San Juan de Dios ospitalearen eta UDAren lankidetza saritu du Osasun Sailak

Uxue Igarza 2021ko api. 10a, 15:39

Euskal erakundeek adikzioen prebentzioan eta adikzioak jasaten dituzten pertsonen arretan egiten duten lana jarri saritu Osasun sailak, eta Elkar Eginez izeneko aintzatespenak banatu ditu. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalen inguruko proiektuak aintzatetsi ditu; tartean, Arrasateko San Juan de Dios ospitalearen eta Aretxabaleta Kirol Elkartearen UD@A proiektua. Hain zuzen ere, mendekotasuna sortzen duten substantzien kontsumoaren aurkako "prebentzio-ekintzagatik" eta Aretxabaleta Kirol Elkartean kirola egiten hasten direnak "sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzagatik" saritu du epaimahaiak UD@A.

Osasun Sailak adierazi duenez, sariketaren helburua adikzioen eremuan jarduten dutenen ibilbide profesionala "aintzatestea" da, baina baita eredu positiboak "ikusgarri" egitea ere: "Arlo honen prebentziorako, asistentziarako, gizarte-inklusiorako, prestakuntzarako eta ikerketarako garatu diren jardunbide egokien balioa nabarmentzea ere nahi dugu".

Hala, Osasun Sailak bailarako egitasmoa saritzeaz gain, Jeiki, Gizakia, Agipad eta Etorkintza fundazioak eta Erdu proiektua nabarmendu ditu. Eta bestetik, Galdakaoko ESI-ko psikiatria zerbitzuaren unitate duala ere saritu du, jardunbide egokiagatik.

UD@A, nerabeei begira

Arrasateko San Juan de Dios ospitaleak eta Aretxabaleta Kirol Elkarteak bat egiten zuten UD@a  proiektua martxan jartzeko. Programa nerabeei bideratutakoa da, eta menpekotasuna sortzen duten substantziak kontsumitzearen inguruko prebentzioa egitean oinarritzen da.  Horretarako, kirol balioekiko "konpromiso soziala" errotu nahi izan dute eta baita nerabeak "bizitza osasuntsuan" heztea ere. "Kirola egiten hasten direnak, kasu honetan Aretxabaleta Kirol Elkartean, abusu-substantziek edozein kirol-jarduerarekin duten bateraezintasunaz sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da asmoa", azaltzen dute sustatzaileek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak