatutako pertsona batek beste lagun bat kutsatu zuela atzo, batez beste, eta hortaz, pandemia hedatu egin zela.

Bestetik, atzo EAEn egindako 5.312 PCR eta antigeno probek 217 positibo atzeman zituzten; positibotasun-tasak puntu bat baino gehiago egin du gora (% 4,1). Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman dira kasu gehien (89) eta atzetik izan ditu Bizkaia (87) eta Araba (32), eta bederatzi izan dira bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandako kasuak. I

Bestetik, erkidegoko intzidentzia-tasari erreparatuta, zenbatekoak behera egin du, baina 0,32 bakarrik: 105,56koa da azken datua.

Ospitaleei dagokienez, herenegun baino pertsona bat gutxiago dago Zaintza Intentsiboetako Unitateetan; guztira, 34 lagun daude. Plantan berriz, 65 daude azken datuen arabera, eta atzo 24 izan ziren ingresatutakoak.

Talde-immunitatea, udarako

Gaitza ez hedatzeko pertsona nahikoa babestuta egotea da talde-immunitatea lortzea, azalpen zientifikoen arabera. Lehendakariaren ustez, txertaketa kanpainaren bilakaera ikusita, helburua lortzetik gertu dago Euskal Autonomia Erkidegoa, eta aurreikuspen onak egin ditu: "Talde-immunitatera hurbiltzen gara eta uda honetan lortuko dugu".

Nafarroako datuak, batzeke

Nafarroako Gobernuak behin betiko datuak argitaratutakoan osatuko da albistea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak