Debagoieneko hainbat neska gaztek lehen topaketa feministak egingo dituzte uztailean

Maialen Santos 2021ko eka. 22a, 15:49

Eskualdeko herri ezberdinetako hainbat neska gaztek Debagoieneko lehen topaketa feministak egingo dituzte SutikZutzera leloarekin. Uztailaren 2an, 3an eta 4an egingo dituzte, Arrasateko gune ezberdinetan. 

Gaur, astelehena, bailarako talde feminista ezberdinetako kideek egindako agerraldian adierazi dute egitaraua datozen egunetan zehaztuko dutela, baina aurreratu dute tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak eta aisialdi aukera ezberdinak izango dituztela.

"Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Debagoieneko herrietan ere duela hilabete batzuk hasi ginen neska gazte ezberdinak elkartzen, elkarren artean saretzeko beharrak eraginda eta ditugun problematiken aurrean sortzen zaigun beharragatik", azaldu du haien bozeramaile Ane Etxabek. Eta gehitu: "Argi dago elkar ezagutzen, saretzen, ikasten eta konspiratzen jarraitzeko espazioak behar ditugula". Hori dela eta, hilabeteetako lan eta hausnarketen ostean, helburu horiek lortzeko bidean, eskualde mailako elkarretaratzea egitea pentsatu dute, "lehen aldiz gure artean ezagutu eta elkarrekin egun batzuk igarotzeko".

Zehaztu dute topaketak iraun bitartean herri ezberdinetako neskek elkar ezagutzeaz gain, hausnartu, ongi pasatu eta konspiratzeko aukera izango dutela, helburua izanik kaleak hartzen jarraitzeko "indarrak hartzea". 

Neska gazteen lana, "funtsezko"

Topaketa COVID-19aren garaian antolatzeak, inoiz baino traba eta zailtasun gehiago suposatzen dituela ere esan du Etxabek, baina edozelan ere, euren lana "funtsezkoa" dela: "Gaitzak eragin duen krisi anizkoitza inoiz baino nabariagoa izaten ari da; zaintza krisia, etxe-gabetzeak, gazte kriminalizazioa, gazte prekarietatea, eta abar luze bat. Aspaldidanik esan da sistema kapitalista heteropatriarkala sostengaezina dela, eta gu ere horretan berresten gara".

Are gehiago, uste dute sistemak eragiten dituen zapalkuntza eta desoreka ezberdinen artean, neska gazte bezala ere, euren "problematika espezifikoak" dituztela: "Gure sozializazio prozesuan parte hartzen duten hainbat egitura sozialek, sistema kapitalista heteropatriarkalaren erreprodukzioaren norabidean eragiten dute; hala nola, familiak, hezkuntzak, prekarietateak, edertasun kanonek edota sexualitateak". 

Guzti horren aurrean, erronka eta nahia dute "ikuspegi askatzaile batetik" eragitea: alegia, feminismotik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak