Osasun Sailaren 'Elkar Eginez' lehen edizioko aitorpena jaso dute San Juan de Dios ospitaleak eta UDAk

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko eka. 17a, 21:45

'Elkar Eginez' ekitaldiko sarituak.

Osasun Sailak Arrasateko San Juan de Dios ospitalearen eta Aretxabaleta Kirol Elkartearen arteko lankidetza saritu du. Ibilbide profesionalaren eta adikzioaren arloko jardunbide egokien adibide gisa aitortu dute elkarlana.

Osasun Sailak gaur banatu ditu adikzioen arloko jardunbide egokienen eta ibilbide profesionalaren inguruko Elkar Eginez lehen edizioko aintzatespenak. Bada, Arrasateko San Juan de Dios ospitalearen jarduera eta Aretxabaleta Kirol Elkartearen UD@A proiektua aintzatetsi dira. Apirilean jakinarazi zuen Osasun Sailak ze elkarte edo proiektu izan ziren sarituak, eta gaur sariak banatu dituzte.

Sariketaren helburua

Elkar Eginez sariketaren helburua adikzioen eremuan jarduten dutenen ibilbide profesionala aitortzea da; baina, baita, eredu positiboak "ikusgarri" egitea ere. Gotzone Sagardui sailburuak banatu ditu sariak.

Sariketak bi kategoria

Bi kategoriatan banatu dira sariak. Lehenengo kategorian ibilbidearen aintzatespena saritu dute: epaimahaiak aho batez eman dio aintzatespena 2020-2024ko Euskadiko adikzioen eremuko ibilbide profesionalaren aintzatespena Etorkintza fundazioari, osasunaren, adikzioen eta gizarte-kalteberatasunaren eremuetan prebentzioaren, asistentziaren eta gizarte-inklusioaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eginiko etengabeko lan erreferentzialagatik.

Bigarren kategorian, adikzioen arloko Euskadiko jardunbide egokienaren aintzatespena saritu dute: epaimahaiak UD@A proiektua saritu du, mendekotasuna sortzen duten substantzien kontsumoen aurkako prebentzio-ekintzagatik eta Aretxabaleta Kirol Elkartean kirola egiten hasten direnak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzagatik.

Egindako lanaren eskertza

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak saritutako erakundeek egindako lana eskertu du, "gizarte osoaren izenean". Horrez gain, "mendekotasunak pairatzen dituzten pertsonen zerbitzura hainbat esparru eta forotan eta prebentzio lanean emandako urteak" nabarmendu ditu, eta "aurrera egiteko eta etengabeko aldaketetara eta errealitate berrietara egokitzeko gaitasun handia" dutela nabarmendu du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak