Ekiola sozietatea eratu dute, herri kooperatiben bidez energia berdea sortzeko

Uxue Igarza Loiola 2021ko ots. 9a, 10:15

Eusko Jaurlaritzako eta Mondragon Taldeko energia alorreko ordezkariek aurkeztu dute Ekiola Energia Sustapenak. Herritar kooperatiben sustatzea bilatu nahi dute, energia iraunkorra sortzeko.

Energiaren Euskal Erakundearen eta Kreanen arteko bazkidetzari esker, erkidegoan energia aldaketaren Europako Estrategia abiarazi nahi da, eta azaldu dute herritarren parte-hartzea "garrantzi handikoa" izango dela. Zehazki, esan dutenez, helburua da pertsona bakoitzak kontsumitzen duen adina elektrizitate berde sortzea, eta prozesu horretan herritarren inplikazioa bilatzea. Izan ere, energia kontsumitzeko tokiko kooperatiben egitasmoari esker, sustatzaileek nahi dute herritarrek ulertzea energia nola kontsumitzen duten eta nola sortzen duten.

Energia-erkidegoen eraketak energia fotovoltaikoa sortzeko proiektuak ahalbidetuko ditu, "tokiko eta hurbileko administrazioen eskutik". Horren haritik, Iñigo Ucin Mondragon Taldeko presidenteak adierazi du kontsumitzaileen "parte-hartze zuzena" duen kooperazio proiektua dela: "Udalen eta tokian tokiko administrazioen eta eragileen esku hartzea ere ahalbidetzen du energia sortzeko instalazioen kontrolean". Azpeitia izango da eguzki-instalazioa jarriko duen lehenengo herria.

Kooperatibistak, onuradun

Sustatzaileen esanetan, kooperatiben eraketak aukera ematen du "dimentsio handiagoko proiektuak" sortzeko eta horrenbestez, "herritar askoren parte-hartzea" lortzeko. Kasu honetan, proposatzen dutena da kooperatibistek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiaren aprobetxamendua izatea, instalazioak propioak bezala identifikatzea eta horien kontsumo elektriko osoaren baliokidea izango den energia kantitatea sortzea haietan. "Etekinak edo emaitzak kooperatibistentzat izango dira, faktura elektrikoaren bidez. Hartara, bakoitzak bere instalazioaren emaitzak ikusi ahal izango ditu urtero", zehaztu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak