Oporretan egonda ere, lehentasuna txertoari emateko dei egin du Sagarduik

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 21a, 13:49

1.833.862 txerto jarri dira EAEn, eta 776.774 lagunek bukatu dute haien zikloa; herritarren %41,7k hain zuzen ere. Sagarduiren arabera, erritmoa "ona" da eta adierazi du iristen diren dosien araberakoa izango dela irailean lortuko den talde-immunitatea.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak txertaketari dagozkion hainbat gairen inguruan jardun du gaur. Alde batetik, Ipar Euskal Herrira txertatzera joan diren hegoaldeko herritarren hautuarekin "harrituta" agertu da sailburua, eta adierazi du, oraingoz behintzat, Osasun Sailak ezin dituela gai horri dagozkion zalantzak argitu; izan ere, ez omen dute informaziorik jaso Frantziako Gobernuaren aldetik. "Zalantza asko daude jendartean eta guk ezin dugu erantzun. Ez dakigu, adibidez, nola jakinaraziko den iparraldean hartutako txertoa EAEko herritarren osasun historialean". Halere, Sailburuak esan du "errespetagarria" dela herritar horien hautua.

Bestetik, oporraldian txertoa hartzea tokatzen zaienei ere mezua helarazi nahi izan die sailburuak: "Lehentasuna txertoari eman behar zaio, immunitate handiena lortzeko". Izan ere, bigarren dosiari ezetz esaten diotenek "beranduago" hartuko dute txertoa, baina immunitateari dagokionez, eraginkortasuna gal daiteke. "Gauza jakina da, adibidez Pfizerren kasuan, lehenengoa jaso eta 21 egunetara jarri behar dela bigarrena. Epe horiei uko eginez gero, immunitate-maila ez da berdina izango", argitu du.

Eta aurrekoari jarraituz, datorren Osasun Batzordean, erkidegoek berriz izango dute mahai gainean norberaren erkidegoa ez den baten txertoa hartzeko aukera. Orain arte, Jaurlaritza ez da aukera horren alde agertu, baina Sagarduik azaldu du egoera desberdina dela erkidego batetik bestera "lekualdatutakoen" kasuan; hau da, hilabete bat baino gehiago beste erkidego batean igaro behar dutenen kasuan: "Arrazoia edozein dela ere, hilabete bat baino gehiago beste erkidego batean igaro behar izanez gero, txertoa hartzeko txanda eska daiteke bertan. Hori horrela egiten ari gara erkidego guztietan".

Bukatzeko, nerabeen txertaketari lotuta, Osasun sailburuak ez du datu zehatzik eman. Osasun Sailaren nahia ikasturtea hasi orduko nerabeak txertatzea da, baina aukera hori iristen den txerto kopuruaren araberakoa dela esan du Sagarduik: "Momentu honetan Pfizerrek soilik du adin tarte hori txertatzeko baimena, eta hortaz, iristen diren zenbatekoen araberakoa izango da gazteen txertaketaren erritmoa".

Txertaketaren bilakaera, EAEn

Txertoen konpainiei erreparatuta, Pfizerren 1.285.073 txerto jarri dira, AstraZenecaren 284.394,  Modernaren 194.496 eta Janssenen 69.899. Hala, Osasun Sailak jakinarazi duenez, 16 urtetik gorako herritarren % 62,1ek jaso du dosi bat gutxienez eta EAEko biztanleen %41,7k bukatu du bere txertaketa prozesua. Bestetik, orain arteko datuek erakusten dutenez, %1,6 izan dira txertoa jarri ez dutenak (kontraindikazioengatik edo uko egin diotelako).

Honako taula honetan daude txertaketaren datuak:

Adin-taldea 1. dosia Inmunizazio handiena
100 edo gehiago % 100 % 99,1
90 - 99 % 100 % 99,8
80 - 89 % 100 % 99,5
70 - 79 % 97,4 % 96,8
60 - 69 % 94,0 % 36,8
50 - 59 % 89,0

% 58,2

40 - 49 % 47,8

% 18,5

30- 39 % 15,2

% 13,0

20 - 29 % 14,5

% 11,8

16 - 19 % 3,4

% 2,0

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak