Lau kasu atzeman dira bailaran, eta EAEko intzidentzia 150etik jaitsi da

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 15a, 12:59

Bi positibo baieztatu dituzte Arrasaten eta bana Bergaran eta Oñatin. Bestetik, Euskal Autonomia Ekidegoko intzidentzia-tasa 146,52an kokatu da, eta hortaz, neurriak malgutzeko aukera aztertu beharko du LABIk datorren astelehenean egitekoa den bileran.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude webguneko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasei dagokienez, ez da aldaketa nabarmenik izan azken orduetan; beheranzko joerari eutsi dio bailarak beste egun batez. Antzuolaren kasuan, azken hamalau egunetan positiborik erregistratu ez denez, hutsera jaitsi da tasa metatua.

Herri guztietako datuak daude hurrengo mapan:

> Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

Intzidentzia-tasa, 150etik behera

Bederatzi puntu egin ditu behera EAEko intzidentziak azken orduetan (zehazki, 9,18). Gauzak horrela, 146,52koa da momentu honetan duen tasa. Horrek agertoki berri batera eramaten du erkidegoa, izan ere, LABIren azken agerraldiaren ostean (maiatzakren 31n), Urkulluk adierazi zuen intzidentzia-tasa 150etik behera kokatutakoan –eta ZIUetako okupazioa % 20tik beherakoa bada–, neurriak arindu ahalko direla.

Lehendakariak esandakoari jarraituz, datorren astelehenean, hilak 21, batuko da berriz LABI, eta honako neurriak izango dituzte mahai gainean: jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 00:00etatik 01:00etara luzatzea; merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea; ekitaldietan, gehienezko edukiera 600ekoa izatea barnealdean eta 800ekoa kanpoan; ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea; txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegi-, edukiera- eta distantzia-mugekin; barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez hamar pertsonako taldeetan; kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea: % 60ko edukierarekin, eta gehienez ere 800 pertsonako edukierarekin barnealdean eta 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan; bisita gidatuen, natura-turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea; eta edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldeetan.

Hego Euskal Herriko positiboei dagokienez, 9.659 probatatik % 1,8k eman du emaitza positiboa EAEn eta %1,9k Nafarroan; hots, 174herritarrek. 83 izan dira Bizkaian erregistratutako kasuak, 35 Gipuzkoakoak, 32 Nafarroakoak, 20 Arabakoak eta lau bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak. Bestalde oinarrizko birsorkuntza datua 0,85ean mantendu da.

EAEko ospitaleetan, berriz, bi lagun gutxiago daude ingresatuta (bat gutxiago plantan eta bat gutxiago ZIUn). Hala, guztira 105 pertsona daude ospitaleratuta (96 plantan eta 59 ZIUn), eta atzo 3o lagun ingresatu zituzten. Nafarroan, 35 lagun daude ingresatuta eta horietatik bederatzi dira Zainketa Intentsiboetako Unitatean daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak