Udalei informatika zerbitzua emateko hitzarmena berritu dute Eudelek eta Aldundiak

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021ko eka. 7a, 12:09

Gipuzkoako udalei eta gainerako entitate lokalei informatika zerbitzua ematen jarraitzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Eudelek, eta goizean Arrasaten egindako agerraldian eman dute horren berri. Erakundeen arteko elkarlana eta lurralde oreka izan dira agerraldian gehien aipatu diren gauzetakoak; Gipuzkoako erakunde denek punta-puntako IKT zerbitzua izaten jarraitzea da emaitza, azaldu dutenez. 

Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak adierazi du erakundeen arteko elkarlana "ezinbestekoa" dela gai hauetan, eta gaur aurkeztutako hitzarmena "oso garrantzitsua" dela administrazio txikientzako eta tokiko administrazioentzako.

Gobernantzako foru diputatu Eider Mendozak, berriz, esan du Aldundiak bilatzen duena dela "punta-puntakoak izatea" administrazio digitalean: "Eta hala gara: Ernst & Young aholkularitza enpresa britainiarrak egin zuen azterketa baten arabera, administrazio digitalaren ezarpenean %96,5era iristen gara; estatu mailan hainbat eta hainbat probintziak baino garapen teknologiko handiagoa dute gure lurraldeko hainbat herri txikik".

Lurralde orekak dakar erakunde denek azpiegitura bera erabiltzea, eta horretan jarri du azpimarra Eudeleko elkarteburu Gorka Urtaranek: "Horrela, elkarreragingarritasuna ere bermatzen da, eta datuak konparatzeko aukera ere ematen du, eta, horrela, gauzak hobeto egiten dira. Udalerrietako hainbat gaitan, udaltzaingoetan, ogasunean, ingurumenean, mugikortasunean, gizarte politiketan... oso inportantea da plataforma digital on bat edukitzea, eta plataforma hori konparagarria baldin bada, askoz hobe".

Urtaranen esanetan, eraldaketa digitala erakundeak eraginkorragoak ezezik gardenagoak izateko modua ere bada. Herritarrekin harremana izateko moduak aldatzen ari dira, izapideak telematikoki egitea gero eta ohikoagoa da; honela, adibidez, azaldu dutenez, gaur berritutako akordioak aukera ematen du urtero Aldundiko Gizarte Politiken departamenduari zuzendutako 40.000 informazio eskaera baino gehiago tramitatzeko, eta eskaera horiek udalen bidez egiten dira. MUGI sistemaren kudeaketarako, berriz, 100.000 kontsulta baino gehiago egiten dira udal erroldetan, erabiltzaileei deskontuak aplikatzeko.

Gaur berritutako akordioa 2002an egin zen lehen aldiz. Oraingo aldaketa nagusietakoa da udalek egin beharreko ekarpen ekonomikoa herrien biztanle kopuruaren araberakoa izango dela, eta ez aplikazioen erabileraren araberakoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak