Herri guztietan antzerki eskolak izateko gogoz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko eka. 24a, 15:13

DAP edo Debagoieneko antzerki Plataformak antzerki formakuntza saioak abian jarri nahi ditu, "antzerkia eraldatzailea izateko helburuarekin". Eskualdeko herri guztietan egin gura dituzte, eta urrian hastea da euren asmoa; aurrematrikulazioa zabalik dago.

D2030 ekimenaren babesean dagoen ekimena da DAP, Debagoieneko Antzerki Plataforma. Antzerki arloan diharduten hainbat lagun, euren kezketatik abiatuta, arte diziplina honi bultzada ema-teko elkartu ziren; izan ere, entretenitzeko tresna baino gehiago, gizartea eraldatzeko tresna moduan ulertzen dute antzerkia. "Antzerkia ahalik eta jende gehienari zabaldu nahi diogu. Zer lortzeko? Alde batetik, Debagoienean euskarazko antzerkirako formakuntza aukerak egoteko, eta, bestetik, antzerkiaren bitartez norbere burua ezagutu eta subjektu aktibo eta sortzaileak bideratzeko, gizarte kohesionatuago eta enpatikoa osatzeko asmoz", azaldu du DAPeko kide Josu Zubiak.

Formakuntzan inbertitu beharra

Helburu horiek gauzatu ahal izateko bost lan-ildo zehaztu dituzte, eta horietako bat da datorren ikasturtean, bereziki, landuko duten formakuntzaren arloa. "Irailean aurkeztuko dugu jendaurrean orain arte egin dugun lanketa osoa, baina kultura gizartea eraldatzeko erreminta moduan ikusteko, ezinbestekoa dugu formakuntzan denbora eta indarra inbertitzea. Lehendik ere bagenekien, baina osasun-krisiak handitu egin du sentitzeko dugun beharra, gertatzen ari den guztia gorputzera eramateko beharra. Haurrek, gazteek eta helduok badakigu zer egin eta nola jokatu behar dugun, baina ez dakigu emozio horiek kudeatzen, eta, ondorioz, modu arrazionalean geratzen gara, eta horrek itxurakeriaren auzia ekartzen du sarritan gizartera, eta arriskutsua iruditzen zaigu hori".

Asmoa, herri guztietan izatea Arrasaten –Doke antzerki eskola–, Oñatin –Irazan-gunea– eta Bergaran –Jardun antzerki eskola– badaude dagoeneko, baina Zubiak azaldu du DAPen formakuntza saioak ez datozela horien jarduna ordezkatzera. "Antzerki eskola horiek indartu nahi ditugu, eta, horrez gain, antzerki formakuntzarako aukerarik ez dagoen herrietan formakuntza-gune bat eskaini ere bai. Debagoiena bailara moduan eta batasun kontzeptu horretan sartu ditugu formakuntza saioak,; horregatik, egun guztietan, gutxienez, herri baten, behintzat, saio bat eskaintzen saiatuko gara, gutxieneko jende kopurua lortuz gero".

Aurrematrikulazioa zabalik da

Euskaraz izango dira formakuntza saio guztiak, urritik ekainera bitartean, eta 8 urtetik gorako edozeinendako daude ateak zabalik. "Adinaren araberako hiru multzotan banatuko ditugu parte hartzaileak: haurrak, gazteak eta helduak. Herri guztietan egiteko aukerarik ez badugu, alboko herriko saioetara joateko aukera izango dute parte hartzaileek. Haurrendako saioak astean ordubetekoak izango dira, gazteendako ordu eta erdikoak edo bi ordukoak eta helduendako bi aukera eskaini ditugu: astean behin bi ordukoa astean zehar; edo asteburuetan lau orduko saioak, bi astean behin".

Aurrematrikulazioa egiteko aukera badago dagoeneko, eta lotura honetan dagoen inprimakia bete behar da.

Ikerketa ere abian dute

Hurrengo ikasturtera begira asmo gehiago dituzte, eta horien artean dago aurten egiten ari diren ikerketaren emaitzak aurkeztea. "Ikerketa horren bidez aztertu gura dugu antzerki sareen eta, orokorrean, kultur ikuspegiari buruz Debagoienean dagoen pertzepzioa. Eta horretarako, eskualdeko sortzaileekin egon gara, baina publiko orokorrarekin, herritarrekin, ere egon gura izan dugu inkesta horren bitartez. Dagoeneko iritzi asko jaso ditugu, askotarikoak, eta oraindik ere erantzunak jasotzen ari gara, baina ahalik eta erantzun gehien jaso nahiko genituzke, ikerketaren emaitza ahalik eta osatuena izateko; hortaz, interesa duenak bete dezala galdetegia".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak