- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.
Gaur argitaratu du Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoa, eta bailarako zenbateko metatuetan doikuntzak egin ditu. Zehazki, Arrasaten (+1), Eskoriatzan (+1) eta Oñatin (-1) zenbatutako kasuetan izan dira gorabeherak.
Intzidentziei erreparatuta, mapak kolore berdeagoa du gaurkoan. Eskoriatza eta Elgeta batu dira 60tik beherako intzidentzia duten udalerrietara; gainera, Elgetak 0,00ko tasa du –azken hamalau egunetan ez baitu kasurik erregistratu–. Bestetik, bailarako "herri horien" artean, Bergara da berdetik gertuen dagoena, 73,16eko tasarekin.
Datu guztiak daude eguneratuta mapan:
> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.
Heriotza bat, bailaran
Azken astean, ekainaren 7tik ekainaren 13ra, lagun bat zendu da Debagoienean koronabirusaren eraginez. Oñatin erregistratu da heriotza, eta hala, hamasei dira gaur arte zendu diren oñatiarrak. Bailaran, berriz, 170 heriotza erregistratu dira iazko martxotik hona. Goiko mapan daude herri guztietako datuak.
Bestetik, EAEn, bederatzi izan dira gaitzaren eraginez hildakoak –aurreko astean baino bost gutxiago–. Hala, guztira, 5.578 pertsona dira pandemia hasi zenetik Hego Euskal Herrian zendu direnak (4.388 EAEn eta 1.190 Nafarroan).
208 kasu Hego Euskal Herrian
Guztira, 9.133 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta % 2k eman zuen emaitza positiboa EAEn eta % 3,3k Nafarroan; 208 kasu baieztatu ziren, hain zuzen ere. Zehatzago esanda, 89 izan ziren Bizkaian hautemandako kasuak, 62 Nafarroakoak, 35 Gipuzkoakoak, 520 Arabakoak eta bi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Bestetik, EAEko oinarrizko birsorkuntza datuak (R0) behera egin du: 0,82koa da.
Eta EAEko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egiten jarraitzen du (ia bederatzi puntu jaitsi da), eta 137,79ko zenbatekoa erregistratu da. Horren harira, Jaurlaritzak esan du bilakaera horrela mantentzen bada soilik arinduko direla neurriak.
EAEko ospitaleetan ere ZIUetako presioa arintzen ari da egunetik egunera: 54 lagun daude –herenegun baino bost gutxiago–. Eta plantako okupazioak behera egin du: hamabi lagun gutxiago daude. Guztira, 138 lagun daude EAEko erietxeetan, eta atzo ingresatutakoak 23 izan ziren. Nafarroan, 31 daude ingresatuta eta horietatik bederatzi dira ZIUn daudenak.