Araban eguzki-parke fotovoltaikoak jartzeko proiektua sustatuko du Mondragon Taldeak

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 21a, 17:24

Irabazi asmorik gabeko sei energia-kooperatiba eratuko dira, eta bazkideek instalazioek sortutako energia elektrikoa eskuratu ahal izango dute, haiek sortzeko kostuaren pareko prezioan. Mondragon Taldearen Ekiola sozietateak bultzatuko du egitasmoa, Enargi sozietate publikoarekin batera.

Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Taldeak sinatutako hitzarmenari esker, sei kooperatiba eratuko dira Añana, Aiara, Arabako Mendialdea, Arabako Lautada, Guardia-Arabako Errioxako eta Gorbeialdeko kuadrilletan. Energia banatzeko eta kudeatzeko eguzki-parke fotovoltaikoak egitea da asmoa.

Energia jasangarria sortzeko bidean, herritarren kooperatibak sustatzeko Ekiola sozietatea dago asmoaren atzean (Energiaren Euskal Erakundearen eta Krean Mondragon Taldeko ingeniaritza sustatzailearen partaidetzarekin sortutakoa) eta baita Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen Sailari atxikitako Enargi sozietate publikoa ere. "Proiektu horiek kontsumo-kooperatibek kudeatzen dituzte eta herritarrek parte hartzen dute, eta Arabako hiriguneen autosufizientzia energetikoaren alde lan egitearen aldeko apustu argia egiten dute, tokiko eta eskualdeko inplikaziotik abiatuta", adierazi dute foru ordezkariek.

Arantxa Tapia iraunkortasun eta ingurumen sailburuak esan du Europako energia-politikekin eta 2030erako Euskadik Energia Estrategiarekin bat datorren ekimena dela: "Energia berriztagarriak eta autokontsumo aprobetxatzeko sistemen bidez, autohornikuntza energetikoa bultzatzeko beharra dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak